Bilbo - 2009an marraztutako bidearen azken txanpara ailega-tzen ari da Erlea. Izan ere, Euskaltzaindiak argitaratu eta Bernardo Atxagak zuzentzen duen aldizkariaren zortzigarren zenbakia aurkeztu zen atzo Bilbon, Akademiaren egoitzan. Atxagak ekitaldian azaldu zuenez, hamar zenbaki kaleratzea da asmoa, datorren urtean beteko den helburua. Horiek guztiak, “1300 orri baino gehiago”, liburu batean biltzea nahiko lukeela aitortu zuen: “XXI.mende hasierako euskal kulturaren urrezko lagin bat izango da eta etorkizunean irakurriko dutenak harro sentituko dira egindako lanaz”.
Zortzigarren honetan, II. Mundu Gerrak Euskal Herrian utzitako arrastoa izan dute aztergai, Iparraldeko egileen hainbat eduki bilduz. Batzuetan ez gara gogoratzen Hegoaldeko historia ez dela Iparraldekoa izan, Iparraldean naziek beste arrasto bat utzi zuten”, nabarmendu zuen zuzendariak.
Horrez gain, Atxagak sinatzen duen Objektuak atala Comète Sarean laguntzaile aritu zen Florentino Goikoetxea mugalari hernaniarrari eskaini diote, Joxan Goikoetxea soinujoleak gidari lanak egiten dituelarik. Erleei, Leopoldo María Panero poetari eta Gabriel Arestiri buruzko testuak ere aurki daitezke zenbaki berrian; Arantxa Iturbe, Julian Zabalbeascoa, Uxue Apaolaza, Irati Elorrieta eta Amaia Oleagak idatzitako ipuinekin batera.
Aldizkariko koordinatzaileak Zabalbeascoa egile iparamerikarraren lana azpimarratu nahi izan zuen aurkezpenean, 2014ko deialdian Glimmer Train Very Short Fiction lehiaketan nagusitu zena. Normalean Glimmer aldizkariak lehen argitalpenaren eskubideak erosten baditu ere, Erleak euskarazko bertsioa ingelesezkoa baino lehenenago plazaratuko duela jakinarazi dute, egileak berak egindako eskaerari erantzunez. “Bostoneko euskal seme hau aurkitzea sekulako aurkikuntza izan da guretzat”, poztu zen Atxaga.
Erlea 8 kalera atera berria bada ere, bederatzigarren zenbakia martxan jartzeko lanean ari da lantaldea. Frontoiak eta astronautak elkarlotuko dira azaroan argia ikusiko duen argitalpenean.
Egileak: Iñigo Astiz, Arantxa Iturbe, Miel A. Elustondo, Joxemari Iturralde, Josu Chueca, Kepa Altonaga, Eneko Bidegain, Jabier Kaltzakorta, Janbattitt Dirassar, Julian Zabalbeaskoa, Kepa Altonaga, Estibalitz Ezkerra, Aritz Galarraga, Jacinto Iturbe, Lourdes Otaegi, Grégoire Joannateguy, Jon Kortazar, Uxue Apaolaza, Iñaki Irazu, Jose Luis Padron, Joseba Luzuriaga, Irati Elorrieta, Amaia Oleaga, Xabier Kintana eta Bernardo Atxaga.