iruñea - Dejabu Panpin Laborategiak Arrastoak antzezlana aurkeztuko du gaur, arratsaldeko 19.30ean, Iturramako civivoxean, Iruñeko Udalak antolatzen duen euskarazko antzerki zikloaren baitan. Talde errenteriarrak ekoiztutako lanak antzerkiko Donostia Saria irabazi du berriki eta belaunaldien arteko lotura ikusezinak, denborak aska-tzen ez dituen korapiloak izango ditu hizpide. Sarrerak sei eurotan erosi daitezke civivoxean bertan edota udalaren webgunean (www.pamplona.es).

Civivox Iturramako eszenatokira Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo, Miren Alkala eta Iñigo Aranbarri aktoreak igoko dira.

Arrastoak-eko protagonistak ez daki bere ama nor den eta ez du sekula beraren inguruan galdetu, txikia zenean bakarrik utzi zuenetik. Haurra zenetik, aita zaintzea izan du helburu nagusi pertsonaia honek. Bat batean, alta, ama hilda agertzen da eta orduan hasiko da iraganaren inguruan galderak egiten, urteen joan-etorrian ezkutuan mantendutako sentimendu eta beldurrei aurre egiten, egileek azpimarratu bezala, “misterio eta ezustekoz betetako bidaia batean”. Tragediaz eta komediaz elikatzen den an-tzezlana da hau, non errealitatea eta fantasiak oholtza gainean uztartzen diren. Pertsonaien diseinua eta objektuen erabilera poetikoa ere nabarmentzekoak dira Dejabu Panpin Laborategiaren lan honetan.

Donostia Saria Aipatu bezala, Arrastoak-ek antzerkiaren Donostia Saria irabazi du berriki. Donostiako Udaleko Euskera Zerbitzuak eta Donostia Kulturak eskaintzen duten sari honetako epaimahai-kideek azpimarratu zuten bezala, “kolektibo hau osatzen duten pertsonek denboraz gaindiko gaiei aurre egin diete lan honetan, nongoak garen edo nondik gatozen bezalako galderei erantzuna ematen saiatuz”.

Bestalde, “sormen eta edukiz betetako antzezlan bat” dela ere adierazi zuten, “non eszena guztiak ezin hobe lotu diren lanaren argumentu konplexuak adierazteko, eszenako elementu desberdinak era poetikoan erabiliz: argia, soinua, musika, itzalen jolasa, panpinak edota euren mugimendu eta gorputzekin egindako adierazpen artistikoak”.

Dejabu Errenterian sortu zen 2001 urtean. Oier Guillán eta Dejabuk elkarlanean sortutako lan hau joan zen azaroan aurkeztu zen lehenengoz eta, urte hasieratik, hogeita hamar herritan baino gehiagotan eskaini da.

Antzerki-hitzaren azken emanaldia Arrastoak lanarekin, Iruñeko Udalak antolatzen duen An-tzerki-Hitza euskarazko antzerki zikloari amaiera emango zaio. Zikloaren baitan beste antzezlan bat aurkeztu zen urtarrilean, Vaiven an-tzerki taldearen Happy End lana.

Gaur, 19.30ean, Iturramako civivoxean.

Egilea. Oier Guillán.

Zuzendaritza. Dejabu Panpin Laborategia.

Antzezleak. Urko Redondo, Ainara Gurrutxaga, Miren Alkala eta Iñigo Aranbarri.

Musika. Ander Fernandez.

Banaketa. Artedrama