tolosa - Aurten ere Udaberri dan-tza taldeak ez du hutsik egingo eta Dantzari Txiki Eguna eta erromeria egingo ditu larunbat honetan. Egun osoan zehar, beraz, euskal dantza eta doinuak nagusituko dira Tolosan.
Bederatzigarren urtez egingo dute dantzari txikien topaketa. Denera 400 pertsona bilduko dira, dantzari txiki, begirale, argazkilari, koordinatzaile, sukaldari nahiz guraso ba-tzordeko kideak barne. Parte har-tzaileen artean, Lapurditik Hendaiako Akelarre; Arabatik, Amurrioko Aiara dantza taldea, Nafarroatik Lesakako Tantirumairu eta Atarrabiako Idoskia dantza taldeak, Bizkaitik Getxoko Itxartu dantza taldea eta, azkenik, Gipuzkoatik, Errenteriako Ereintza, Oiartzungo Haurtzaro eta Tolosako Udaberri izango dira.
Egitarauari dagokionez, 11.30etan hasita Tolosako kaleetan barrena ibiliko dira, Alde Zaharrean batzuk, eta San Frantzisko inguruan besteak. Tolosako elkarteetan bazkaldu ondoren, arratsaldean, emanaldi nagusia izango da Plaza Berrian, eta talde bakoitzak bere herri edo probintziako dantzak eskainiko dituzte.
Erromeria, iluntzean Dantzari txikien saioa amaituta, helduentzako euskal festa hasiko da: erromeria. Azken urteotako ohiturari jarraituz, musika-poteoa egingo dute, 20.00etan Zumeta tabernatik hasita. Jarraian, Zerkausian bilduko dira, 21.00etan, afaltzeko. Afaldu ostean, erromeria izango da Zesuma taldearekin eta atsedenaldian, berriz, Larrain?dantza herrikoian parte hartzeko aukera izango da.
“Euskal giroa atsegin duten herritar guztiak gonbidatu nahi genituzke ekitaldi honetara, batetik, euskal kultura bizirik mantentzeko eta, bestetik, gau benetan atsegin eta alaia igaroko dugulako”, azaldu dute Udaberriko kideek. Derrigorrezkoa ez bada ere, jantzi tradizionalekin atonduta joatera gonbidatu dituzte parte hartzaileak. Afari txartelak salgai dira, hamabost euroan, Ikatza, Xirimiri eta Orbela tabernetan. - M.S.S.