BILBO. Sekzio hori izango da programazioa osatuko duenetako bat, Golem-Alhóndiga zine-aretoen doako sarbideko aretoan. Sekzioak, arrazoi bat edo beste dela eta, Sekzio Ofizialerako aukeratu ez diren baina ikus-entzuleen aurrean eskaintzea merezi duten filmak jasotzen ditu. Horrela, programaren barruan, duela denbora gutxi egindako beste bost lan ere jasotzen dira: The Afterglow, La Cosecha, Crumbs, Queridos Monstruos eta La Parte Ausente.
Joan den otsailean Santa Barbara SBIFF (Los Angeles) Jaialdian estreinatu ondoren, La noche del ratón Bilbon ikusi ahal izango da Estatuan lehen aldiz, FANT 21en barruan, MAIATZAREN 21ean (gaueko 22:00etan), talde osoaren presentziarekin. David R. L.-k zuzendu eta Asier Vázquezek ekoiztu duen filmaren protagonistak Unai García eta Miriam Cabeza antzezleak dira. Azken hori oso ezaguna da ETB-ko “Vaya Semanita” telesaioan egin duen lanarengatik edo, azken aldian “Gym Tony” saioan (Cuatro) egiten duenarengatik.
Film luzea 6.000 euroko aurrekontuarekin egin zen, eta Irun, Hondarribi eta Donostia artean errodatu zen 25 gauez. Errodatze lana 2012an egin zen arren, postprodukzioa urtebete eta erdi baino gehiago luzatu zen. Filmak harrera ona izan du Estatu Batuetan. Laneko bilera batera doazenean, bide erdian erabat ezustekoa den egoerak harrapatzen dituen bi lankideren gorabeherak kontatzen ditu, beldurrez inguratutako giroan. Bilbotik igaro aurretik, La noche del ratón lana Nanteseko zinemaldian, Moskuko Detective Fest izenekoan eta Liejako Polizia Zinemaldian egongo da.
PANORAMA FANTASTIKOA
Lehiaketatik kanpo dagoen ziklo horren barruan beste bost titulu ere eskainiko dira, lau estatuan ekoiztutakoak, eta bestea Argentinan. Yolanda Torres eta Joan Álvarez katalanen The Afterglow (2014) ingelesez errodatutako filma da, eta hainbat zinemalditatik igaro da jadaa, Sitgesekotik, adibidez; Roberto Santiago zuzendari ospetsuak errodatu duen La Cosecha (2014) lanari dagokionez, MAIATZAREN 11n eskainiko dela esan behar da. Zuzendaria emanaldian egongo da.
“Panorama Fantastikoa” sekzioan Miguel Llansóren zine esperimentaleko Crumbs (2015) filma ere jasoko da. Apokalipsiaren ondorengo film hori, zuzendariaren ohiko bizilekua den Etiopiako paisaia malkartsuetan errodatu da. Llansóren lehenengo film luzea da, Mundu osoko nazioarteko zinemaldi nagusietatik “Chigger Ale” (2013) ?hori ere Etiopian errodatua? bezalako film laburrekin igaro ondoren.
Programa osatzeko, La parte ausente (2014) eta Prada anaien azken lana den Queridos monstruos (2014) ikusi ahal izango ditugu. Azken lan hori, zine espainiarrak eman dituen zenbait munstro, Jess Franco bezalako figurak, adibidez, gogorarazten dituen dokumentala da. Emanaldi guztiak gaueko 22:00etan izango dira, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.