DONOSTIA - Duela hiru urte esan zioten Joan Mari Irigoieni esklerosia zuela. Hasieran, “ezin hobeto” hartu zuen “berri gaiztoa” eta “ohiko bizimoduari” heldu zion. Egun batean, baina, lo egiteko zailtasuna nagusitu zitzaion. Ohartu zenerako, “zulo azkengabe batean” aurkitu zuen bere burua, “satorren munduan eta infernurik gorrienean, gaixo, inoiz ez bezala gaixo”.

Irigoienen azken poemetako pasarteak dira, Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014) liburukoak. Egileari babesa eman zioten atzoko aurkezpenean Anjel Lertxundi idazleak eta Xabier Mendiguren Elizegi Elkar argitaletxeko editoreak. Izan ere, biek hartu zuten hitza, gaixotasunaren eraginez mintza-tzeko zailtasunak baitu altzatarrak.

Nabarmendu zutenez, poesia liburua da, baina kronika eta narrazioa ere erabili ditu Irigoienek azken garaiotako sufrimendua eta depresioaren berri “askatasunez” emateko. “Aitortza bat da bere poesia”, nabarmendu zuen Lertxundik. Besteak beste, azken bi urteotako bidea, hainbat tentaldi -“batzuk oso gogorrak”- eta amildegitik sortutako pentsamenduak aitortu ditu.

Aitortza omen da genero zailena, Maria Zambranok zioenez, idazlea biluzik agertzen duelako bere burua eta irakurleak lizunkeria eta diskrezio falta leporatu diezaiokeelako egileari. Horregatik, gaineratu zuen Lertxundik, euskal literaturan ez dago aitortza asko, Jon Etxaide eta Bitoriano Gandiagaren adibideak salbu.

Hiru zatitan banatuta dago liburua. Lehenengo gau-kolpea izenekoan, bere gaixotasunaren berri ematen die senide eta lagunei umore ukitu batekin; Bigarren gau-kolpea-n, berriz, depresioan zehar bizitako une latzei buruz idatzi du; eta Bizitzak aurrera darrai amaierakoan “zulotik” atera eta atea zabaltzen dio itxaropenari. Lertxundiren aburuz, “bidai iniziatikoa” egin du, “Zergatik niri?” galderarekin hasi eta “Zergatik ez niri?” galderarekin bukatzen den bidaia.

Mendigurenen iritziz, “ohiko kezka espirituala” ere erakutsi du Irigoienek liburuan. Oraingoan ere, Imanol Irigoien anaiak egin du azaleko irudia, Argirantz izeneko margolana.