bilbo - Martxoan eratu zen Kultura Auzolanean, eragile publiko eta pribatuak batzen dituen biltzarra. Euskal kulturaren beharrizanak eta ekintza konkretuak adosteko jaio zen. Zein momentutan dago orain?
-Lehenengoko fasea, hausnarketarena, analisiarena, amaituko da hauteskundeak baino lehen, eta 2015erako egitasmo konkretu batzuk aurkeztuko ditugu. Tartean, Musika Bulegoa edo sormen lantegiak. An-tzerkiarentzat zeuden diru lagun-tzak ere bateratzen ari gara... Gai egingarrienak aukeratu eta horretan jarri ditugu indarrak. Ondarearen legea ere aldatu nahi dugu. Bitartean, Hezkuntzarekin batera lehiaketa bat antolatu dugu, 15-16 urteko gazteen parte hartzea bultzatuz. Ondareari buruzko bideo bat egin behar dute, eta beste bat beraien lanari buruz. Zergatik egiten dugu hau? Jende gazteak ikus dezan ondarea ez dela zaharkin bat, erakundeei dagokien gauza antigoaleko bat. Ez, ikus dezatela ondarea izan daitekeela etxean daukazun zerbait, inguru hurbilean daukazuna. Kezka hori zabaldu nahi dugulako gizartean: eskuragarri jarri kultura eta, bestetik, parte hartzea bultzatu. Kultura da guztiok batzen gaituen plaza.
Laura Mintegi ezkor agertu zen Azokan. Berak zioen Kultura hutsaren hurrengoa dela politikarientzat?
-Batzuetantzat izango da, beste ba-tzuentzat ez. Edonola ere, gizartearen isla dira politikoak, eta gizartean ere ez dut Kultura prestigiatuta ikusten. Baina esango dizut gauza bat: ni lehendakariarekin egon naizen bakoitzean, oso informatuta kusi dut, kulturaz asko daki, eta kezka-tzen da.
Beste kontu bi ere esan zituen Mintegik. Bata, proiektu asko burokraziaren amaraunean ito-tzen direla, eta, bestea, politika kulturalean edozein gai dela ai-tzakia bestelako estrategiak bultzatu edo kritikatzeko.
-Ni enpresa pribatutik nator eta egia da gobernu-makinaria oso mantsoa dela. Makinaria hori joango da aldatzen, eta egiten ari dira ahalegin batzuk. Baina gizarte honek eskatzen ditu bi gauza kontrakarriak: bat, arazoei bizkor eta malgu erantzuteko gaitasuna, eta bi, garantismo guztia, lapur asko ibili baita diru publikoen zakuak hustutzen. Eta segurtasun neurriak areagotzen diren neurrian, malgutasunean galtzen da. Oreka bat bilatu behar da hor. Eta aitzakiena? Gauza ba-tzuetan gertatzen da, bai. Esaterako, irudipena daukat, batzuetan ondare gaiak erabiltzen direla elkarri harrika egiteko, eta ez dugula asumitzen ondarearen gaia gizarte osoari dagokiola. Dena den, zaila da kultura politikatik banatzea; konponente politikoa dute alor guztiek. Amaitzeko, esango nuke sinbolo bezala asko erabiltzen dugula kultura, baina gero ez dakit hain sustraitua daukagun gure ohituretan eta gure bizitzan.