donostia - Pertsona askok gauak eta gauak irakurtzen igarotzen badituzte ere, liburuak badu gau berezi bat. Izan ere, 2008tik hona Euskal Liburuaren Gaua antolatzen dute euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek, eta aurtengo festa hilaren 18an izango da, Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan, 19.30ean. Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak egin dute lan hitzordu hau aurrera eramateko.

Festa “apal baina oso sentibera” honek, hiru zati izango ditu. Lehenengoan, industria honi buruz hitz egingo dute. “Indarrean dago, eta ilusioz egindako lana denekin partekatu nahi dugu”, adierazi zuen atzo Jexusmari Mujika Euskal Editoreen Elkarteko lehendakariak. Bestalde, festa hau topaleku bat ere bada, euskal liburuaren inguruan dauden pertsonak biltzeko aukeratutako hitzordua. “Kopa bana har-tzen dugun bitartean, aurrera jarraitzeko gogoaz hitz egin dezakegu beste kide batzuekin”, iradoki zuen. Modu honetan, ekintza honi esker, euskal liburuaren agerikotasuna landuko dute berriro ere, eta topaguneari esker, lan egiteko erak eta hobetu beharreko aspektuak agerian geldituko dira.

dabilen elea saria Hala ere, galako une garrantzitsuenetakoa Dabilen Elea Sariaren esku ematea da, liburuen munduan ibilbide oparoa duen pertsona bati emandakoa. Aurten Jon Zabaleta (Hernani, 1950) ilustratzailearentzat izango da saria, 100 liburutik gora apaindu baititu. Horretaz gain, tira grafikoak egin ditu, eta baita marrazki ugari ere. Diseinu grafikoaren arloan, disko askoren azala egiteaz erearduratu da. Bere lana 20 erakusketa baino gehiagotan erakutsi du. Antton Olariagak sortutako saria jasoko du Zabaletak, Xabier Olarraren (2013ko Dabilen Elea Saria) eskutik.

“Oso lan eraginkorra egin du urte askotan zehar, eta denok izan dugu bere lanarekiko lilura”, azpimarratu zuen Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak. Bere iritziz, euskal kulturak arrazoi ugari ditu Zabaletari bere esker ona erakusteko.

Ekitaldira joan nahi dutenek, doanik jaso ditzakete gonbidapenak egun horretan bertan, 17.00etatik aurrera.

Bestalde, Euskal Liburuaren Gaua baino egun bat lehenago, Aieteko kultur etxean ilustratzaileari buruzko erakusketa irekiko da; beraz, bere lana gertutik ikusteko aukera ere izango da. Hala ere, hiriko liburutegi sareak bere ekarpena jasota du, eta hobeto ezagutu nahi duenak, bertara joatea besterik ez du. - M. Esnaola