Parisen frantses kantaria izateko aukerari uko egin eta euskaraz kantatzeko hautua egin zuen, hamalau bat urterekin. Horretarako, Euskal Herrira bueltatu (bera Parisen bizi zen, familiarekin) eta gure herrietako plazak euskarazko rockarekin blaitu zituen, horretan aitzindaria bihurtu zela. Niko Etxarten (Altzürükü, Zuberoa, 1953) sua ez da hor amatatzen, eta 40 urteko ibilbide oparoaz gain, proiektu askotan parte hartzen du. Esaterako, azkenaldian Garikoitz Mendizabal txistulariarekin eta Eskean Kristo taldearekin kolaboratu du, besteak beste. Euskal Telebistako Tumatxak saioa ere bere aspaldiko disko baten tituluarekin bataiatu zuten eta!

Azokara ia urtero egiten duzu ostera, aspalditik. Zer sentitzen duzu zatozen bakoitzean? Gomuta berezirik bai?

-1979an etorri nintzen lehendabizikoz, pentsatzen dut, Niko Etxart bezala grabatutako lehen diskoarekin. Ahal dudala, ez dut zita hau galtzen, eta, gainera, nire emaztea durangarra da, beraz, niretzat Durango ez da leku arrotza.

Akaso arrotza egingo zaizu Ahotsenea, ezta?

-Noski. Hor ez dut inoiz parte hartu, baina zoragarria da musikariak hor ikustea. Plateruenan bai, jo izan dut Azoka garaian.

2005ean atera zenuen zure azken lana. Tarte luzea ezer atera gabe?

-Ari naiz prestatzen lan luze berri bat, datorren urtean kaleratu nahi dudana. Baina ez naiz geldirik egon. Gertatzen dena da denbora ia nahi gabe pasatzen dela, nire erritmoa horrelakoa da, eta ez dut nahi nire burua derrigortu sormenarekin. Beste logika batekin funtzionatu izan dut beti. Eta, gainera, urtero-urtero kolaborazio anitz egin izan dut. Aurten, esaterako, Pirritx-Porrotx eta Mari Mototsekin bi kanta atera ditut, Garikoitz Mendizabal txistulariarekin ere egin dut zerbait, eta Arratiako Eskean Kristo talde gaztearekin ere kolaboratu dut.

Diskoaren titulua ere zure errua da.

-Bai, Azote kaldüz!, hala da, mutil jatorrak dira, talde bikaina.

Sentitzen zara maitatua Euskal Herri osoan?

-Bai, erabat, Iparraldean zein Hegoaldean. Beti izanen da horrela. Bilbotik edo Donostiatik edo Iruñeatik paseatzen naizenean jendeak ezagutzen eta saludatzen nau. Hori ere bada motor bat niretzat, ilusioa bizirik mantentzeko motorra.

Euskarazko rock´n rollaren ai-tzindaria zara. Normala jendeak ezagutzea.

-Bai, orain nire aurpegia ere ezagu-tzen du jendeak, baina garai batean ez zen horrela. Kuriosoa zen, garai batean Espainia guztian entzun zelako nire euskarazko kanta bat, 40 Principales delakoan, baina jendeak ez zion aurpegia jartzen kantariari. Orain desberdina da.

Euskarazko kanta bat 40 Principales-en, ‘Euskal rock´n roll’. Hori gaur egun pentsaezina da. Atzera goaz?

-Euskal eremua ondo dagoela esango nuke, euskal kultura bizi-bizi dago, baina erdal mundua irabaztea da orain gure erronka. Eta batzuetan erdal munduan etsai bezala ere funtzionatzen da euskal kulturarekin, errespetu gutxirekin.

Iparraldean edo Hegoaldean sumatu duzu hori?

-Hegoaldean. Iparraldean, alderan-tziz. Errespetatuak gara eta, neurri batean, ezagunak ere bai. Euskal literaturak ez bezala euskal musikak badu zentzu bat han, oso elementu erraza da zabaltzeko eta politizatuta ez dagoen publikoak ere gustura hartzen du.

Zuk frantses kantaria izateko aukera izan zenuen, baina euskal kantaria izateko hautua egin zenuen azkenik. Hautu naturala?

-Hauste garaiak ziren, eta niretzat hauste edo urratze bat izan zen. Parisen nengoen, baneukan soldata bat eta musikatik bizitzeko aukera, baina Euskal Herria bueltatzea erabaki nuen, rock´n rolla euskaraz egiteko. Batetik, hautu naturala izan zen, guk etxean beti egiten genuelako euskaraz, nahiz eta Parisen bizi, eta, bestetik, neuk erabakitako kontua ere izan zen.

Eta, bitxia bada ere, Euskal Herrian kritika latzak jaso zenituen, apaiz, bertsolari eta tradizioari atxikita zuedenen eskutik, batez ere. Gogorra egin zitzaizun?

-Egin zidan min apur bat, baina hain zen erridikulua? Ez nintzen gehiegi arduratu horretaz. Berbenero eta horrelakoak esaten zizkidaten.

Eta euskara zuretzat “laboratorioa” izan dela ere esan izan duzu. Nolatan?

-Musika natural ateratzen zait, hi-tzak ez hainbeste. Eta hitzak egiteak lagundu dit hitz horiek beste dimentsio batera eramateko, hitzen esanahia ezagutzeko; gustuko dut hitzekin jolastea, beraien musikalitatearekin.

Eta zer dakarzu datorren urtean?

-Hasia naiz grabatzen, eta eten ere bai. Hamar bat kantuko lana aterako dut nire talde Hapa-haparekin. Gehienak euskaraz kantatuko dira, baina bakanen batean nahastuko dugu zuberera, ingelesa, frantsesa eta alemana, eta sinesgarritasuna du horrek, nire taldea ere horrelakoa delako. Nire taldea euskalduna da baina internazionala, eta, gainera, askotan ikusten dugu artistak direla ingelesaren morroiak, eta nire taldean da juxtu alderantziz, nik ingeles mertzenarioak ditut euskaraz kantatzeko, errepikak eginez. Eta gustura egiten dute gainera.