Isilik dago Landako goizean goiz. Minutu batzuk barru hiru karrika nagusiak beteko dituen jendetzak berotuko du, beste behin ere, egunsentiarekin batera hotz esnatu den Durango. Ateak ireki orduko, lehenengo bisitariak. Ibilbide jakina daramate horietako batzuek, norabiderik gabekoa besteek.

Sinadurentzako tartea hasteko o-raindik ordu erdi bat falta denean, hasi dira jada lehenengo irakurleak Dolores Redondoren erakusmahaian pilatzen, liburu erosi berria eskuetan. Bakan batzuek etxetik ere dakarte alea, sinaduraren bila.

Erakusmahaiko arduraduna harri eta zur. “Itxaroten zaudete jada? Lasai, oraintxe etortzekoa da Dolores, puntuala izan ohi da”. Esan eta berehala ageri da idazlea, irribarre zabala soinean, irakurleekin minutuak eta hi-tzak partekatzeko asmo sendoarekin.

Bigarren urtea du Durangon Redondok, eta euskal kulturaren plazak duen lilura bereziak segituan harrapatu zuela aitortzen du: “Duela egun batzuk galdetu zidaten ea zergatik den hain berezia Azoka, beste batzuekin alderatuta; ni Sant Jordin, Madrilen, Sevillan eta beste hainbat lekutan egondakoa naiz nire liburuak aurkezten, baina hau oso bestelakoa da, hemen irakurle eta idazleak hurbil gaude, kontaktu fisikoa dago, elkar besarkatzen gara”, dio pozik. Biho-tzez eskertzen du irakurle bakoitzaren iritzia edo ekarpena, eta haiekin, segundu batzuk badira ere, hizketan aritzen da. Inguruan etengabekoak dira zurrumurruak: “Begira, badakizu nor den? Liburu horiek idatzi dituena, Redondo” edo “trilogia irakurri behar duzu, oso ondo dago”. Rock izarren antzera, urrunetik ateratako argazkiak, selfiak, agurrak...

Bi nerabe dira hurrengoak ilaran, larruzko jaka soinean eta modako orrazkera. “Argazki bat atera nezake zurekin?”, dio horietako batek urduri. Ez da bakarra izango. Edade guztietako bisitariak ditu aurrez aurre Redondok, baina horietako asko gazteak dira. “Hiru liburuak azkarrak dira, lengoaia zuzenekoak eta irakurterrazak; ikastola eta institutuetako irakasle asko pozik etortzen zaizkit ikasleei lehenengo liburua irakur-tzeko agindu zietelako, eta orain ikasleak direlako eurei hurrengoekin jarraitzeko eskatu dietenak”, azaltzen du ageriko poztasunarekin, “oso publiko zorrotza” erakartzea lortu baitu. “Akzioaren esparruan asko eska-tzen dute, bideojokoen kulturatik eta zinemagintzatik asko edan dutelako; zoragarria nire istorioek harrapatu dituztela ikustea”.

EMOZIOZ BETETAKO PILULAK Senarra eta seme-alabak Begoña zirikatzen ibili dira, idazlearen sinadura erosi duen liburu berrian izan dezan. Iruñeakoa izanik, hurbiletik ezagutzen ditu Baztan Harana janzten duten paisaia heze eta lainotsuak. “Asko eta ondo hitz egin didate lehenengo bi liburuei buruz, eta ni ere trilogia irakurtzera animatu naiz”, zioen.

Amaia Salazar poliziarekin batera lehenengo pausoak ematear zeudenak asko ziren Durangon, haren eskutik helduta laster bidearen amaierara helduko direnak bezalaxe, eta guztien istorioak entzun zituen idazle donostiarrak, “emozioz betetako pilula horiek etxera eramatea” oso hunkigarria delako harentzat. “Liburua norentzat den eta zergatik oparitu edo erosiko duten jakitea asko gustatzen zait, era guztietako istorioak konta-tzen dizkidate”.

Jendetzaren artean egonda ere, hurbila da inprobisatutako hizketaldia. Irakurle batek kartzelan dagoen norbaitentzat eskatu dio sinadura, beste batek senide baten ahotsa itzali arteko hilabete garratzetan sostengua aurkitu zuen Redondoren istorioetan, haurdun zegoela irakurri zuen bere lehen liburua hirugarren batek, eta haurdunaldi zailaren ostean Amaiaren semearen izena ipini zion jaioberriari. Azaleratutako istorio eta sentimendu ezezagunak, liburuen artean.