Durango - Anuntxi Aranak (Luiaondo, Araba, 1947) urteak daramatza euskal mitologia aztertzen. Besteak beste, bereak dira Ipar Euskal Herriko legenda eta ipuinak (1985), Orozko haraneko kondaira mitikoak: bilduma eta azterketa (kasu honetan, doktorego-tesia), Mito hurbilak: euskal mitologia jendeen bizitzan (2000) edo Euskal mitologiaz: jentilak eta kristauak (2008) lanak. Ez da emakume ezaguna gurean, baina antropologo honen ikerketek eta ondorioztatutako teoriek hautsak harrotu dituzte sarritan.
Antropologi alorrean egin duzun lan zabal eta interesgarriagatik eman dizute saria. Apurtzailea dela ez esatearren?
-Bai, baina ez naiz pertsona ezaguna, Hegoaldean batere ez.
Agian ez. Baina esango nuke euskal mitologia ezagutzeko interesa badagoela, baita gazte jendearen artean ere.
-Bai, baina zer nolako mitologia? Nik deskribatzen dudan mitologia ez da orain mitologiak hartu duen jite berri hau, new age asko dago, aldaketa asko. Nik industria aurretik pentsatua izan den mitologia aztertu dut. Mitologia tradizionala galdu da, bilduma on batzuk salbu; adibidez, Cerquandek XIX. bukaeran eginikoa. Edo Azkue eta Barandiaranek eginikoak. Barandiaranen garaian mitologia oso modan zegoen, eta gaur egun asko apaldu da interes hori.
Hegoaldean erakusten da, baina beste modu batera: zerikusi gehiago daukala Disneyk ekoiztutako pelikula batekin gure benetako tradizioarekin baino. Erakusgarritasunaren mesedetan, jakina.
-Ondo erabilitako hitzak. Epigonoak, esan genezake. Baina egia da mitologia manipulatua izan dela Historian, edozein interesen alde, izan intelektuala, izan potitikoa. Hemen, esaterako, asko erabili izan da eraikuntza nazionala egiteko. Eta Anbotoko Mariren kasuan, sexuen berdintasuna aldarrikatzeko. Espekulazioak egiten dira eta gero behin eta berriz errepikatu. Anbotoko andereari Mari deitzea ere? Ni ez nago ados. Euskal Herrian zernahi baita Mari: mari-zikin, maritxu, mari-matraka? Durangaldean Mari dei-tzen diote baina tradizioak jasotzen duen arabera, beste leku askotan Andere esaten diote, eta entzuten dute Mari eta uste dute lamia dela.
Zuk ere Anderea jarri diozu.
-Ni fidela natzaio tradizioari. Eta Mari horren inguruan eraiki den berdintasun sistema ere ez dut aurkitu tradizioan. Horregatik, fact checking (gertakarien egiaztatzea) bat egin behar da euskal mitologiaren interpretazioan. Interpretazio bat dogma egin da. Eta Marik eguzkia eta ilargia sortu zituela ere esaten da orain, Ama-lurrarekin lotuz. Nire ustez teoria hori gehiegizkoa da.
Beraz, Azkue eta Barandiaranen idatziak berrikusi behar dira?
-Ez dena, gauza batzuk bakarrik. Barandiaran bera ere mesfidati ager-tzen zen Marirekin, Iparraldean erabiltzen den maidi edo mairu hitzekin lotu baitzuen. Eta mairuak Iparraldean Hegoaldeko jentilekin parekatu daitezke, nahiz eta ez diren arras berdinak. Eta beste bat maindi izan da, baina Iparraldean saindu-maindiak esaten da (saindu-mandu), eta hortik ere pentsatu dute lotu daitekeela Marirekin. Baina ez du zerikusirik. Esan bezala, Barandiaran zorrotza zen, berak testigantzak jasotzen zituen bezala gordetzen zituen, baina etorri dira ondorengoak eta dogma balitz hartu dute hori.
Eliza katolikoak ez zituen gure sinesmenak uztartu?
-Sinkretismoa esaten zaio horri. Biak erlijioak izanik -aurretik, mitologiak erlijioaren lekua bete zuen- eta biak jende berdinaren inguruan egonik, modu naturalean uztartu ziren, eta biek dute elkarren eragina. Nik aztertu dut kristautasunak paganismotik hartzen dituen elementuak, hor dira santu apokrifoak, San Fermin bera? Baina paganismoak ere hartu izan ditu kristautasunaren figurak; adibidez, Ama Birjinarena. Eta deabrua. Erlijio paganoan sartu dira, eta hor ez dira ez oso onak ez oso txarrak, bikoitzak baizik. Orduan, deabrua euskal mitologian, eta Europakoan, gaiztoa da baina ez ditu gauza txar asko egiten eta gauza ederrak ere egiten ditu, tartean eraikinak, elizak. Ez dut esango inofentsiboa denik, baina ez da kristau teologiako izaki beldurgarri hori. Beti esan da kristautasunak deabrutu zituela berez jatorriz edo jitez zin-tzoak ziren gure izaki mitikoak, eta hori ez da horrela. Elizak mitologia asimilatu egin zuen; adoptatu baino lehen, adaptatu egin zuen.
Eta horren guztiaren transmisioa telebistak zapuztu zuen.
-Eta sinestea ere zailagoa da orain. Lehenago sinesten zuten, eta mitologiak bere pisua zuen.
Hezkuntzan erakusten dira gure mitologiaren kontu batzuk. Baina, nola egin beharko litzateke?
-Tradizioari fidelak izanik, gezurrik gabe erakutsi behar da, testu originaletara joz.
Gure mitologiak badu ezaugarriren bat?
-Joxe Mari Carrerek esan du mito bat leku batekoa dela bertako erreferentziak dituelako. Berezitasun hori dauka gureak, ez besterik, baina berezitasun inportantea da.