Etengabeko zaparraden eguna izan zen atzokoa Durangon. Euskaltzaleak, idazleak, musikariak, artistak, despitatutako baten bat, diskoak, liburuak, makina bat ekitaldi... Lau eguneko euskal kultura-zaparrada eskergarri eta freskagarria. Horrekin batera, zaparrada meteorologikoago batek eragindako halabeharrezko aterkien mosaikoa, Landakoren sarrera nagusiaren parean, ateak noiz irekiko zain.
Ate horiek goiz zeharkatu zituen atzo Fermin Muguruzak, eta Azoka esnatzen hasi aurretik ibilia zen jada Goienkale, Artekale eta Barrenkalen zehar. “Egun hauetan jende asko egoten da eta zaila egiten zait erakusmahaiak nahiko nukeen adinako patxadaz begiratzea; horregatik, ireki aurretik bueltatxo azkar bat eman dut”. Jendea agurtzeko beta baino ez duela izan aitortzen du, eta ezin izan duela ia nobedadeetan erreparatu. Baditu, hala ere, pare bat titulu edo hiru buruan, “astia dagoenerako”. “Susa argitaletxearen erakusmahaitik pasatu naiz lehenago, eta beti erosten dut libururen bat bertan”, dio.
Eider Rodriguezen Itsasoa da bide bakarra ere aipatzen du Muguruzak, Sarrionaindiaren lanen inguruko saiakera, Iurretakoaren itsaso sinbolikoan murgiltzeko aukera. “Titulua zoragarria da; badakit Eiderrek oparitu nahi didala, baina, dena den, nik beste ale bat erosiko dut eta norbaiti erregalatu”, azpimarratzen du, barrez. Diskoen artean, Irungo Sacco taldearen biniloa eskuratu nahi du.
LAGUN ARTEAN Bere azken lana gogora ekarriz, kartel beltz erraldoi bat gailentzen da erakusmahaian. Muguruza bera ere, beltzez. Back in black. Solasaldia aurrera doan heinean etengabe agurtzen dute ezagun eta ezezagunek Artekaleko erakusmahaiaren bestaldean, Black is beltza nobela grafikoa sinatzen duen bitartean. Halako batean, gazte batek biniloa atera du poltsatik. Kortaturen El estado de las cosas. “Fermin, sinatuko didazu mesedez?”. “Berrargitaratu egin dugu”, argitzen du abeslariak, eta Landakon ezagutu berri duen neska gazte bat datorkio gogora. “Lehen egon gara hizketan eta Kortatun jotzen zuen kide baten iloba dela kontatu dit; Azokak horrelakoak ere posible egiten ditu, oso egun bereziak dira”. Bereziak eta nekagarriak, atzoko martxa frenetikoa kontuan hartuz.
‘Gogoetaren Plaza’ inauguratzeko elkarrizketa, sinadurak, Tania de Sousaren kontzertua, sinadura gehiago... “Egun zoragarria izaten ari da, eta lagunez inguratuta nago gainera: Bidehuts diskoetxea, Patxuko, Jon Elizalde, Gose, Tania, Niña Coyote eta Chico Tornado edota Esne Beltzakeko zigilua den Bozgora, beste askoren artean”.
Azokan igarotako ordu kontaezinetan bizitako pasadizoren baten inguruan galdetuta, “anekdotarik atseginenetarikoa eguna amaituta lagun artean hartutako kañak” direla aipatzen du. Euskal kulturaren plazak argiak itzaltzen dituenean aspaldi ezagututakoak tabernaren batean elkartu ohi dira, azken hilabeteetan bizitakoak kontatu eta Durangoren magiaz disfrutatzen jarraitzeko.
11.00. ‘Gogoetaren plaza’. Laura Mintegi. (Areto Nagusia).
11.00. ‘Laburbira’. (Irudienea).
11.00. ‘Liburu bat, mundu bat’ literatura tailerra. (Saguganbara).
11.00. ‘Xuxen, hamarkada berrirantz’. (Kabi@).
11.00. ‘Kulunkantauri’ kontakizun tailerra. (Saguganbara).
11.30. ‘Euskara-Okzitaniar hiztegia’. (Kabi@).
12.00. Hasier Oleaga. (Ahotsenea).
12.00. ‘Jadanik hilda’. (Szenatokia).
12.30. ‘Euskal kultura eta okzitaniarra sustatzeko tresna digitalak’. (Kabi@).
12.45. Patxo Telleria. (Ahotsenea).
13.00. ‘Gogoetaren plaza’. Xabier Gantzarain eta Maite Arroitajauregi. (Areto Nagusia).
13.00. ‘Arren ganbara eta emeen sotoa’. (Szenatokia).
13.30. Markel Ormazabal. (Ahotsenea).
13.30. ‘.eus komunitateari eta garatzaileei begira’. (Kabi@).
13.30. ‘Haro modernoak’. (Szenatokia).
13.40. Imanol Epelde. (Ahotsenea).
14.30. ‘La bestia que bebe de las huellas’. (Areto Nagusia).
15.00. Octubre de 1934 en Euskal Herria. (Areto Nagusia).
15.25. ‘Diario de un gudari en el frente de Euskadi’. (Areto Nagusia).
15.45. ‘EHUren liburu berriak’. (Areto Nagusia).
16.00. ‘Izenak izana: Euskal Herriko ipuinak’. (Saguganbara).
16.15. Hasier Larretxea. (Ahotsenea).
16.30. ‘Bittor Kapanaga. Euskera Erro eta gara : lan guztiak I’. (Areto Nagusia).
17.00. ‘Hiltzaileak’ aurkezpena. (Saguganbara).
17.30. ‘Gogoetaren plaza: Euskal kulturgintzaren babes ekonomikoa’. (Areto Nagusia).
17.30. ‘Bide berriak’. (Irudienea).
17.45. Ana Urkiza. (Ahotsenea).
18.00. ‘Herri liburutegi digitalak’. (Kabi@).
18.00. ‘Marikalanbre bizitzaren laborategian’. (Saguganbara).
19.00. ‘Loreak’. (Irudienea).
19.00. ‘Denboraren korapiloak’ (Szenatokia).
19.00. ‘Oroitzapenak’ (Szenatokia).
19.30. ‘Euskal Herriaren Ibilbide Orria’. (Areto Nagusia).
19.40. Ezinean. (Ahotsenea).
23.00. Gatibu. (Plateruena).