Aspaldi ez dela, herrikide batekin topo egin zuen Gregorio Larrañaga Mañukortak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1943). Berari buruz liburu bat idazten ari zirela esan zion lagunari, eta hauxe gehitu zuen: “Hoixe izengok Amurizak oin arte ein daben liburuik onena”. Xabier Amurizak (Etxano, Bizkaia, 1941) ez daki Mañukorta bertsonajea bere libururik onena ote den, baina ziur dago “gehien irakurriko dena” izango dela, “Mañukorta, bertsolari bat baino gehiago delako”, bere hitzetan.

“Bertsolaritzak eman duen “bertsonajerik bertsonajeena”. Horrela definitu zuen Amurizak Mañukorta, atzo Durangoko Azokako Areto Nagusian egin zuten liburuaren aurkezpenean. “Bertsolari karismatiko” honi buruz zerbait egin behar zela eta, Bizkaiko Bertsolari Elkarteak Amurizarengana jo zuen. Honek berehala onartu zuen erronka, “Mañukortarena etekina ateratzeko moduko figura” zela argi eta garbi ikusi baitzuen.

Euskal Herriko bertsolari ezagunenetako bat izateaz gain, “euskal iruditerian leku bat lortu du Mañukortak bere izateko moduagatik”, Amurizaren ustez. “Izan ere, Mañukorta inoiz ikusi duenak ez ditu inoiz ahaztuko bere kantatzeko era eta bere jarrera, eta hori fenomeno bat da”, azpimarratu zuen. Bertsolari ezaguna izateaz gain, “pasadizo askoren protagonista, telebistan sarri agertutakoa eta imitatzaile andana dituen figura” dela nabarmendu zuen Amurizak.

ezohiko bertsolaria Plazako bertsolaria, herrian sustraiturikoa, umoretsua, baserritarraren jakin-tzaz jantzia? “Tradizio luzea duen baina egun hain ohikoa ez den bertsolari mota baten ordezkari” gisa ikusten du egileak Mañukorta. Desberdintasunak desberdintasun, Txirrita eta Lazkao Txiki ere aipatu zituen Amurizak aurkezpenean, baina argi utzi nahi izan zuen “Mañukorta bakarra” dagoela munduan, “bere pentsaera eta arrazoi-tzeko modua bezalakorik ez baita existitzen beste inon”.

Liburua sei ataletan banatu du Amurizak, eta berak Mañukortari egindako elkarrizketek osatzen dute atal nagusia. “Hizketaldi luzeak eduki genituen hontaz eta hartaz: munduaz, politikaz, gerrez, erlijioaz...” Amurizak dioenez, “gaia edozein dela ere, harrigarria da Mañuk bere teoriak nola arrazoitzen dituen. Harena bezalako bururik ez da existitzen munduan” zioen. Gainera, “bere buruarengan konfiantza handiagoa daukan beste inor nekez topatu daitekeela” esan zuen, Mañukortaren atzean “ezohikoa den inteligentzia” dagoela iradokiz.

Bertsolari bati buruzko lana izanik, liburuan ezin zitezkeen falta Mañukortak urte guzti hauetan utzi dituen bertsoak. Hala, bere zuzeneko testigantzez gain, haren hainbat bertso ere bildu ditu Amurizak. “Batez ere, bere bertsoera ondoen isladatzen dutenak aukeratu ditut libururako, bat-batekoak gehienak, bere bertso moldearen erakusgarri”. Beste atal batean, Mañukortak oraindik orain buruz dakizkien bertsoak batu ditu egileak. “Jendea harritzen bada ere, 90 bertso inguru ditu memorian iltzaturik, eta horietatik sei edo zazpi izango dira inorenak, beste guztiak berak inoiz kantatuak dira”.

Mañukortaren izaeraren parte esanguratsuena bere hizkeran zegoela argi zeukan Amurizak, eta hori mantendu du liburuan. Hala, euskararen hiru erregistro desberdin darabiltza egileak orrialdez orrialde: narratiboa batuan, elkarrizketak bizkaiera jasoan eta Mañukortaren berbaz berbakoa haren hizkeran propioan.

Liburuaren azken atalean bertsozaleen ikuspegia jaso du Amurizak. Mañukorta ondo baino hobeto ezagutzen duten herrikideek eta Markinako Amallo eta Larruskain auzoetako bizilagunek ere beren auzokide ezagunenaren inguruan beraien testigantza eman dute. Gainera, eta giro urbanoagoko bertsozaleen adierazgarri, Algortako bertso eskolako lagunen esanak ere jaso ditu Amurizak.

Garai bertsukoak dira biak ala biak, idazlea eta protagonista. Bertsolariak biak, eta plaza asko elkarrekin eginak. Horrela ba, lagun bati eskainitako lana ere badela esan zuen Amurizak. Era berean, barruan lasaitasun handi bat zeukala onartu zuen, umoretsu: “Izan ere, jakin badakit Mañukortak ez duela liburua irakurriko”.