donostia - Atzo eguerdian Bulebarretik pasa zirenek ezusteko handia topatu zuten kioskoan: Gatibu taldeak kontzertutxo bat eskaini zuen Donostian. Atzo plazaratu zuten Euritan dantzan izeneko beren seigarren lana, sei kantaz eta bertso batez osatutako diskoa.

“Aurkezpena Gipuzkoan egin izana donostiarrei eskerrak emateko modu bat ere bada”, azaldu zuen Alex Sardui taldeko abeslariak. Izan ere, diskoaren izena duen singlea aurkeztu zutenean, asko animatu omen ziren EHUko kanpuseko ikasleak. Abeslariaren iritziz, hori oso positiboa izan zen taldearentzat, umore onez jarri baitzituen Gatibuko kideak. Horri esker, diskoaren atzoko aurkezpen ekitaldira energiaz beterik iritsi ziren.“Diskoak ez badu arrakastarik, behintzat lehenengo momentu onekin geldituko gara”, azaldu zuen Alex Sarduik.

Euritan dantzan gustuko duenak edo talde bizkaitarraren beste abestiekin gozatu nahi duenak, hiru formaturen artean dauka aukeratzea, diskoa biniloan, CDan eta USBan argitaratu baitute Panda Artist Managementen laguntzarekin.

zazpi piezako diskoa Hala ere, disko honekin oso gustura agertu zen Gatibuko abeslaria. “Trena bezala, aurrera goaz, zuzen-zuzen”, adierazi zuen. Sarduiren iritziz, musika aldetik eta soinu aldetik aurrerapauso bat eman dute disko honekin. “Melodia eta letra desberdinak ditu, baina sustraiko elementuak mantendu ditugu”, baieztatu zuen. Beraz, aldaketak egon arren, Gatiburen esentzia nagusitu da.

Diskoari gainbegirada bat emanez, oinarrizko rock and rolla eta beste estilo batzuen ukituak nabaritu zituen Sarduik. “Besteetan baino pop gutxiago dago oraingo honetan”, gaineratu zuen. Bestetik, letrei dagokienez, egunerokotasuna da nagusi. “Sentitzen duguna, ikusten duguna eta bizitzen duguna erakusten saiatu gara”, azaldu zuen abeslari gernikarrak, hitzen egileak. Dena den, letra bakoitzak norberaren interpretazioa ere onartzen du, betiere eguneroko bizitzari lotuta.

Abestiak banaka aztertzean, singleak 80. hamarkadako erritmoa daukala nabarmendu zuen Sarduik: “pixka bat urte horietako askatasuna islatzen du”. Egun bat eta Zumarragako trena rock basikoan kokatu zituen. Azken hau sortzerakoan, Zumarragak beti izan duen protagonismoa azpimarratu zuen, baina hala ere, gaia aukeratzeko orduan eztabaidak izan zituztela gogoratu zuen, akordio batera iritsi baino lehen. “Bizkaitarrentzat, gehienbat, beti izan da igarobide bat”, gaineratu zuen.

Bestalde, Zer da? rock blues erritmo erdi geldo bat bezala definitu zuen. Azkeneko biak oso pieza bereziak dira. Hasteko, Benito Lertxundiren hitzak hartu dituzte Loretxoan, eta denentzat ezaguna den doinua erabiliz, bertsio erabat desberdina sortu dute. Azkenik, bertso bat dago, lasaia, eta musika apur batekin apaindua.

gero eta talde sendoagoa Hamabi urte pasatu dira Zoramena izeneko lehen diskoa kaleratu zutenetik. Aurrekoa berriz, Zazpi kantoietan, 2012an argitaratu zuten. Bi urtez behin ateratzen dute lan berria, eta oraingoan ere horrela egin dute. Hala ere, lan egiteko modua zertxobait aldatu da. “Taldekideak hasierako berdinak gara, baina gero eta hobeto jasaten gara -esan zuen barrez-. Hainbeste denboran, akatsak ere bigundu egin dira”, eta estudio barruan eta taula gainean hobeto moldatzen dira.

Zuzenekoei dagokienez, Durangon aurkeztuko dute diskoa igandean, Plateruenan. Ondoren, hilaren 13an, Viana Rock jaialdian arituko dira, eta 19an, Basauriko Social Antzokian. Urtarrilaren 10an, berriz, Iruñeako Zentral Kafe An-tzokian izango dira.