2011n zendu zen Jose Antonio Arana Martija euskaltzain eta hizkuntzalariak esan zuen ez dela “inoiz egon Euskal Herrian -ezta egongo ere- Azkuek beste lan egin eta egingo duenik euskararen eta euskal kulturaren alde”. Egia esan, lekeitiarraren jardunak mila ertz ditu, arlo ugari jorratu baitzuen. Honela, eta 32 urtez euskaltzainburu izateaz gain, idazlea, literaturgilea, kazetaria, musikagilea, hiztegigilea, irakaslea, folklorista, herri literaturaren biltzailea, hizkuntzalaria eta euskaltzale su-tsua izan zen Azkue. Bere helburua euskal kultura bildu eta sustatzea zen, “zegoena hartu eta modernizatzeko”, ekandu zaharrak bizimodu garaikidera moldatu guran.

Bere heriotzetik ia 55 urte pasa diren honetan, beste horrenbeste egingo dute Euskaltzaindiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Jakin Taldearen eskutik. Hau da, bere lan argitaratu guztiak bildu, katalogatu, sistematizatu eta digitalizatuko ditu Jakin-ek 2016 baino lehen, ondoren “guztion eskura utzi ahal izateko”. Egitasmo zabal hau Euskaltzaindiaren eta Aldundiaren arteko hitzarmen bati esker gauzatuko da.

Joan Mari Torrealdai euskaltzain eta Jakin taldeko kideak azaldu zituen atzo proiektuaren nondik norakoak. Lana egiten ari den taldearen izenean egin zuen berba bizkaitar ikertzaileak. Berak, “urrats kualitatibotzat” jo zuen digitalizazioarena, “Azkue oso-osorik hartu eta xehe-xehe aztertu” dutela esanez. “Bere lan asko artxibatuta dago, baina ez osotasunean eta ez modu eguneratuan -gaineratu zuen-. Informazio iturrietara jotzeko ohiturak aldatu egin dira, eta bilaketa egin nahi duenari lana erraztuko dion proiektua da hau, Azkueren lanen bilaketa modu askotara egin ahal izango baita. Guk lan horiek garbitu, zuzendu eta katalogatu egin ditugu”. Jada, lanaren hiru laurdenak eginak dituzte. “Hain da handia Azkueren obra, inork gutxik ezagu-tzen baitu osorik”, esan zuen Torrealdaik. Digitalizazioarekin, “guztia batean emanda, corpus gisa eraturik eta interaktibotasunari esker, bere obrak beste dimentsio bat” hartuko duela aitortu zuen.

Azkuek obra izugarria ondu zuen, “bakar-bakarrik”, eta sekulako eragina izan zuen hurrengoko belaunaldietan. Torrealdairen iritziz, “galtzear zegoen herri ondarea betiko salbatu zuen, eta bazuen azken orduko bilketa zelako kontzientzia”. Kazetari gisa landu zituen 713 artikuluez gain (gehienak berak sortutako Euskaltzalen argitaratuak), 85 liburu ondu zituen (29 liburu zatitan parte hartu), 11 itzulpen eta, horrez gain, 57 pieza musikal inprimatu zituen.

Torrealdaik atzo agertu zuenaren arabera, “Azkueren obra ia guztiak bera bizi zela argitara emanak dira, horietatik 28 XIX. mendean eta gainerako ia guztiak 1936-tik aurrera”. Geroztik ere gauzatu dira berrargitalpenak, bai literaturan bai linguistika kontutan, eta bere lau obra “enblematikoenak” digitalizatuta daude; baina, Torrealdairen iritziz, berriro digitalizatu behar izan dira, “ez baitira iristen bilatzailearekin lan egiteko guk eskatzen eta eskaintzen dugun kalitate estandarrera”.

Azkue. En 2013, Euskaltzaindia y la Diputación firmaron un acuerdo para digitalizar todos sus trabajos publicados. El Grupo Jakin se ha encargado de la tarea, que concluirá en 2015.

En la red. Una vez terminado el proceso de digitalización (están hechas dos terceras partes del trabajo), los resultados se pondrán al alcance de todo el mundo.