donostia - Patxi Zubizarreta bere azken liburua idazten hasi zenean, Elena Odriozolarengan pentsatu zuen ilustrazioak egiteko. Elkarlanean askotan aritu badira ere, urte mordoa zeramaten batera lan egin gabe. Oraingoan, Mikel Zarate Haur Literaturako Saria lortu dute Mundua baloi batean (Elkar) liburuarekin. Gainera, Lezaman ematen den saria egoera ezinhobea da liburuaz mintza-tzeko, futbola baita protagonista, eta “bertan gazte askok fantasia ugari sortzen dituzte” gai horren inguruan, idazle ordiziarraren iritziz.

Sarritan denbora gelditu edo luzatuko lukete pertsona askok egoera jakin baten aurrean, eta horixe da Nikolasi pasa zaiona. Futbol partida batean, atezainaren aurrean dago baloiarekin, eta gola sartzeko, atzeraka ibiltzen hasiko da, oso bidaia luze eta arriskutsua eginez.

“Gol handi bat sartu banu bezala sentitu naiz liburu honekin”, azaldu zuen Zubizarretak azken lanaren aurkezpenean. Gainera, abenturan hiru aingeru sartu dituela kontatu zuen, protagonistak ikusten ez dituen arren. “Nikok baloia bakarrik ikusten du, gero eta urrutiago -azaldu zuen-. Hala ere, hotza ezagutuko du, eta baita deabruak ere”.

liburuaren estiloa Idazkerari dagokionez, pertsonaia bakoitzak bere hizkera propioa edukitzea garrantzitsua iruditzen zaio Zubizarretari. “Horregatik, aingeruek latinkeriak erabiltzen dituzte, baina kontestuan ulerterrazak dira”, adierazi zuen, haurrek arazorik ez dutela izango gehituz.

Odriozolaren lana istorioari irudia jartzea izan da. Nikoren pertsonaia sortzeko, bere ilobarengan pentsatu zuen, izen bera baitauka. “Bere erretratu bat da”, azaldu zuen. Bestalde, oso pentsaera geometrikoa duela aprobetxatuz, puzle moduko bat egin du. “Irudi guztiak segidan jarriz gero, borobil handi bat sortu daiteke”, aurreratu zuen, lehenengo eta azkeneko irudiak berdinak direla onartu zuen arren. - M. Esnaola