BILBO. Bernart Etxepareren "Linguae Vasconum Primitiae", ezagutzen den euskarazko lehen liburua, japonierara itzuli dute, eta ostiralean argitaratu zen, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz. Itzultzaileak Sho Hagio eta Hiromi Yoshida izan dira, biak euskara irakasleak Japoniako unibertsitateetan.
Etxepare Institutuak jakinarazi duenez, Sho Hagio Nagoyako Unibertsitateko irakaslea eta Tokioko Euskal Etxeko sortzaileetako bat da, eta ezaguna da euskal lurraldearekin egin duen harremanagatik. Duela 25 urte baino gehiago hasi zen euskara ikasten eta dagoeneko aditu bilakatu da euskal gaietan.
Bere lehen ikerkuntza ardatza ikastolen mugimendua izan zen; hortik euskal hizkuntzaren berreskuratzearen inguruan hasi zen ikertzen, bai eta hizkuntza eta identitatearen artean dagoen harremanean ere. Gaur egun eskubide linguistikoak dira bere interes gune nagusia.
Hiromi Yoshidak, bestalde, Azpeitiarekin du lotura handiena. Bertako hizkuntzaren inguruko tesia burututa, urtero joaten den udalerri gipuzkoarrera egonaldia burutzera, eta bertako euskalkiaren inguruan ikertzera.