- Izenburuak “antipoetikoa” dirudi dezakeen arren, Kapital publikoa poesia-liburua da. Jose Luis Otamendik (Azpeitia, 1959) Susa argitaletxearekin plazaratu duen azken lan honek, idazleak azken zazpi urteetan idatzitako olerkiak bildu ditu, gaur egungo egoera sozio-politikoak batzuk inspiratuak. Gorka Arrese editorearen iritziz, apaltasuna erakusteko gaitasuna daukala frogatu du bilduma honetan.

“Kapitala da jendeak duena, eta kapital publikoa, denona dena -azaldu zuen atzo idazleak-. Hala ere, kapitala da jendea ezer gabe uzten duena, dena ken liezaiokena”. Poesia liburua hiru gaitan dago banatuta: Bake hotza, Jendea oinez eta Gosaria eta legea. “Azken atal hau da intimoena, bertan agertzen naiz biluzien”, azaldu zuen azpeitiarrak. “Eguneroko hainbat egoeratan ageri naizela uste dut; nire kapitala zer den erakutsi nahi dut, zer den saltzeko daukadan hori”, jarraitu zuen. Gainera, liburua idazterakoan, bere barnera begira jarri dela esan zuen. “Inori ez erakusteko moduko gauzak erakusten ditut”, azaldu zuen. Izan ere, idazlearen ustetan, bere ardura da testigantza poetikoa ematea. “Eta liburu hau da neure zalantza eta itxaropenekin, neure beldur eta kontraesanekin, hori egiteko sortu dudan era”.

Otamendik, bestalde, liburuaren errezitaldi batzuk ere eskainiko ditu. Hilaren 30ean izango da lehena, Azpeitian. Ondoren, Durangoko Azokan izango da abenduaren 6an, urtarrilaren 15ean Larrabetzun errezitatuko ditu bere poesiak eta 22an, berriz, Errenterian. - M. Esnaola