“Txaranga hitza beste mundu batera eraman nahi dugu, beti bilatzen dugu berrikuntza”, adierazi zuen atzo Mikel Zelaiak, Bonberenea txarangako kideak. Izan ere, taldearen laugarren diskoa aurkeztu zuten, Bihar ez da gaur. Zortzi kantuk osatutako lana da, gehienak kideek konposatuak, eta bertan “barnetik ateratzen zaigun guztia musikan islatu dugu”, gaineratu zuen Zelaiak, diskoaren azalean atera-tzen diren radiografiei erreferen-tzia eginez. Bertsioak alde batera utzi dituzte, beraz, lan gogorra izan da txarangarentzat, eta urtebete behar izan dute diskoa aurrera ateratzeko. Gainera, txarangen prototipoa gehiago hautsiko dute beren bi abestirekin, ahotsa baitute: Sorkun Rubio eta Juantxo Arakama abeslarien partaidetza izan dute.

“Diskoaren izena oso esangura-tsua da guretzat”, azaldu zuen Ion Altuna txarangako kideak, taldea duela hamar urte sortu zenetik, eboluzio etengabean daudela adieraziz. Honako hau, lan ausarta da bere iritziz. “Aurreko diskoetan, salto handiak eman ditugu, eta ohiko txaranga izateari utzi diogu -aipatu zuen-. Gainera, Euskal Herri mailan ospea ere lortu dugu, Pirritx eta Porrotx bezalako pertsonaia ezagunekin egindako elkarlanak direla eta”.

Kasu honetan ere, aurrerapauso bat emango dute, eta txarangen munduan dagoen jende tradizionalari taldea beste begi batzuekin ikusten erakutsiko diete. “Kalean jotzen jarraituko dugu, noski, baina proiektu hau kontzertu formatuan ere aurkeztuko dugu”, adierazi zuen Altunak, orain arte ikusi ez den zerbait dela gaineratuz. Txarangaz modu desberdin bateaz gozatzeko aukera abenduaren 19an izango da, Tolosako Bonberenean. - M. Esnaola