bilbo - Martintxoren atzean osten-tzen da Martin Alzueta (Iruñea, 1972), eta aspaldian goitizena gailendu zaio izen propioari: artistak espazio guztia ostu dio pertsonari. 2011n 1512. Nafarroa, amets urratua publikatu zuenetik ez du arnasarik hartu ilustratzaile nafarrak. “Lagunik edo neskarik eduki daiteke honela bizi izanda?, galdetzen didate lagunek. Egia esan, ez da erraza”, dio berak, barreari eutsi ezinik. Honela, egunak luzeak dira Martintxoren erreinuan, goizaldeko ordu bata eta ordu biak arte puzten direla. Orain, proiektu erraldoi bat du esku artean: Joseba Asiron historialariarekin batera egiten ari den Euskal Herriko historia ilustratua. Izendatzeak berak neka-tzen duen egitasmoa, baina laster aurkeztuko dute jendaurrean lehen alea.

Bitxia da, baina ezer gutxi dakigu gure historiaz. Pelikula gutxi, eleberri batzuk (azken urteotan idatziak, gehienak), dokumentalak urri, komikirik apenas... Zulo galanta daukagu hor!

-Hitzaurrean esaten du Joseba Asironek denok dakigula zein zen Colonen itxura, ia-ia zelan janzten zen eta guzti, eta ordea ez dakigu ia ezer garai hartaz, eta, are gutxiago garai hartako Euskal Herriaz. Nafarroako konkistaren estetikari buruz, esaterako. Beraz, hori da liburuki hauen helburu nagusia, gure herriaren ikonografia bat sortzea.

Batzuk kontatu dituzue jada. Amaiurrekoa, esaterako.

-Hori da. Nafarroan edo Euskal Herrian daukagu El Alamo bezalako istorio hunkigarri eta izugarria, eta ezer gutxi jakin izan dugu horretaz oraintsu arte.

Telebistara eramateko modukoa da Nafarroako konkista, e?

-Dudarik gabe. Izugarrizko audientzia izango luke.

Eta ez da gure historiako pasadizo interesgarri bakarra...

-Ez, ez, pilo bat ditugu. Hor badago zulo bat... Ekoizpen aldetik garesti samarra izango litzateke, jakina, baina nik uste mereziko lukeela. Eta ez bakarrik guretzat. Orreagako bataila lasai asko zabal dezakegu munduan zehar, edo karlistadak, edo Nafarroako konkista bera, Gaztela tartean dela... Beste batzuk ondo egiten dute hori, adibidez, estatubatuarrek. Eta nik uste oso exotikoa litzatekeela kanpotarrentzat.

Nabarraldek bultzatuta egin izan dira gauza garrantzitsu batzuk, zuen 2011ko komikia barne.

-Bai, lan isila eta garrantzitsua.

Eta orain, gure historia osoa. Ez da katuaren gauerdiko marrama!

-Izugarria izango da. Nire bizitzako ametsa! Eta Joseba Asironekin, gainera. Joseba oso jakintsua da, eta metodikoa. Asko daki gure historiaz, eta komikiari buruz ere bai. Neolitikotik hasi eta gaur egunera arteko historia errepasatuko dugu. Txalapartarekin plazaratuko dugu.

Lan izugarria.

-Bai, liburu bakoitzak ehun eta piku marrazki ditu. Guztira laurehun marrazkitik gora! Making of bat ere egin dugu. Gainera, Josebarekin lan egitea pribilegio bat da.

Eta nolakoa izan da dokumentazio lana?

-Josebak egin du lan hori, eta nik berak idatzitakoa irakurri dut. Eta pelikula asko ikusi ditut, garaiko jantziak nolakoak ziren jakiteko... Beti ez dira baliagarriak izaten, baina tira. Eta, gero, saiatu izan naiz nire ukitua ematen...

Zure ukitua?

-Bai, subjektibotasun puntu bat, poetikoa ahal bada. Saiatzen naiz irakurlea eszenaren barruan sartzen, ikuspuntu zinematografikoa eskainiz. Hau da, saiatzen naiz sentimendu bat islatzen marrazkien bidez. Hori bera egin genuen, baita, 1512 komikiarekin. Ilunak, gogorrak ziren irudiak. Hori islatu nahi nuen, giro ilun eta gogor hori; Asironek ilunegiak ikusten zituen irudiak. Baina garai haiek ez ziren bigunak izan.

Asironek zer esaten du irudiak ikustean?

-Oso zorrotza da. Errepikatu behar izan dut marrazki piloa. Baskoien eta erromatarren arteko lehen topaketa, esaterako, non baskoia agertzen da bere bi semeekin, erromatarra alboan duela. Gladiatorren agertzen diren erromatarren trazarekin sartu nuen soldadua eta...

Beranduagokoa zen hura, ezta?

-Bai. Errepikatu behar izan nuen. Eta horrelako anekdotak liburuan bertan sartuko ditugu. Esan behar da konkistaren liburukoak baino landuagoak direla marrazkiak oraingoan. Barruan daukadan guztia eman diot proiektuari, gure proiektua baita. Orduko hura, 1512arena, enkargua izan zen.

Ilustratzaile lana ez da gozoa. Lan asko eta etekin gutxi. Badago hortik bizitzerik Euskal Herrian?

-Hostalaritzan urte asko egin dut, eta batzuetan egiten dut erdi eta erdi. Eta horrekin berdintzen dut soldata...

Gora-beheratsua zuen ofizioa...

-Bai, batzuetan lan asko, bestetsuetan ez hainbeste. Boladak egoten dira, baina aspaldian beti daukat enkaguren bat edo beste.

Euskal ilustratzaileen artean badago ezelako korporatibismorik?

-Izaten ditugu gure topaketak, eta gure artean giro polita dagoela esango nuke, baina ni nahiko frankotiradorea naiz. Asko marrazten dut eta ez daukat astirik sozializatzeko. Nafarroa Oinezen elkartzen gara, karikaturak egiteko.

Behin esan zenuen ez zinela Marvel zalea. Bitxia, ezta?

-Superheroien istorioak ez ditut atsegin, nahiago ditut benetako heroiak, hezur-haragizkoak. Esaterako, gure liburuetan agertzen diren Jaso anaiak benetako heroiak dira, ez oso ezagunak, baina anaia ausart eta jatorrak, azkenera arte Nafarroaren alde egin zutenak.

Marvelek ere baditu heroi traketsak, humanotik badutenak...

-Bai, badira, baina nik nahiago ditut gizaki-gizakiak.

Eskuz edo ordenagailuz marrazten duzu?

Erdi eta erdi. Arkatzarekin egiten dut marrazkia, eta kolorea beti ordenagailuarekin. Hasieran olioarekin ibili nintzen, baina ez da batere praktikoa.

Baina horrek ‘kategoria’ ematen du...

-Hori bai (barreak), baina ez da praktikoa ez errentagarria. Guk egiten duguna Nafarroan beti izango da tebeicos.