Astigarraga - Orotariko Hiztegia lagun, Olariagak lau hamarkada luze daramatza errealitatearen ertzak aztertzen (eta astintzen). Jardunaren jardunez, umorearen medizina aplikatuz errealitate gordinari, irudia hi-tzarekin parekatzea lortu du, euskal prentsa eta euskara bera prestigiatuz. “Nire txistegintza komentariogintza da gehiago”, aitortu du sarritan. Gogo-marrazkilaria da usurbildarra. Jarrera honekin, hiztegi berri bat ondu du. Hahor geratzen dira, betirako, alumerke, txortenmotx, begiputo, txortadizoa, alukonpota, Alutriste Kapitaina edo potroximel bezalako burutazio apartak. Hizkun-tzalarientzako bazka amaigabea.

Jubilatuta baina lanean. Ezkor baina baikor. Pozik ala goibel?

-Pozik bizi naiz, neurri batean. Beti nago alde onari begira, eta zortea izan dut lanak ere lagundu didalako. Ederra da egunerokotasunari umorez begiratzea. Nahiz eta fikzioaren barruan bizi, bizi egiten zara, eta horrek errealitatearen ertzei begira egotea eskatzen du, alde triste eta atseginei begira, baina beti umoreak ematen duen erregistroari kasu eginez, guztiari buelta emateko, zirkuko maniobra bailitzan. Horrela manten-tzen ditut neuronak bizirik.

‘Pastelaren’ zati ona egokitu zaigunez.

-Hala da, beraz, ez diot zentzurik ikusten estutasun perpetuo batean bizitzeari. Denbora alferrik galtzea da hori. Zirrikituak bilatu behar dira dena absolutoki txarra ez dela ikusteko. Ihesbide bat behar da, eta umoreak laguntzen du horretan.

Jakingurak ere laguntzen du.

-Biziraupenerako oso inportantea da kuriositatea. Eta gero galbahe batetik pasa behar da dena..., eta gauzei duten garrantzia eman. Biziraupen arau hutsak dira horiek.

Beti zaude inguruari eta hurkoari begira. Humanista bat zara?

-Ez dakit zer den hori. Terminoak eramaten nau oso atzera... eta Erasmus bezalakoak gogorarazten dizkit. Gero eta ezkorragoa naiz munduan egiten dugunarekin. Kontraesan hutsa gara: gauza ederrak egiteko kapazak, eta gero zenbat miseria!

Baina atsegin dituzu pertsonak.

-Gutxi batzuk (irribarrea ostendu du eskuarekin). Hori bai, ez ditut soportatzen ezagutzea eta juzgatzea nahasten dutenak.

Zerk elikatzen du sortzailea?

-Zineak, bertsolaritzak, zientziak, literaturak, autobusean marmarka ari den bikote horrek...

Berbaren eta irudiaren arrastoan.

-Altxor izugarria dugu gure hizkun-tzan, eta ez dugu ezagutzen. Erregistro pilo bat ditu euskarak.

Eta hutsune galantak.

-Bai, eta konplexurik gabe erabili behar genituzke hitz berriak, maileguan hartuz. Edo asmatu, hizkuntza bizia nahi badugu, behintzat.

Behin entzun nizun euskara urbanoa behar dugula.

-Gazteen imajinarioa erdarazkoa delako. Hor ez dugu asmatu. Herriko hizkerara jo behar dugu, bizi-bizi dagoen lekuetan asmatzen dituztenak hartu. Ez izan beldurrik lokalismoei. Ondo aukeratuz gero, ederrak eta baliagarriak dira, karga afektibo handia dutelako. Eta, horren ordez, zein euskara daukagu? Euskara gatzbako bat, burger-euskara, hau da, leku guztietan ketchup, eta nik nahiago dut Zarauzko tomatea. Ni esponja bat naiz zentzu horretan.

Ezkor zaude euskararen auziarekin?

-Badut ezkortasun puntu bat, baina horrek bultzatzen dit euskararen barruko tripak ezagutzera. Zenbat eskertzen ditudan, esaterako, audioak, herrietan grabatutakoak.

Eta ordenagailuz edo eskuz marrazten duzu?

-Nik ez diot uko egingo lehen bezala marrazteari, baina diseinurako ordenagailura joko dut, erraztasun handiak ematen dituelako. Behar dudana ikasten dut; hortik gora ez, berandu heldu naizelako mundu horretara.

Sare sozialek ez zaituzte erakar-tzen?

-Ez gehiegi. Datuen gaindosia daukagu, baina ez baditugu ordena-tzen, ez baditugu ulertzen... Informatuta egotea eta jakitea gero eta urrunago daude.

Etxean egiten duzu lan beti. Bakarrizketa latza?

-Aspertuta nago paretarekin hizketan. Hori dakar ordenagailuak, sare-sozialek eta korreo elektronikoak. Ordenagailuaren alukeria da inor ez duzula bisitatzen, dena korreoz egiten delako. Hori da gure maldizioa, eta batzuetan propio lotzen naiz, behar hori daukadalako, jendearekin egotekoa. Eta gero Azoka ailegatzen da eta... guztiz kontrakoa: jende gaindosia! Hori ere astuna egiten zait.

Lana bakardadean bai, baina askatasunez ere bai, ezta?

Ahal dudan neurrian. Azkenean, denok ditugu aurreiritziak, geure zirkunstantzia propioak -hau da, pertsonak-, etabar.

Eguneroko tira egiterakoan, zer izaten duzu gogoan?

-Ni saiatzen naiz eskala zaintzen. Hau da, ez duzu gauza lar konplikatuegia egin behar...

Bada, inoiz nahikoa hieroglifiko izaten dira Zakilixuten burutazioak.

-Egia da batzuetan bi aldiz irakur-tzeko kontuak ateratzen direla, eta kontuz eduki behar da hor, egunkarietako irakurleek ez baitute ezer bi aldiz irakurtzeko astirik.

Eta txiste ona egiteko sekreturik bai?

-Garrantzitsua da egoerak deskontestualizatzea. Esaterako, sexuaren terrenora eramatea politikako jokaera bat; edo alderantziz. Hor sortzen dira kontraesanak eta, baita ere, interpretazio desberdinak. Edo maniobra batzuk eginez, gauzak beste modu batera azalduz. Jendeak, mass media guztietan, esloganekin funtzionatzen du, betiko gaiak jorratuz, betiko gezurrak errepikatuz... Saiatzen naiz errota horretatik ihes egiten, bestelako gaiak landuz. Erregistro edo bariazio gehiago emateko aukera eskaintzen du freelance bizitza honek.

Zakilixut asko eboluzionatu da azken hamarkadotan, gizartearekin batera.

-Esango nuke asko hermetizatu dela, gaiak aldatu ditu, klabeak... Asko bikotizatu da, lehen bakartiagoa zen.

Eta azkarragoak dirudite emakumezkoak zure binetetan.

-Horrela planteatu dut, baina ez dut uste Zakilixut deseroso sentitzen denik, onartzen du bere moztasuna... Hori bai, egia esango dizut, sekula santan ez dut harrapatu lanean. Agian egingo du, e? Baina ez dakit nondik ateratzen duen eguneroko ogia. Kuriositatea badaukat, baina hortik ez naiz pasa. Klaro, nik hamar segundotan harrapatzen dut beti.

Lehen proposamen hura egin zizutenean, ‘Egin’ekoa, argi zeneukan pertsonaia bat asmatu behar zenuela?

-Baldintza objektibo batzuk izan nituen gogoan: komikiarenak, euskararenak eta egunkari batenak. Beraz, bizirik iraungo zuen pertsonaia bat asmatu nahi nuen. Zailagoa irudi-tzen zitzaidan egunero tira bat egitea pertsonaiarik gabe. Pertsonaia aldatu dezakezu, akatu, mantendu dezakezu elkarrizketa bat berarekin... Eta emaitza elkarrizketa horren ondorio bat izango da beti. Batzuetan ni gailentzen naiz, bestetsuetan Zakilixut.

Agintzen diozu, beraz.

-Badirudi, baina ez beti. Flaubert, hil zorian zela, madarikazioka zebilen: “ni hilko naiz eta Madame Bovary zikin horrek biziraungo du”. Hori gertatzen da batzuetan pertsonaiekin, beraien bidea hartzen dutela.

Politikari gutxi agertzen da Zakilixuten ondoan...

-Nahikoa ateratzen dira bestela ere. Propaganda nahi badute, ordain dezatela. Hagintariak, ‘h’-rekin, Koldo Izagirrek dioen moduan!!

Berak zu fagozitatzeko beldurrik ez? Egin dituzun diseinuak -bilduma osoak-, ilustrazioak, kartelak, komikiak...

-Badakit jendeak nitaz pentsatzen duenean Zakilixut duela gogoan, ez dela akordatzen egin dudan beste guztiaz, baina horren kontra ezin dut gauza handirik egin. Gainera, orain denetarik egiten dut gutxiago.

Zakilixutetik harago, badago sormenik?

-Ari naiz istorio oso minimoak garatzen, orrialde bat edo bitan. Baditut 50 bat, kalean entzundako erdizkako elkarrizketekin eginikoak...

Akatuko duzu?

-Abantaila gehiago ikusten diot pertsonaia mantentzeari, akatzeari baino.

Gaur egun, zerk pizten zaitu, zer egingo zenuke?

-Mantentzen dira kezka zaharrak, baina berriak ere baditut, desafio berriak, askotan proiektu konkretuei lotuak. Buztina maneiatuko nuke gustura. Edo ordenagailuan bertan sakondu, animazioa landu, modu sinplean. Eta gidoigile batekin lan egiteko gogoa ere badaukat. Eta ikertu, irakurri, burua aktibo mantentzea da kontua, jakiteko ilusio hori ez galtzea.

Gogoratzen duzu noiz egin zenuen azken olioa?

-Aspaldi ez dudala egiten oliorik, baina akrilikoa bai, gogoratzen dut. Mikel Laboaren omenez egin nuen, bere kanta bat interpretatuz, Urtsuako kanta.

Ilustrazio mundua ondo ezagutzen duzu. Nolako harremana duzu idazleekin?

-Idazleekin izugarri ikasi dut. Hori da politena. Niretzat sortzailea errespetatzea da lehenengoko araua, baina gero saiatzen naiz kontakizunarekiko distantzia hartzen eta zerbait osagarria egiten.

Hainbeste urtetan olatuaren aparrean egotearen sekretua?

-Diziplina. Hor egon behar zara, lanean, beti pentsatzen. Diziplina hitz madarikatua da, baina gauzak egiteko behar-beharrezkoa.

Duela bi urte Jon Zabaleta omendu genuen KMK lehiaketan. Artista izugarria, eta, desgraziz, ez hain ezaguna. Badakit laguna duzula...

-Jonen etorria izugarria da. Bere marrazkiek badute puntu kañero bat, eta puntu liriko-poetikoa, surrealista ere bai... Irudiak marraztu bainoago okaztatu egiten ditu. Ez dago bera bezalakorik gurean, munstro bat da, bere barne-mundua oso aberatsa da. Nik badut horrelako distantzia bat marrazten dudanarekin, baina berak marrazten duena bizi du. Misterio bat da nola marrazten dugun, nola ateratzen diren zirriborro eta irudiak. Magia hori da gure lanaren ordainezineko bendizioa, eta Jonen ma-rrazkiek beti sortuko dizute zerbait.

Zeuk ere baduzu meriturik. Segi gazte izaten, Antton.

-Berdinmente. Izan hontza.