DONOSTIA - Maria Cristina zubitik putz batera dago Bilbo plaza, Donostian. Urumearen azal urdin-orlegia ikus daiteke bertatik, eta ez zaio zimurrik antzematen; bare dago goiz partean. Plazaren erdian, txorrotada apartsuak gora eta behera. Bilbo plaza: bazter batean dago Donosti liburu-denda eta beste bazter batean Amazonas taberna. Hahor bizitzaren erruleta, leku berean edozenbat leku batzen dituena. Eta handik dozena bat pausotara, Prim kalean, Etxepare Euskal Institutuaren egoitza, hare harrizko eraikuntza soil baten gordea, leihoak zabalik dituela, beti munduari so. Barruan, zain daukagu Aizpea Goenaga (Donostia, 1959), abiadura handiko bizitza praktika-tzen duen Institutuko zuzendaria.
Oraintxe beteko dituzu lau urte Etxepare Institutuaren zuzendaritzan. Dena zegoen egiteko 2010ean. Ez zizun bertigorik eman karguak, lanak, ardurak?
-Bai, jakina, baina nik nahikoa ezagutzen nuen euskal kultur mundua eta banituen ideia batzuk; banekien, gainera, gure lanak kanporatzeko nolako beharra zegoen. Hortik gora, asko ikasi behar izan dut, jakina. Baina bagoaz, astiro-astiro baina bagoaz, garai txarrak baitira bizi ditugunak.
Aurrekontuen murrizketagatik diozu...
-Ate asko ireki zaizkigu azken urteotan, eta beste batzuk guk ireki ditugu, bide berriak daude eginak euskara eta euskal kultura munduratzeko, baina hori dena mantendu beharra dago, eta gure aurrekontuaren ia %30 murriztu digute azken urteotan. Aukera batzuk galtzen ari gara, jakina, baina dagoena optimizatzen ahalegintzen gara.
Zein aukera galdu duzue?
-Esaterako, bat, oso konkretua: azken urteotan egin ditugun egitasmo eta ekinbide asko eta asko dokumentatu ez izana. Bakoitzeko hamar minutu baino ez, hori nahikoa li-tzateke, baina ezin dugu, aurrekontuak ez digu ematen. Ondo pentsatu behar da non sartzen den euro bakoitza eta lehentasunak zorrotz markatu behar ditugu.
Baina asko aurreratu da tarte honetan. Leku askotan ikusi zaitugu, katedrak ugaritu dira, irakurletzak ere bai...
-Bai, bai. 2010ean dena zegoen egiteko, egoitzatik hasita: proiektua bera zirriborro bat baino ez zen. Oinarrizko gauza batzuk gainditu ditugu, eta orain esan dezaket askozaz hobeto ezagutzen dudala proiektua.
Urte hauetan egindakoarekin nekatuta? Harrituta? Asetuta?
-Enamoratuta. Hori da hitza. Asko maite dut proiektu hau, ederra delako, behar-beharrezkoa. Gugan jarrita zeuden itxaropen edo aurreikuspen guztiei erantzun ote diegu? Tira, ba horrenbestera agian ez gara heldu. Nik ere nahiago nuke gehiago egin ahal izatea. Gainera, ondo dago langa oso goian jartzea, Etxepareren zeregina infinitoa baita. Hainbeste pertsona, hainbeste leku, diziplina, proiektu, zeregin... Aukerak mila dira, geroz eta gehiago. Baina, jakina, hori neurtu egin behar dugu, mapa bat egin behar duzu eta ekinbideak zehaztu, definitu. Eta poz tarte ugari ere eman dit etxe honek. Gure jendea, gure sortzaileak munduan zehar ikusteak ematen duen poz handia.
Bistan denez, ez zara asetu.
-Oraingoz ez. Nik beti nahi dut gehiago. Ez nago egin denarekin asetuta, inondik inora.
Laguntza ere jaso duzue bidean zehar. Hor ezuste ugari izan duzue, ezta?
-Jende asko dabil munduan barrena eta horiek ate asko irekitzen dizkigute. Harro nago horretaz. Urte hauetan askotan entzun izan dugu zorte handia dugula euskaldunok, "zein jente ona duzuen" eta horrelakoak entzun izan ditugu, eta horrela da, sortzaile ikaragarriak ditugu diziplina guztietan. Harridura baino harrotasuna sentitu izan dut maiz.
Damurik ez?
-Ez dakit zer den hori. Eta esango nuke ez daukadala damutzeko astitik ere! (barreak)
Zenbat murriztu da aurrekontua azken urteotan?
-Asko. Gu sartu ginenean bi milioi zazpirehun eta piku mila euro genituen, eta orain bi milioi dauzkagu. Jaitsiera handia izan da, eta gauza batzuk ezin dira ukitu, esaterako, soldatak. Gastu fijoak ditugu eta horiek mantendu beharra dago, egitura oso txikia daukalako Etxeparek. Orduan, murrizketa beste alor ba-tzuetara doa. Baina gauza batzuk ezin dira ukitu: irakurletzak mantenduko ditugu, diru-laguntzak eta bekak, sortu ditugun bost katedrak zaindu beharra dago...
Eta diruaren faltan, bestelako elkarlanak baliatu dituzue. Esaterako, unibertsitateekin.
-Bai, unibertsitateen inplikazioa bilatzen dugu eta horrek asko errazten ditu gauzak. Gure irakurleek ere sare potentea osatzen dute; 27 irakurle ditugu munduan barrena eta 35 irakurletza. Horiek ezinbesteko amuak dira. Goi mailako profila dute gure irakurleek, eta beste ikasle, irakasle eta ikertzaile asko euskararen mundura erakartzeko amu itzelak dira.
Nola aukeratzen dituzue azpimarratu edo bisitatu beharreko lekuak?
-Sektore estrategikoekin eta kultur elkarteekin izandako bilkuretatik atera dira herrialde eta leku horiek, beraien ustez klabeak direnak, beti ere. Gu ez gara nor esateko zein behar daukan sektore bakoitzak, beraz, elkarlanean egiten ditugu gauza horiek. Hori bai, sektore guztiek bat egin zuten esatean Madril eta Bartzelona lehenetsi behar direla. Gero Frantzia da bigarren aukera, eta horretarako elkarlanean gaude Iparraldeko Euskal Kultur Erakundearekin. Beste bide batzuk ere jorratzen ditugu, esate baterako, Libournekoa. Eta hor daude, baita, Brusela eta Nueva York.
Iaz Euskararen Eguna aitzakiatzat hartu eta hamar eguneko egitarau zabala egin zenuten Bruselan.
-Bai, eta oso diru gutxirekin oihar-tzun handia lortu genuen. Hango erakunde batekin elkartu ginen, erakunde horren aukerak esploratu eta gero hemengo erakundeekin batera joan ginen hara. Eta elkarlan horrek ate asko irakitzen ditu, kontaktu asko eta oso aberatsak egiten direlako. Etxepare tresna paregabea da horretarako.
Azoka linguistikoak ere azpimarratu behar dira, beti Azoka literarioak aipatzen direlako. Hori Mari Jose Olaziregiren esparrua da.
-Mari Josek izugarrizko lana egin du. Azokak aldatzen ari dira, eta Hizkuntza Azoketako aldaketa horietara moldatu behar izan dugu. Lehen beste modu batera egiten ziren, baina orain garai berrietara eta modu berrietara egokitu gara, Mari Joseren eskutik, internet eta sare sozialak baliatuz.
Zelan hartzen zaituzte kanpoan?
-Oso harrera ona egiten digute leku guztietan. Esaterako, oraintxe Argentinatik etorri berria naiz, eta hango Kultura ministroarekin elkartu nintzen. "Zer edo zer egin behar dugu elkarrekin", esaten ziguten denbora guztian, eta gero berarekin gurutzatu nintzen guztietan gauza bera esaten zidan. Eta Nueva Yorken ere gauza politak gertatu zaizkigu. Han, katedrako arduradunak esan zigun kataluniar batzuk joan zitzaizkiola esanez euskaldunek duten programaren antzeko zerbait nahi dutela beraiek ere. Inbidiarekin! Horrelako mila detaile ditugu.
Unibertsitateetan bai, ezagutzen gaituzte.
-Bai, euskara erreferentzia bat delako hizkuntzalari askorentzat. Eta gero hizkuntza indigenen aurrean guk egin dugun ibilbidea oso erreferentziala da...
Sare handia sortzen ari da Etxepareren itzalean.
-Bai, baina sare hori elikatu egin behar da, eta ez da lan erraza. Hori bai, jo ditugun ate ia guztiak zabaldu zaizkigu.
Nola mantentzen dituzue harremanak sare desberdinetako jendearekin?
-Bidaiatuz eta skypetik ere asko. Saiatzen gara bidaiak ondo aprobetxatzen, bestelako kontaktuak egin eta agenda ondo betetzen. Gutxi gaude eta hemen dena egin behar dugu guk, ezin dugu delegatu. Euskaldun asko eta asko euskal etxeen inguruetan biltzen dira; badira unibertsitate mailan lan egiten dutenak, beste batzuk enpresa mundukoak, edo bere kabuz dabiltzanak. Horiek denak aprobetxatu nahi ditugu. Esaterako, Mexikon enpresa munduko jendearekin hitz egin genuen, eta ba-tzuk euskal jatorrikoak zirenez, abegikor hartu gintuzten.
Zeri ematen diozue lehentasuna orain?
-Hozgailuan proiektu asko ditugu, eta aterako dira, baina lehentasuna dute irakurletzak eta katedrak, eta egindako sareak. Inportantea da, baita, zirkuito berriak sortzea, hemengo artistei kanpora atera-tzeko aukerak emateko baliagarri direnak. Zinearekin eta musikarekin bagabiltza, baita artearekin ere, Gaur sic-en eskutik.
Eta gero sorkuntzarako baliagarriak diren erresidentziak egin behar ditugu, hau da, joan-etorrikoak. Koreografo, idazle edo artista bat leku batera joan dadila, baina ekar dezala zerbait handik. Horiek guztiak lotu nahi ditugu etorkizun hurbilean.
Beraz, badugu munduari zer eskainia.
-Bai, dudarik gabe. Globalizazioa bera ere identitate desberdinen batuketa bat da, hortik elikatzen da. Begira Madonna bezalako figura bat nondik elikatzen den. Bere azken ikuskizunerako Kalakan aukeratu du! Asko daukagu erakusteko.
Cervantesekin harremanik?
-Bai, harreman puntualak ditugu.
Eta nola daramazuz kritikak?
-Jaso ditugu, eta egon behar dira. Hori bai, gure lana hobetzeko erabiltzen ditugu gehienetan. Eta autokritika ere etengabea da gurean. Esan behar da, baita, batzuetan kritika horiek oinarrituta daudela ezagutza falta batean.