donostia - Hamaika disko eta hogei urteren ostean, euskal talde ezagunetako batek bere diskografiako kantu ospetsuenen hautaketa bat aurkeztu du, baina zuzenekoek eskain-tzen duten freskotasunarekin. Betagarri ska-rock talde arabarrak 20 urte zuzenean disko eta DVDa plazaratu berri du Maldito Records diskoetxearekin.
Argitaratu berri duten diskoa 2013ko udan grabatu zuten Donostia, Bilbo eta Gasteizko Aste Nagusietan eskainitako kontzertuetan. Gero, Azkarateko Katarain estudioan nahasi eta Mamia estudioan masterizatu dute Trikuk eta Jonan Ordorikak aurtengo lehen hilabeteetan. Aurreko milurtekoan sortutako abestietatik hasita -Boom egin eta krash, Verde (1998)-, hogei urteetan zehar ezagunak egin diren abestiak bildu ditu taldeak disko honetan. Sweet Mary, Bidea gara, Zure ingurua edota Euri tanta bakoitzean bezalako kantuek bere lekua dute, eta baita 2012an argitaratutako diskoko abestiak ere (Mundu saldua eta Milaka izar berri, besteak beste), guztira 20 abestiko bilduma sortuz. Horretaz gain, kontzertuak ikusteko aukera dago diskoarekin batera saltzen den DVDari esker. Bertan, taldeko kideei egindako elkarrizketak ere badaude.
Diskoetxeari dagokionez, Maldito Records-ekin kaleratutako lehen lana da. "Estatu mailan lan egiten duen diskoetxea da, eta lagungarri izango zaigula uste dugu, Euskal Herritik kanpora ere irteten baikara", adierazi zuen atzo Iñaki Ortiz de Villalba abeslariak diskoaren aurkezpenean. "Hasieratik kontzertuak kanpoan eskaini ditugun arren, horretan jarraitu beharra daukagu", gehitu zuen. Urrutira joan beharrik gabe, lehengo astean egin zen Viña Rock jaialdiko ongi etorri kontzertuan aritu ziren. "Euskal Herritik kanpora ere, gure euskarazko abestiak ezagutzen dituzte", azaldu zuen taldeko abeslariak, eta orain dela gutxi, Madrilen eskainitako kon-tzertu batean 300 pertsona baino gehiagok beren kantuak abestu zituztela gogoratu zuen. "Hori guztia harrigarria da guretzat", esan zuen.
20 urte musikan Autoeskolako L-a zeraman kasetea 1994ko maiatzan jarri zuten salgai. "Jolas bat zen dena hasieran, ez genuen uste hau lan profesional bilakatu zitekeenik", onartu zuen Ortiz de Villalbak. Hogei urte beranduago, lortutako heldutasuna nabarmena dela diote. "Lehen semeak zirenak, orain gurasoak dira", aipatu zuen, eta taldearekin batera kideak "hazi eta hezi" direla gaineratu zuen. "Lehen koadrilako norbaitek txalaparta edo harmonika jo nahi bazuen, bere tartea zuen gure kontzertuan, esperientzia irekia zen", gogoratu zuen Unai Lobok, orain aspektu horretan seriogoak direla adieraziz.
Hala ere, 20 urte hauek ez dira inflexio puntu bat izango taldearentzat. "Orain arte bezala jarraituko dugu, disko hau gaurko Betagarriren argazki bat da", azaldu zuen, gaur egun nolakoak diren gogoratuko baitie. Orain, kontzertuak eskaintzen jarraituko dute, hilaren 30ean Arrasaten eta abuztuaren 8an Gasteizen, besteak beste.