Bilbo - Errateko nituenak (Erein, 2014) lan-bidaia bat du abiapuntu. Esan behar zituen guztiak erran ez baditu ere -"inondik inora"-, hitzaren jolas horrekin pozik agertu da Salaburu: "Biluztu naiz, nire beste alde bat erakutsi dut", aitortu du.

Liburuaren aurkezpenean, Cuzcoko bidaia "surrealista" izan zela aipatu zenuen, zer dela eta?

-Bidaia bera baino, egonaldia izan zen oso surrealista. Bertako autoritateek eskatu ziguten hizkuntza politikei buruzko masterra antolatzea eta azken urratsak egiteko asmoz abiatu nintzen liburuan agertzen den bidaia horretara. Nire asmoa zen ikasleak aurkitzea eta horiekin banan-banan elkarrizketatzea, azterketa moduko bat egitea... Alta, ezin izan nuen hori egin, haiekin egoteko modurik ez zegoelako: hitzordu bat zehaztu batekin eta gero ez zen agertzen... Beste erritmo bat darabilte han, hori egia da. Bizitako guztia txosten batean bildu nuen, antolatzaileentzat. Eta, hain surrealista izan zen dena, ezen umorez betea zegoen idatzia.

Informe horrek abiatu zuen, beraz, 'Errateko nituenak' idazteko grina.

-Hala da, bai. Txosten horretatik atera dut liburua, eta hau idaztea beste bidaia bat izan da. Azken batean, Cuzcon igarotako aste horretan gertatutakoa errespetatu badut ere, une oro nabil joan-etorrika denbora eta espazioan. Nire bizitzako oroitzapen eta kontu ugari tartekatu ditut eta, zentzu horretan, liburu hau puzzle bat dela esan genezake.

Eta pieza guztiek enkajatzen dute?

-Hori ez da bakarrik kontua, badira kontu pertsonal asko, salto ugari beste herrialde eta garaietara eta horiek guztiak ehundu behar dira narrazioan, baina gertaera fikzionatuak ere badira. Horregatik liburu hibridoa da, istorioekin hasi eta istorioekin bukatzen dena. Guztia borobiltzea zaila egin zitzaidan, baina barne-koherentzia bat du.

Saiakeratik ere badu zerbait liburu honek, ez da hala?

-Badira hainbat hausnarketa, hainbat gaien inguruan. Genero honen ezaugarri batzuk izan ditzake ere bai, baina ez da saiakera bat. Liburu hau zerbait bada, literatura da. Besterik gabe, hitzaren barrokismoa lantzen saiatu naiz. Hau da, literatura, funtsean, hitza da, hitzaren jolasa; eta barrokismo horretan aritu naiz ni. Asmatu dudan ala ez, hori irakurleak esan beharko du.

Obra hau idazteak zure literaturaren ikuskera aldatu egin du?

-Ez, lehen nituen iritzi berak ditut eta. Literatura beti izan dut gustuko, oso irakurzalea naiz. Egia esan, errespetu handia diot literaturari, eta ez nuen nire burua ikusten literatura idazten, zailegia iruditzen zi-tzaidan. Baina, nire seme zaharrenak beti animatu nau eta niretzat ariketa erabat berria zenari ekin nion.

Zure esanetan, idatzi duzun lanik "pertsonalena" dugu honakoa. Are gehiago, "biluztu" zarela ere aitortu duzu. Bertigorik?

-Bai, bertigoa gainditu behar izan dut. Bi zentzutan biluztu naiz. Alde batetik eta arestian aipatu bezala, nire bizitzaren alde asko hor daude bilduta. Bestetik, landu ditudan gai jakin batzuengatik dinot biluztearena. Askotan mintzatu naizen gaiak ere badira liburuan, noski. Egia da, baita ere, ordu asko eman nituela testua zuzentzen, emaitza polita lortu nahi nuelako. Halere, gai jakin batzuekin, esaterako sexu-kontuekin, idazten hasi eta ezin gelditu... nire buruari galdetzen nion arte: beno, baina nik honi buruz idatzi behar dut? Ez nintzen gai ikusten, baina, azkenean, zera erabaki nuen: nire beste alde bat erakutsiko dut.

Euskaltzain osoa izaki, zer azpimarratuko zenuke liburuan erabilitako euskaraz?

-Euskara batuan idatzita dago, baina saiatu naiz batasun horren beste eredu bat lantzen. Alegia, euskara batua deitzen dugun hori euskal hizkuntzaren historian egin dugun ekarpenik handienetako bat da, baina idazle gehienak -edo behintzat ezagunenak- gipuzkoarrak direnez, hauek bere euskara baliatu dute. Eta nik ere hala egin dut: nire sortetxeko euskara erabiliz, beste ñabardura bat erantsi diot liburuari. Hau da, irakurtzen duenak badaki ez duela gipuzkoar batek idatzi. Halaber, Baztan eta Iparraldeko hitz ugari sartu ditut, baina irakurri dutenei jarraiki, oso erraz ulertzen eta segitzen da narrazioa, hots, euskararen aldetik ez dago inongo zailtasunik. Are gehiago, liburuaren beste balioetako bat dela pentsatzen dut.

Ildo horretatik, akaso euskara batua zurrunegia al da oraindik? Bestela esanda: akademizismoaren mamurik ote?

-Ez, zurruna ez da hitz egokia. Izan ere, euskara batua posible da askoz ere gehiago aberastea. Neurri handi batean, gipuzkeran oinarritzen da -eta hau ez da peioratiboa inondik ere-; esan nahi dudana da gaur egungo testuetan gipuzkoarrek pisua dutenez, normala dela haien eredua nabarmentzea. Horregatik nire sortetxeko ereduaren alde egin dut nik, eta uste dut ariketa hori ona dela euskara batua eta oro har euskal hizkuntza aberasteko. Txokokeriatan sartzea ez baita bidea.

Euskara eta kitxua bezalako hizkuntzen arteko paralelismorik ere agertuko da liburuan, ezta?

-Bai, horren inguruko hausnarketak jaso ditut. Hein batean, kitxuak baditu euskarak izandako eztabaida bertsuak: nongo kitxua ote den politagoa, munduko hizkuntzarik ederrena eta zailena dela...