bilbo - Urte batzutatik hona, liburu digitalaren ezarpenak zenbait erronka planteatu ditu argitaletxeen industrian. Horien aurrean, jokabide desberdinak hartu dituzte profesionalek. Joxemari Sorsek, Elkar argitaletxearen zuzendariak, digitalaren aldeko apustu garbia egina dauka. "Liburu digitala gelditzeko etorria da, paperezko liburuarekin batera bizitzeko, biak izango dira aurrerantzean gure euskarriak bezeroengana iristeko. Digitalak badauzka gaur egun arazoak, kopiaren arriskua eta jendearen sineskera ez dela ordaindu behar. Jendea prest dago aparailua eta konektibitatea ordaintzeko baina edukiak ez direla ordaindu behar barneratua dauka. Guretzako arazoa da, baina pentsatzen dugu denborarekin eta heziketarekin bi formatuak elkar bizituko direla", adierazten du.
Iritzi beretsukoa da Iñaki Aldekoa, Erein etxeko editorea: "Liburu digitala poliki-poliki (hau esan behar da) aurrera doa, eta horrek ez du atzerabiderik izango. Digitala errealitate bat da gurean eta gero eta gehiago dira soporte horretara egokitzen ari diren irakurleak. Gurean ere, eta horretarako prestatuta gaude, gero eta gehiago dira digitalean saltzen diren liburuak, egunero-egunero".
Tendentzia berriak jarraituz, berriki, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen liburu digitalen maileguak egiteko plataforma on line bat abian jartzeko asmoa zuela uztailetik aurrera. Horren bitartez, 2014an zehar, 25.000 titulu (8.750 euskaraz eta 16.250 gazteleraz) eskainiko dira liburutegi publikoetan. Zalantzarik gabe argitaletxeentzako baikorra izango da honelako ekimena, legez kanpoko deskargak saihesteko neurri bat denez gero.
molde zaharreko argitaletxea Txanponaren beste aldea Pamiela argitaletxeko Pello Elzaburuk erakusten du: "Horretan etenaldi bat egitea erabaki dugu. Momentu honetan liburu digitalen bilakaeraren inguruan zalantza asko ditugu komer-tzializatzeko. Ez dakigu nola ekoiztu behar den liburu digital bat eta gero nola ordaindu egileari. Industria bezala ez dakigu nola aurre egin liburu digitalari momentu honetan; baina molde zaharreko argitaletxea garenez gero, badakigu produktu ederrak, irakurleentzako erakargarriak egiten eta hori egiten dugu. Euskarri elektronikoa erabaki dugu, epe laburrera, ez eskaintzea, modu komer-tzialean behintzat". - A. Araluzea