Kanthoreak berririk Baxe Nabarren eginik; nihor, nihor ere balin bada, ikasi nahi duenik, kostaren etzaio deus ere, atentzionea baizik.

Halaxe dio aspaltxoko kanta polit honek. Atentzio eta intentzio pixka bat baizik ez da behar kantatzen ikasteko, kantuaren benetako dimentsioan aritzeko. Gainerakoak, parafernalia. Eta estimatzen da kanta batek mezu hau biltzea, ohiko gaietatik bestela.

Internet josita dago kantatzen ikasteko bideo eta ikastarotxoez. Dena ikasterik ba ote da sarean barna murgilduz (bakarrik)? Mesfidati naiz hartaz. Zerbait irakatsi baldin badit kantuak, elkarren arteko elikatzearen aberastasuna izan da. Entzun eta erantzun; ikasi eta irakatsi; sentitu eta sentiarazi. Azken binomioa, nagusiki. Ostatuko musika ozena zanpatuz, kale-izkin galdua jantziz edo auditorio elegantea sentiberatuz.

Teknika eta metodologia berriei muzin egin nahi ez diedala inondik inora, kantuari balio jakin bat ematen diot; elkarretaratzeko duen ahalmena, transmititzeko duen gaitasuna, batzeko duen indarra, Zuberoako lagunei ikasi diedan gisaz. Kantatutz, finean, kontatzen baita. Ezer kontatzeko ez duenak, ez du berdin kantatuko.

Kontatzea, barnekoak agertzea da zentzu batean, eta honela, behin baino gehiagotan esan izan da pertsonak kantatzen duela negar ez egiteko. Funtzio asko dituen arren, negarrari edo penari eusteko balio dezakeela ados naiz. Aitzitik, euskaldunaz beti esan dute triste kantatzen duela. Horregatik ote mundu guztiak aditutzen duela euskaldunaren negarra, eta alde batera nahiago lukeela batek ez balitz hemengotarra? Beti penetan bizi ote gara ba? Ez!

Zapiak oihal batetik ekimena izan zen atzo Bilbon. Egun handia kantuarentzat, eta ez tristerik egoteko. Euskal Herriko kantuzaleak oro Bilboko Zazpi Kaleetan barna izan ginen, herrialde banari kale bat dedikatuz eta haiek ohoratuz. Kanthoreak berririk eta kantariak berririk bildu zen azkarki Bizkaian, kantuari leial eta fidel. Lau haizetara zabaldu genuen kantuaren hatsa, lau haizetara galdegin bere tokia. Donostiatik Iruñera, Iruñetik Baionara, Baionatik Gasteizera, Gasteiztik Bilbora, Bilbotik Euskal Herrira. Izan ere, bagare, bagera, bagira eta bagara. Eta, noski, hemengotarra nahiago, aizue.

Abesten fideles, beti triunfantes atzo Bilboko Zazpi Kaleetan!