hendaia. Txapelketako nekeak bertsotarako gogoa moteldu dion arren, nahikoa fresko mantentzen du solaserako grina. Berba neurtuak, mendeko esaldi ondo josiak, isilune zehatzak eta keinu gutxi darabil, bertsolari iaioaren traza gordez hizketaldian ere. Gripearen birusa bailitzan, Txapelketa Nagusiko finala gainetik kendu ezinda dabil hendaiarra.

Finalaren olatua luze dator. Zer utzi dizu haren aparrak?

Oraindik ez naiz kontzienteegia ere. Olatu horren mugimenduak oraindik irauten du, saioak ere izan dira, berriz lehengo martxara itzultzen zara eta ia oharkabean pasatzen zaizu dena. Momentuz nekearen apar puntu bat gelditu zait, eta neke hori desagertzen denean hasiko naiz beste aho gusto bat hartzen finalari. Patxadaz entzun eta ikusteko aukerarik ere ez dut izan, eta badut gogoa.

Eta zeintzuk dira begietan zintzilik geratu zaizkizun egun horretako postalak? 2009an BECeko pasilo estuarekin geratu zinen.

Orain zabalagoa izan da, jendea nasaiago egon den seinale. Txaloak eta animoak eta begiradak hain gertutik jasota,... izan nuen patxada puntua hori dena gozatzeko. Goizean gure artean zegoen giroa ere gogoan dut, umore puntu bat bazegoen, distentsioa, erronkak berak sortzen zizkigun kirioak ukatu gabe.

Eta bazkarian, egoten da solaserako modurik edo gogorik?

Saioari errepasoa ematen diogu, bakoitzak beretik, edo halako saio markatua gelditu bada horretaz hitz eginez... Azkenean lagunak gara eta elkar animatzeko joera izaten da. Eta zaila bada ere, balorazio orokor bat egiten dugu. Ez da erraza, goiko pertzepzioa aski nahasia baita, ba-tzuetan erdizka edo laurdenka en-tzuten duzula, baina jendearen erreakzioa pertzibitzen duzu...

Han goitik badago jendearen pultsioa sumatzerik?

Jendearen berotasuna bai. Nik normalean dena abstrakto ikusten dut, ez naiz aurpegiei begira paratzen. Dena ikusten dut baina ezer konkreturik ez. Apur bat inpermeabilizatuta zaude, gehiago erreparatzen diozu zeure hariari, zeure zereginari. Orduan, zeure barne irakurketatik pertzibitzen duzu saioa.

Bertsolaritzaren 'autoborroka'.

Bai, alde batetik sufritzen zaude baina era berean gozatzen. Zeure gogo eta prestakuntzaren araberako zerbait eman nahi duzu, ahalik eta onena, osatuena, eta lortzen duzunean horrek asebetetzen zaitu.

Zentzu horretan, lehiatik gutxi du Txapelketak.

Bai, eta mementu gaitzenetan ere askotan bilatzen duzu ondokoaren babesa edo keinua. Elkar ondo ezagutzen gara eta existitzen da gure arteko giro hori, batez ere finalean arnasten dena. Jakina da bertsotan ondo egiteko inportantea dela ondokoak ere ondo egitea. Bertsoaren dialektika horren muin muinean dago espiritu kooperatibo hori.

Dimentsio ikaragarria hartu du Txapelketa Nagusiak. Juanito Dorronsorok esan zuen guzti horrek 'harro' sentiarazi zuela.

Bai, izaera lotsakorrena duenak ere izaten du bere barnean harrotasun bulkadatxoa, eta egun horretan atera egiten da.

Harrotasun horrek mesede egiten digu oraindik euskaldunoi?

Zoritxarrez gure eguneroko ibilian ez gara harrotasun horretara gerturatzen eta askotan euskaldun bezala bizitzeko neure herrian ezinaren lagun gehiagotan nabil harrokeriaren lagun baino. Kanpotik guri begira dauden uneetako bat ere bada. Egun hori da bakarretako bat beste inor gerturatu daitekeena zeuregana jakin-min puntu batez. Zoritxarrez, behar ditugu oraindik horrelako egunak eta esna zauden orduetan Euskal Herri euskaldun baten ametsa gehien ikusten den mementuetako bat da finala. Bertsozaletasunaz haragoko emozio bat badago bildua egun horren baitan.

Eta atzerritik etorri zirenak harrituta, txundituta ez esatearren.

Berez harrigarria delakotz. Hitz hutsak eta inongo hornidurarik gabe, kontrabidean doan zerbait da bertsolaritza. Soila eta hauskorra da, batzuetan hausten zaigu bertsoa eta bestetsuetan eusten du, baina hara nola baldintza horietan suertatzen den zerbaitek biltzen duen jendearen arreta.

Txapela gainean zenuela bai, baina aurretik ez zinen txapeldun sentitu?

Ez. Batzuetan nahiak eramaten zaitu hori pentsatzera, baina nik Maialen neukan ondoan eta... Maialen badakigu nor den, eta harrigarri egiten du bertsotan, beti dauka irabazteko aukera, hain gustura ez dabilenean ere bai. Niretzat berarekin buruz burukoa egitea nahikoa txapela zen jada. Maialen mirestu egiten dut, aspalditik egin duen bide urratzaile lana, eta finalean ere bere alea utzi zuen. Nirera etorri zen txapela, baina bestera suertatu bazen ere ni irribarre berdinarekin bueltatuko nintzen etxera.

Txapelketaren harira esan da gai serioz josita egon dela; bertso elitista samarrak botatzen direla gaur egun; eta bertsolarien artean gai eta jarrera aldaketa bat sumatu dela, egoera politiko berriak eragindakoa edo. Nola ikusten duzu hau guztia?

Umorearena txapelketa askotan gertatzen da. Plazan, gaiei umorezko angulotik begiratzen saiatzen gara, erortzeko beldur gutxiago duzulako, liberatuago sentitzen zarelako; eta Txapelketan, berriz, bestelako karga soziala duten gaiak aukeratzen dira. Eta egungo bertsokera elitistegia dela diotenei... Finaleko zifrak berak erantzuten dio kritika horri, jende andana mugitzen baitu Txapelketak. Egia da, hori bai, bertsolaritza asko aldatu dela azken urteotan, baina ez nuke esango inoren ulermen maila gainditzen dutenik gure bertsoek. Kontu hau bertsotan sortzen ditugun testuen dentsitateagatik baino gehiago da beharbada jorratzen ditugun gaiengatik, gaitegia asko zabaldu baita. Gainera, bat-batekoan zaila da edozein gai izanda ere larregi korapilatzea.

Eta gaien tratamendu berriarena?

Geuri entzuten dagoen herri horri kantatzen diogu eta azken urteotan aro politikoaren aldaketa bizi izan dugu, eta horren inguruan gabiltzan neurrian bilakaera horiek guztiak gure bertsoetan islatzea ezinbestekoa da. Esaterako, goizeko kartzelako ariketan gai bati heltzeko oso angulo desberdinak baliatu ziren, baita gai hori euskal politikara ekarri zenean ere. Lehen ere leporatu zaio bertsolaritzari kolore politiko bakar eta nabarmena izan duela eta ez nuke esango hain egia zenik leporatzen zitzaionean. Plazaz plazako jarduna hartuz gero ondo ikusten da gure aniztasuna.

Abilezia bai, baina argi dago zuena ez dela goitik beherako dohain bat.

Bertsolariaren dohain zerutiarra defenditu zutenen garaiak pasatu dira, aski demostratua geratu baita guztiz kontrakoa. Esaterako, finaleko bertsolari guztiok gara bertso eskoletako emaitza. Nik argi daukat lanak egiten gaituela.

Zure inguruko guztiak osatzen zaitu, baina, zenbateraino egin zaitu bertsolaritzak?

Kostako litzaidakeen ariketa baten aurrean zabaltzen ikasi dut eta jendeaurrekotasun horretara molda-tzen erakutsi dit bertsolaritzak. Eginaren eginez azala loditzen zaizu eta bertsoak erakutsi dit mementu horietan urduritasunen lagun egiten eta urduritasuna baliatzen ahal den neurrian neure haizeko alde bezala.

Eta kazetaritza bertsolaritzaren osagarri bezala hartzen duzu?

Hitzaren inguruko ariketa mental guztiak dira elkarrentzako lagungarri, kriterio propioak bilatzen laguntzen dizuten neurrian. Hori bai, bertsolaritzak duen bertigoa akaso ez dago kazetaritzan, edo ez beti behintzat. Eta bertigo horrek berak egiten du eder: ez dakizu zer datorren ez eta nola egongo zaren datorrenaren aurrean.

Zure azken urteotako jardunean mugarririk ikusten duzu?

Jauzi haustailerik ez agian, baina bai badagoela bidetxo bat. Nentorren bidetik neure burua pixkanaka-pixkanaka egiten ari naizen bertsolaria naizela ikusten dut. Nik aitarengandik, txikitatik jaso nuen bertsolaritzaren tradizio hori, beraz, horrek markatu nau eta saiatu naiz barrutik nuen jario hori neuk egiten dudan erara bidera-tzen. Daridan hori, erabat erantsi ezin dudana, gero eta gehiago izan dadila neuk dagidan zerbait.

Baina ahots propioa bilatzea zaila da hainbeste erreferentzia dituzunean.

Bai, zerotik hastea errazagoa litzateke, atzetik jaso duzun guztia eranstea asko kostatzen baita. Baina kontua da hori erabat erantsi behar den edo ez, eta eransten bazara zer jantzi behar duzun. Ni neure buruari begira hasi nintzenerako urteak neramatzan bertsotan, eta ordukoak pisatzen dit. Nola berbideratu hori? Ikasteko bideak badakizkigu, baina ahazteko bideak zeintzuk dira? Nik ondokoei begira konpontzen dut auzia. Esaterako, Maialeni. Bere ahotsa ondo afinatu duen pertsona da eta gainera konformidade horretara heldu gabe, beti bidea urratzen. Maialenek egin duena txapelaren gainetik dago.

Eta zenbat balio du intuizioak bertsotan?

Intuizioa gauza abstraktoa da, zeure buruari berbalizatzen ere kostatzen den gauza. Horregatik ez dut nahi nire bertsokera lar definitu, hitz horien preso geratzeko arris-kua baitaukat. Nahiago dut intuizio abstraktu horren energian segitu aurrera.

Idazleen ahotik askotan entzun dugu idazterakoan egiazko edo benetako izan behar dela. Bertsotan berdin jokatzen duzue?

Zenbat eta gehiago sinistu zeure buruari, bertsotan hobeto ari zarenaren seinale. Bertsolaritzan badago teknika bat eta askotan teknika horrek babesten zaitu, baita zeure pertsonarengandik ere. Zenbat eta zintzoago izan sentitzen, pentsatzen eta ikusten duzunarekin, konexio handiagoa entzulearekin.

Badirudi tradizioaren transmisioan bete-betean asmatu duela bertsolaritzak.

Hor ez dago etendako katerik, ez. Hori bai, katea bakoitzak bere gogo eta molde berrietara egokitzeko ahalegina egiten du eta denok ahalegintzen gara datorkigun adar hori geure moldera bihurritzen. Gu oso babestuak sentitu gara helduagoengandik. Esaterako, duela urte bete hil zen Joxe Agirre izugarri gaztetzen zen gurekin eta joera horrekin bera ari zen tradizioa gaztetzen, hots, geure mundu ikuskerara hurbiltzen zen bakoitzean. Hori bai, gu ere aplikatzen ginen beregana. Harreman eta moldakortasun hori funtsezkoa izan da bertsolarien arteko kulturan.

Eta dimentsio izugarria hartu du bertsoak, Elkartearen altzoan.

Geuri ere harrigarri egiten zaigu, begien aurrean ikusiko ez bagenu eta aurreko bidea ezagutuko ez bagenu bai, behintzat. Bertso eskolen lana dago hor gako bezala, eta Elkartean gure aurrekoek asmatu zuten bertsolaritzaren mugimendua pentsatzeko organo bat; beraiek sentitzen zituzten bideetatik eramateko elkarte bat eratu zuten eta bertsolarien familiari batasuna eman zioten.

Eta, bide batez, Txapelketak dirauen bitartean Euskal Herriko erdal munduak ere jabetzen dira bertsolaritzaren 'fenomenoaz'.

Erdal munduko batzuk badakite hor badagoela zerbait berezia, galtzen ari direna, baina beste asko ez dira jabetuko segur aski.

Atzetik datozen bertsolari berriak, nola ikusten dituzu?

Final honek aurpegi berri bat ekarri du, Beñat Gaztelumendi belaunaldi berri baten aurpegia ere badelako, eta gertuan ibili dira Alaia, Julio, Miren, Agiñe, Jone... Edonola ere, zaila izango da Maialen, Igor, Jon, Unai eta beste horiek bere lekutik bultzatzea, agian azken hamar-kadetako belaunaldirik iraunkorrena eta onenetakoa izan delako. Belaunaldi horrek sekulako indarra izan du eta du oraindik.

Bilbon edo Gasteizen ere ez, baina Hendaian euskalduna izatea ez da kontu erraza izango, ezta?

Zeure ingurutxo euskalduna osatuta daukazunean bai, baina kalean bazoaz euskal ingurune bat aurkitu nahian, Hendaian ez da gauza batere erraza. Frantsesa eta espainola egiten da hemen, batez ere. Euskara hirugarren hizkuntza da eta niretzat arrunta da hementxe sortu nintzelako, baina distantzia pixka batekin hasten bazara begiratzen, hemen euskaldun baten egunerokotasuna ez da beti erraza. Jendea irekia da euskara eta euskal gaiekiko, baina irekia izatea erraza da gero praktikan gauza handirik egiten ez baldin bada.

Eta agintarien aldetik oztopoak baino ez.

Autoritateen aldetik haratago doan jarrera sortu da Ikastolen kasuarekin. Lehen ere Herriko Etxeak eraiki zuen Hendaiako ikastola eta orain ere prest dago berria egiteko, baina goragotik norbaitek pentsatu du ez dela komeni edo legeren bat ez duela kunplitzen edo... batek daki.

Kontu larria.

Bai, oraindik ere hemen ikastolen funtzioa bitala delakotz. Hemen ikastolak dira D ereduko hezkun-tza bermatzen duten bakarrak. Baina ez bakarrik euskara erakusteko, euskara horri erabilpenaren bidea emateko ere ezinbestekoak dira. Orduan, hori moztea ba... aski kolpe gogorra da. Hemengo ikastolen bidea bazihoan zabaltzen eta orain, beharbada, hori moztu nahi izan dute.

Batzuetan badirudi Hegoaldea urruti geratzen dela Iparraldetik, edo alderantziz da?

Nik uste dut hemendik Hegoaldea hurbilago ikusten dela Hegoaldetik Iparraldea baino. Mugak distantzia bat sortzen du, eta aduanaz jantzitako muga hori desagertu bazen ere, mugak beste mila forma ikustezin baditu eta distantziak berdin irauten du. Pena da hori. Euskal Herria marrazten badakigu, baina ibiltzen ez, askoz ere gehiago zapaldu beharko genuke muga, eta pasa, beste alde deitzen diogun horretara. Muga hori badirudi ezabatu dela, baina egon badago, eta zauri sakon bat da gure bizitzan eta gure imajinarioan.