Barakaldo. 2013ko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da gaur Barakaldon. Maialen Lujanbio aurreko edizioko txapelduna zain daukate Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Sustrai Colina eta Unai Iturriagak. Zortzi horietako batek jantziko du txapela, BECen elkartuko diren 13.500 ikusleen aurrean. Lehiaketako azkenengo kapitulura bertso gosez iritsi dira zaleak, finalerdietan ikusitakoa aintzat hartuz gero. Saio gehienetan harmailak lepo bete dira, antolatzaileek lan eraginkorra egin dute eta bertsolariak zorrotz ibili dira gehienetan.

Aurten, 43 bertsolari aritu dira. Maialen Lujanbio, 2009ko txapelduna denez gero, zuzenean sailkatu da finalerako. Gainerakoek, barruan daukaten onena eman dute BECera iristeko, lehia estua izan baita. Jon Maiak finalaurreetako lehenengo itzulian esan zion agur lehiaketari eta bera izango da hutsune nagusia gaur, Andoni Egañarekin batera. Haien ordez, Beñat Gaztelumendi añorgarra bere lehenengo finalean sartu da eta, Igor Elortza, 2009an huts egin eta gero, onenekin bueltan da. Aitor Sarriegik eta Unai Agirrek finalerdietan puntuetan berdinduta amaitu zuten eta, epaileen arauak aplikatuta, Sarriegi egongo da gaur BECen. Agirre egon izan balitz, ondo merezia zatekeen. "Goiko postuetan egon diren alde txikiak, partaideen mailaren adierazle dira", esan dio DNAri Jokin Castaños txapelketako koordinatzaileak.

Final polita espero du Castañosek, "talde moduan badute zeresana zortziek eta, gainera, bakoitzak bere aportazioa egingo du". Bertsoaren "festa" izango delakoan dago. Epaileak ere gogoan hartu nahi izan ditu: "bertsolaritza neur-tzea oso subjektiboa da, ez da pilotan bezala, pilota txapapera bidaltzen baduzu, hutsa da eta kitto, bertsotan hori ezin da hain zehatz neurtu". Eneko Bidegain, Karlos Ibarguren, Martin Aramendi, Nerea Bruño, Ekaitz Elorriaga, Mirari Azula eta Josu Telleria jardungo dira epaile gaur. Gai jartzaileak, Joana Itzaina, Saroi Jauregi, Zuriñe Iarritu eta Alaitz Rekondo izango dira.

Mugak apurtzen Irailaren 29an hasi zen txapelketa. Bigarren saiorako, Markinan, lehenengo sorpresa. Azken orduan Arkaitz Estiballes Bizkaiko txapeldunak uko egin zion bere lekuari eta Eneko Abasolok ordezkatu zuen. "Guk ekarpenik onena euskaraz egiten diogu euskal kulturari, bertsolarion plaza hau da", adierazi zuen orduko hartan Bertsozale Elkarteak. Zinez, oihar-tzun zabala lortu du aurtengo txapelketak eta euskal kultura lehenengo planora ekarri du bertsolarien trebeziak. Saio askotan sarrerak agortu dira eta Donostiako finalaurrekoa lekuz aldatu behar izan zuten, edukiera handiagoko Gasca pabilioira. Geografikoki ere, mugak hautsi ditu txapelketa honek. Hartara, Oion zein Mauleko herritarrek bertsoaren zirraraz gozatu ahal izan dute. Sekula baino ikerlari gehiago erakarri ditu aurtengo txapelketak, batzuk nazioartekoak. Gaur, BECen, Terraza Zientifikoa izeneko gunean, mundu zabaleko ikerlari eta inprobisatzaileak izango dira protagonista.

Une gogoangarriak ez dira falta izan. Esate baterako, Igor Elortzak Tolosan, Unai Iturriagak Elizondon eta Sustrai Colinak Maulen egindako kartzelako lanak egundokoak izan ziren. Iturriagaren jarduna nekez ahaztuko du zaleak, egun batean ia aukera guztiak galdu eta hurrengoan berebiziko saioa eginda finalerako sailkatu zen durangarra. Fredi Paia ez da finalean sartu, baina bere estilo dramatiko-festibo berdingabearekin ikusleak berotzeko txinparta pizten asmatu du. Era berean, gazteak indartsu datozela agerian utzi du txapelketak. Beñat Gaztelumendik ordezkatuko du belaunaldi berria BECeko oholtzan, baina Alaia Martin eta Jone Uriaren lana ere nabarmena izan da.

Kokalekua Antolatzaileei dagokienez, "joan diren lau urteetako talde beretsua gara, asko ikasi dugu elkarrekin", dio Castañosek. Tokian tokiko bertso eskolen lana lagun izan dute, beste boluntario askorekin batera. "Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak batu duen giza kapitala ezinbestekoa izan da, laguntza handia izan dugu". Alabaina, gogoeta ere egin behar dute antolatzaileek. Finalerako 13.500 sarrerak orain dela bost aste agortu ziren eta zale sutsu askok Barakaldon egoteko aukera galdu dute. Tamainako ikusmina sortu izanaren ajeak dira horiek, baina Castañosek onartu du hurrengorako hausnartu egin beharko dutela, elkarteko bazkide asko kexaka joan baitzaizkie. Hala ere, "San Mamesera aldatzea eta horrelakoak baztertu ditugu; hainbat arrazoi tarteko, gaur egun BEC da era honetako final bat hartzeko lekurik aproposena". 2005ean Donostiatik Barakaldora eraman zuten final handia eta antzeko beste pausuren bat egiteko unea laster irits liteke, "batzuek esaten digute ea Bizkaitik noiz mugituko garen, Iruñean, Gasteizen nahi dute ba-tzuek finala, Baiona aipatu du norbaitek, zergatik ez?". Hurrengo batean beharko du horrek, ordea. Gaur, bertsoaren festa Barakaldon izango da baina herri batzuetan pantaila erraldoiak ipiniko dituztela iragarri dute, finala zuzenean jarraitzeko. Izan ere, aurtengo hau, ikusmina sortu duen txapelketa izan da; Amets Arzallusek nabarmendu zuen, "herri izatetik gertuago egon nahi dugu egun batez".