durango. Eguerdi partean egin zuen atzo Gerediaga Elkarteak aurtengo Azokaren balantzea, eta hitz bi nabarmendu ziren besteen gainetik: poza eta positiboa. Poza, krisiak hain gogor astintzen duen honetan, "emaitza oso onak izan direlako aurtengo aldian", eta positiboa, "lortu dugulako jendearen parte-hartzea eta Azoka Durango osora zabaltzea". Horrela laburbildu zuen atzo Gerediagako presidente Nerea Mujikak aurtengoaren jarduna. "Baikor gaude, jendetza izugarria eduki dugu gurean, bisitariak etengabe sartu-irtenean. Iazko marka ere gainditu dugu, 120.000 bisitaldirekin", azpimarratu zuen atzo Mujikak berak. DINIYCON sistema erabiltzen dute bisitaldien (ez bisitarien) kopurua neurtzeko, eta atzo eguerdiz zifra hori ematen zuen. Datu hauen arabera, guztira iaz baino 10.000 bisitaldi gehiago izan ditu aurtengo Azokak, "parte hartzeko sekulako gogoa ekarri dutenak", Gerediagako arduradunaren esanetan.
Azoka Durango osora zabaltzeko gogoa eta asmoa ere bazuten Gerediagan, eta helburu hori goitik behera bete dutela agertu zuen Mujikak: "Zortzi guneek arnasa eman diote Azokari: zinea, an-tzerkia, teknologia berrien ezagu-tza, sortzaileen jarduna? Hori dena izan dugu herrian sakabanatuta, eta guk planteatutako Hiria hortxe ikusi dugu, bizi-bizirik, Durango osoan sumatu baita eragin ekonomikoa. Aurten inoiz baino gehiago estutu dugu gerrikoa, Azoka duin eta profesionala egiteko, eta esango nuke lortu dugula, Azoka berriro ere izan delako euskal kulturzaleen topaleku".
Emaitzak ikusita, Mujikak aurreratu zuen gogotsu ekingo diotela 49. aldiari: "Balorazioa oso baikorra da, eta horrek ematen digun indarrarekin helduko diogu datorren urtekoari ere".
JENDAURREAN EGOTEAREN GARRANTZIA Euskal Editoreen Elkarteko Jesus Mari Mujika ere pozik azaldu zen prentsaurrekoan: "Eskerrak eman behar diogu honaino hurbildu den jende-andanari, ostiralekoa izugarria izan zen. Gerediagaren lana ere goraipatu nahi nuke, antolakuntza lan handia egin duelako eta komunikazio arloan zuhur eta zorrotz ibili direlako". Editoreentzat Azokak duen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen EEEko presidenteak: "Ingurunean abiadura eta momentukoa gailentzen den une honetan, krisiak estutzen duen honetan, guretzat inoiz baino garrantzitsuagoa da jendaurrean egotea, egiten duguna erakutsi eta gure lanaren berri emateko".
Musika Industriaren Elkarteko bozeramailea ere agertu zen pren-tsaurrekoan. Cristian Amorenaren iritziz, "iazko espektatiba guztiak bete dira, gutxienez, salmentak ere mantendu edo hobetu egin direla". Amorenak ostirala aipatu zuen berriz, "egun historikoa", eta kokapen aldaketak ere mesede egin diela esan zuen: "Diskoetxeak Ahotseneatik hurbil jartzea ideia ona izan da, aproposa eta naturalagoa". Gerediagari eskerrak eman ostean, BEZaren igoerak beraien sektorean eginiko triskantza gogoratu zuen, eta erakundeen laguntza eskatu zuen, kultur industrian estrategia bateratu bat mantentze aldera.
Azkenik, gune desberdinetako bozeramaile Oihane Barrutiak ere bere poza agertu zuen, aurten Azokan ikusi delako "jendeak euskal kultura bizi nahi duela, barru-barrutik". Aurten ezarri den Ikasleen Egunari buruz hitz egin zuen Barrutiak, aitortuz "parte-hartze izugarria" egon dela. Esaterako, Plateruenan 300 ikaslek eginiko erakustaldia aipatu zuen, eta han izandako giroa. "Ikastetxeetatik balorazio ona egin digute, Ahotsenea gainezka egon da askotan, Irudienean inoizko produkturik eta onenak erakutsi dira, jende-ilarak ikusi direla, antzerki maratoiak arrakasta izan du beste behin, Kabian ere pozik daude? Beraz, pozik agertzeko arrazoiak baditugu", adierazi zuen.