ane araluzea

durango

kulturaren alorrean ematen diren joera berriak aztertzeko erakusleiho aproposa izaten da Durangoko Azoka. Halaxe, aurtongoan Zuk zeuk egizu filosofia gutxinaka indarra hartzen ari dela nabarmendu da, batez ere musika alorrari dagokionean. Horrela, autoekoizpenaren bidea jorratu duten hainbat talde eta bakarlariren testigantzak geroz eta nabariagoak egin dira. Eta ez da gutxiagorako, stand propioa izateak ikusgarritasun kolosala eskaintzen baitie musikariei. Zea Mays bilbotarren kasua da, esaterako. Arnasik hartzeko tarterik gabe, diskoak sinatzen eta saltzen eman zuen goiz osoa Aiora Renteria abeslariaren taldeak atzo. Baita herenegun ere. Postu propioa izatearen arriskuak hartu dituzte euren gain. Izan ere, hamasei urtez musikaren industrian ibilbide oparoa jorratu ostean, autoekoizpenaren bidea hartu du lehen aldiz laukoteak. Duela hilabete eskas, disketxeen estalperik gabe, Da albuma kaleratzeko abenturari ekin zioten, eta, dirudienez, ongi baino hobeto joan zaie esperientzia.

"Gauzak aldatu egin dira, eta disketxeek jadanik ez dute diskoak finantzatzeko dirurik. Beraz, diskoa atera nahi baldin bada taldeak berak dena ematearen aukera hartu behar du", azaldu zuen Piti Imazek, Zea Mays taldearen gitarristak. "Azken finean, disketxeen lana %80 batean dirua jartzea baino ez da, dirurik jartzen ez baldin badute, haien lanak ez du merezi", gaineratu zuen. Arrazoi horregatik, zuzeneko kontzertuekin atera duten diruaren por-tzentaje altu bat euren disko berria ekoizteko erabili dute. "Lan gehiago da; baina, azkenean, merezi du", adierazi zuen ziurtasun osoz Imazek. Ez da huskeria beste hainbat taldek ere norabide bera hartu izana.

Jaiegunetan ohikoa izaten den bezala, jendetza izugarria izan zen atzo Landako gunean bildutakoa. Oinez ibiltzea galarazten zuten multzoak metatzen ziren zenbait posturen inguruan. Gune bero horietako beste bat Esne Beltza mediatikoen stand-a izan zen, autoekoizpenaren atzaparretan erori diren taldeen beste adibide bat. Xabi Solanoren bandaren motibazioa, baina, bestelakoa izan da: "Ez dugu finantzaketa arazorik izan disketxeekin, guk esperientzia bizi nahi genuen", argitu zuen DZ Zigor taldekideak. "Baserritarrak bezala, menditik jaitsi eta geuk hazitako produktua saldu nahi genuen. Guk bezala ez baitu inork salduko gure CD-a", azaldu zuen. Eta arrazoi osoz, gainera, musikari-saltzailearen binomioa ia beti ondo funtzionatzen duen formula izaten baita. Dena dela, Gora ekoitzi ostean, bandako kideek ez dizkiote ateak itxi berriz ere disketxe batekin argitaratzeari: "Auskalo, ate diferenteak ireki ditugu gauza ezberdinak aztertu eta ikasteko", eritzi zuen DZ Zigorrek.

Euren aldamenean Eneko Larrañaga dago kokatuta, Enekora proiektuaren orkestra gizona. Kora afrikarra eta diskoan agertzen diren instrumentu guztiak jotzeaz gain, kantatu ere egiten du Txalap.art zigiluarekin Kora izpiak argitaratu duen musikari zestoarrak. Haren esanetan, autoekoizpenerako bidea handitzen doa, bai hasiberrien artean zein musikan urteak daraman jendearen aldetik ere -Su Ta Gar talde mitikoaren postu propioak, esaterako, argi uzten du azken kolektibo honen barruan koka dakizkiekela-. "Bitartekariak dauden bitartean zure lana proportzio txiki batean gelditzen da. Ez dauka zentzu askorik. Lehen jendeak aukera hori baino ez zuen ikusten, gaur egun internet bezalako tresnekin gauzak beste modu batera egitea posible dela ikusi da", adierazi zuen Larrañagak, sare sozialen bidez bere lanaren promozioa eramatearen ardura guztia duenak.

esperientziaren ahotsa Auto-ekoizpenaren fenomenoa ez da gauza berria. Bonberenea Ekintza plataformak eskarmentu handia du zeregin horretan, autogestioaren bidetik DVDak, diskoak, liburuak... kaleratu baitituzte. Gehienetan, Anarï edota Berri Txarrak taldeen lanen ekoizle izandako Karlos Osinaga musikariak egiten ditu ekoizle lanak. Aurten, Napoka Hiriaren Arnasten ikasteko berriz edota Glaukomaren Vol.II aurki daitezke euren nobedadeen artean. Urtero, honako plataformaren bidez, hamar edo hamabi disko inguru argitara-tzen dituztela azaltzen du Juantxo Arakamak, Glaukomaren abeslariak. "Musikaren industria ezagu-tzen dugun bezala, hiltzen ari da", uste du musikariak. Horregatik, Zuk zeuk egizu filosofian itsuki sinesten du, lan artistikoak kaleratzeko inoren beharrik ez dagoela frogatzen baitu.

Abeslariaren esanetan, "autoekoizpenaren bitartez zu zara kaleratzen duzunaren arduradun nagusia, bai onerako eta bai txarrerako ere". Produktuaren erantzule nagusia izateak hausnarketa sakonak egitea darama berekin: adibidez, zein da diskoek duten etorkizuna musika entzuteko formatu bezala? Izan ere, jakina da diskoak gero eta gutxiago saltzen direla. Hala ere, zuzenekoak eskaini ahal izateko aurkezpen txartel gisa funtzionatzen jarraitzen dutela adierazten dute musikariek eta, hortaz, ez du desagertzeko zantzurik momentuz. Hori bai, disketxeen estalpean ekoitzi nahi den edo ez norberaren erabakia da. Orain inoiz baino gehiago.