HARRIA protagonista bezala harturik, berriro ere txalaparta soinuak datoz. Oreka TX taldeak, Hazkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugartek txalapartariek eta Mixel Ducau, Iñigo Eguia eta Juan José Otxandorena musikariek osatua, Silox izena duen bere hirugarren diskoa aurkeztu du, "talde lana ondoen erakusten duen proiektua", taldekideen ustez, aurreko bildumak proiektu zabalagoei loturik joan baitira.
Hamabost kantuz osatutako lana da, hamalau abesti eta We are standard taldearekin grabatutako bonus track bat, beraien estilotik aldentzen dena. Melodia horiek aurrera ateratzeko, gonbidatu berezi askoren laguntza izan dute: Nomadak taldearekin batera egiten dute lan duela sei urtetatik, eta Alos Quartet hari laukoteko Xabier Zeberiok eta Kalakan hirukoteak ere hainbat abestitan hartu dute parte.
Disko berriko abesti batzuk interpretatzeaz gain, bere aurkezpena izan zen atzo San Telmo Museoan. "Etxekoen artean egindako lan bat da", adierazi zuen bertan Harkaitz Martínez de San Vicente taldekideak. Duela hiru urte inguru hasi ziren abesti bilduma honetan lanean, abestiak egiteko orduan "mimo handiz" egiten dituztela baitiote.
Hala ere, diskoa Herritmo izeneko proiektu handiago baten parte dela aurreratu zuten, beraientzat erronka bat izan den zerbait. Intrumentu ugari nahasiz, herri kirolekin lotura duen ikuskizun bat preparatzen ari dira.
Baina musika ez dator beti bakarrik. Abestietako bostek letra daramate. Horietako hiru, Herritmo dela eta idatziak izan ziren, baina beste bi abestirien hitzak diskorako propio eginak dira. Horretaz arduratu dira Jon Maia eta Uxue Alberdi, besteak beste.
Diskoa "taldearen islada bat" bezala definitzen duten arren, kolaboratzaileek ere proiektua bere sentitu dute. Guztiek hitz onak besterik ez zituzten izan Oreka Tx-entzat. Kalakan taldeko Jamixel Bereauk esan zuenez, "gure musikan sinesten lehenak izan ziren, Madonnaren jira baina lehenagotik, eta plazer bat da beraiekin batera lan egitea".
Disko honetan eskeintzen duten musika estiloaz hitz egitean, beraien betiko esentzia mantentzen dela diote taldeko txalapartariek, nahiz eta beste bi diskoak bezain proiektu zabala ez izan. Hala ere, ados daude beste mota bateko doinuak ere badaudela disko honetan, esperimentazioari esker aurkitutakoak.
txalaparta berria
Harriz egindako 27 pieza
Doinu berriak aurkitzearen arrazoi nagusietako bat harrizko txalaparta izan da, 27 piezas osatutakoa. Musika egiteko harrieran erabilera hori izan da diskoari Silox izenburua jartzea bultzatu diena, siloxari esker tresna ugari asmatu baitziren garai batean.
"Litofono honek harmonia sortzen utzi digu", azaldu zuen Martínez de San Vicentek. Tresna berri bat sortu dute esperimentazio honetan. "Hasieran kosta egin zitzaigun, baina lortu dugu neurri batean tresna berria menperatzea", onartu zuen Ugartek.
Bestalde, soinu desberdinak nahasten dituzte hirugarren lan honetan. Makilak beharrean, kainaberak erabiltzen dituzte, eta beraien artean talka eginez soinu desberdin bat lortzen dute beraien abestietan. Hala ere, taldearen ezaugarri nagusia egurra izan da, eta ez dute alde batera utzi nahi izan.
Taldearen lan berriaz gozatu nahi duenak Durangoko Azokan edukiko du diskoa erosteko aukera, eta hau bukatu eta gero, dendetan jarriko da salgai. Zuzenekoei dagokienez, abenduaren 11an izango da lehenengoa, eta hortik aurrera ikuskizun ugariren berri emango dute.