DUELA aste batzuk, Eus-kadi sarien agerpenetako batean, ustekabeko errebelazio bi entzun izan ziren. Ramiro Pinilla idazleak esan zuen, ahots urratuz esan ere, berbarik ez egiteko idazten duela; eta, ekitaldi berean, Ramon Saizarbitoriak onartu zuen idazteak bere bizitzan izan duen (eta duen) pisua. "Berandu asumitu dut, bokazio edo behar hori baitaukat, neurri batean ni neu esplikatzeko baliagarri zaidana". Hari beretik tiraka, liburu interesgarria argitaratu berri du Txalaparta argitaletxeak. Bertan, Irati Jimenezek atzerriko edozenbat sortzailek idazteko prozesuari buruz esandakoak biltzen dira. Definizioak, aholkuak, burutazioak, madarikazioak, sententziak... Honatx lagin bi. Batetik, Harkaitz Canok hi-tzaurrean botatzen duen gezi elegantea: "Ezerk salbatzekotan, estiloak salbatuko gaitu". Ez da liburuak gordetzen duen perla bakarra. Hemen bigarren bat, Irati Jimenezen bildumari titulua jar-tzen diona, Frank Yerbi idazle estatubatuarrak aspalditxo esandakoa: "Eleberri on bat aiztoarekin egiten da, ez arkatzarekin".

Egileek etengabe gogoan darabilten kontua da idazte prozesuarena, eta, horrekin batera, idazle izatearen zama edo zoriarena. Euskal idazleen kolektiboari horri buruz galdetu eta askotariko eran-tzunak jaso ditugu. Aiztoa eta arkatza liburuaren koordinatzaile Irati Jimenezek, esaterako, umetatik disfrutatu izan du idazketa prozesuarekin, eta diosku ordutik ez diola utzi idazteari: "Batzuetan frustrazio puntua izan dudan arren, sekula ez dut galdu umetako plazer hori".

Itxaro Bordaren erantzuna, ostera, apur bat apokaliptikoagoa da: "Idazten dut besterik ezin dudalakoan eta nolabait bizitza salbatzen didalakoan. Inguratzen nauten ezagun eta ezezagunekiko harreman-bide bakarra dut idaztea, bereziki poesia. Idaztea azkenik, diruz aberats okitzen ez nauen arren, mundura ekarri ene apurra da -kolibriaren partea alegia-". Idazle hasiberriarentzat ere gordetzen du aholkuren bat baionarrak: "Lan egitea, lanean erotzea, lanarekin, hau da, idatzi beharrarekin obsesionatzea eta irakurtzea etengabe, edozer, trebetasuna ezer ez baita jaidura hori hazten edo alimentatzen ez bada. Batez ere plazer hartzea izkiriatzeko orduan. Eta gainerakoaz, politikarien edo kulturkraten eskakizun-manuetaz, adibidez, axolarik ez edukitzea".

Katixa Agirrek zuzenera jo du, itzulinguruak hurregorako utziz: "Idazleak idazten du idazteko gogoa duelako eta kitto. Ez dago beste esplikaziorik. Edo baldin badago, ez du garrantzirik. Idazten du gorputzak eskatzen diolako, eta gorputzak eskatzen diguna jarrai-tzea komeni delako. Niri, adibidez, zergatik gustatzen zait txokolatea? Ez daukat ideiarik ere. Eta gainera, berdin zait. Txokolateaz disfrutatzearekin nahikoa zait".

olasagarre eta urretabizkaia

Barruko bultzada eta zerbait ederra egiteko gogoa

Badira, Kirmen Uribe legez, ogibidea hitza aipatzen dutenak, eta jada euren buruari galdera hori ebitatzen diotenak ere bai. Juanjo Olasagarre kasu: "Dagoeneko ez diot nire buruari galdera hori egiten. Hasieran bai, hasieran eran-tzun bat bilatzen saiatzen nintzen, baina gero idaztea ohitura, aztura, baita bizioa ere bilakatzen da; seguru aski bizitzari zentzua emateko moduetako bat da, nahiz eta onartu azken boladan lasaiago aritu naizela idaztearekin, alegia, lehen egunero idazteko beharra nuen, orain, aldiz, lasaiago harturik, idazten badut ongi eta ez badut idazten baita ere ongi. Jakina, zerbait ederra egiteko beharra ere badago hondo-hondoan". Eta idazle hasiberrientzat aholku apal bat: "Baten bat ematekotan, esanen nieke idazten hasi aurretik zertaz eta nola idatziko duten zehazteko. Gaztea nintzenean idazten hasten nintzen zertaz eta nola oso ongi jakin gabe eta nahiko frustrantea zen. Gero ikasi nuen proiektuak eskema bat izan behar duela, nahiz eta eskema hori aitzakia baino ez izan. Dena dela, idazten hasi nahi duen bati eman beharreko lehendabiziko aholkua zera da: irakurri, irakurri, irakurri".

Arantxa Urretabizkaia eskarmentu handiko idazlea da, eta, hala ere, ez daki zergatik idazten duen. Hori da bere aitormen ñabartua: "Barruko bultzada da, txikitatik ezagutzen dudana. Idazle baino lehen irakurle nintzen eta halako batean pentsatu nuen nik ere egin nezakeeala antzeko zerbait. Sasoi hartan pentsatzen nuen idaztea grazia bat zela, zerutik etorritako zerbait. Orain badakit ofizio bat dela. Behin, etxekoekin bazkaltzen ari nintzela, zerbait kontatu nahi nuen eta ez nuen horretarako tarterik aurkitzen. Hor esan nuen seguraski egia borobila ez den zerbait: orain badakit zergatik idazten dudan, irakurlea nire liburu bat irakurtzen ari denean irakurtzera behartuta egongo delakoan, nire jarduna moztu gabe". Aholkurik ez, ordea ("ez nioke inori aholkurik emango, eskatuko baizik").

uribe eta bilbao

Batetik, ogibidea, bestetik, irakurtzearen plazerra

Kirmen Uriberen arrapostuak aurrekoen erantzunak biltzen ditu, neurri batean: "Esan nezake idazten dudala ogibidea dudalako. Esan nezake, halaber, mundua pixka bat hobetzeko egiten dudala, bestelako errealitateak amesteko. Baina, bene-benetako egia da plazer hutsez idazten dudala, ongi pasatzen dut". Eta Olasagarreren aholku bera dauka eskarmentu bako idazleentzat: "Asko irakurri. Berandu argitaratu. Ez kikildu, eutsi goiari, idaztea bide luzea baita eta akatsekin ikasten delako".

Iban Zalduak irakurtzen duelako idazten omen du, eta Leire Bilbaok beste horrenbeste (Gorka Bereziartuaren idazkurle hitza gogoan): "Irakurtzen dudalako idazten dut. Eta gero eta gehiago irakurri, gero eta idazteko gogo biziagoa izaten dut. Batez ere, autore edo obra berriak deskubritzerakoan. Kontua besterik da, ordea, presazko bizimodu honetan gero eta denbora gutxiago dugula idazteko, eta, tamalez, irakurtzeko". Aholkuekin ere ausartzen da ondarroar poeta: "Autozentsura ahalik eta gutxien praktitzeko, besterik ez".

Goizalde Landabasori kontrako eztarrira joan zaio galdera, eta atzekoz aurrera planteatzen du auzia: "Idazteko arrazoi asko ditut. Niri honekin lotuta beti okurri-tzen zait beste galdera bat: Zergatik ez dut idatziko? Zergatik ez duzu zuk idazten? Batzuetan frustrazioak kaleratzeko idazten dut, garrasi egiteko, minak uxatzeko, nirea ez den beste begirada bat bilatzeko, mundua ulertzeko, nire burua ulertzeko, sentitzen ditudanak ahanzturak eraman ez ditzan nonbaiten uzteko... Zergaitik ez du mundu osoak idazteko beharra?".

Irakurtzearena da idazleek ematen duten aholkurik aipagarri eta errepikakorrena. Goizaldek ere uste bera du, idazle gazteek irakurri egin behar dutela. Asko. "Idazteko esango nioke. Gogoa badu idazteko, beharra badu idazteko, egiteko. Baina idazten hasi aurretik irakurtzeko esango nioke. Asko irakurtzeko, eta irakurketa goza-tzeko, eta ezin badu gozatu, goza-tzen ikasteko. Uste dut hortxe, irakurketan hasten dela benetan idazketa prozesua".

apalategi eta jaio

Errealitatea hobeto ulertzeko modu bat

"Neure buruaren jabe izateko aukera ematen didalako idazten dut nagusiki. Idaztea errealitatearen jabetza berreskuratzeko modu bat da". Horrela azaltzen du Ur Apalategik bere joera edo grina. "Halere -jarraitzen du-, ez dut bakarrik neure buruarentzat idazten. Irakurlearekin partekatu nahi izaten dut errealitatearen bertsio birsortu hori eta horrek esan nahi du besteek daukaten errealitatearen ikuspegia ere kontuan hartu behar izaten dudala idazterakoan. Horregatik, argitaratzeko helburuz idaztea ez da aktibitate autista edo onanista, ekintza soziala da, hitzaren zentzu onenean, besteak ulertzera behartzen zaituen zerbait delako".

Aholkuen terrenora pasatzean, hirukoitza da idazlearen oharra: "Autoexijentzia mugagabea behar da eta buruargitasun gupidagabea norberaren lanarekiko. Bi baldintza hauek nola betetzen dituen idazleak, halakoa izango da bere obra. Hirugarren aholku bat gehitu liteke: ez idatzi ez baduzu arrazoi onik idazteko. Nola jakin zein diren arrazoi on horiek? Bada, galdera hau egiten badiozu zeure buruari esan nahi du ez duzula arrazoi onik idazteko".

Karmele Jaio arabarrak ere asko pentsatu izan du kontu honetaz, eta erantzuna erraz samar atera-tzen zaio: "Badaude bizitza honetan ukitu eta ikusi ezin diren gauzak, baina badirenak, eta horiek hitzen bitartez harrapatzeko ahalegina egitea ere bada niretzat idaztea; ulertzen ez ditudan hainbat gauzei hitza jarriz gero, nire-tzat ulergarriagoak izango direlakoan. Honekin batera, idazteak zehatzago pentsatzeko aukera ere ematen dit. Eta batez ere, zerbait kontatzeko beharra dudalako, fikzioaren bitartez ez bada, nekez kontatu dezakedan zerbait. Zenbait lekutara heltzeko literatura eta artea bide bakarra dira". Gomendioren bat edo beste ere badauka idazle hasiberriari emateko, hain zuzen, "ez itxaron ideia on bat izan arte idazteko, hasi zaitez idazten. Idazketa prozesuan bertan aurki-tzen dira gehienetan bide eta irtenbide guztiak. Eta, bestetik, esan egia. Fikzioak, nahiz eta asmatutako zerbait izan, ez daukalako zerikusirik gezurrarekin".

elorriaga eta apaolaza

Barrea eragiten duen ofizio serioa

Unai Elorriagari ez zaio arrazoirik falta idazteko, eta horrela agertzen du bere erantzun luze eta mamitsuan: "Mila arrazoi dago idazteko, originala bat bera ere ez seguruenik, mila idazlek aipatu dutelako mila aldiz. Arrazoi serioak eman daitezke asko, maila ematen du horrek, baina arrazoirik benetakoena da disfrutatzen dugula idazten. Alderdi ludikoa mozorrotu daiteke, konpromisoarekin, mundua aldatzeko aldarriekin eta abar eta abar, baina sakonean dibertitzea dago, ondo pasatzea, barre egitea, testuari, heriotzari, inguruari. Horrek ez du esan nahi idazteak ez duenik balio mundu ikuskera bat adierazteko, gogoeta egiteko, munduko loka-tzak erauzteko; baina, serioak bagara, aitortu behar dugu idaztera bultzatzen gaituena barrea dela, edo irribarrea behintzat, edo inurri ludikoak izateko guraria".

Gomendioak ematerakoan, ostera, zuhur jokatu nahi du Algortako idazle iaioak: "Aholkurik emateko moduan ez nago, badirudielako idazle guztiak mundu desberdinak direla, pertsona guztiak diren neurrian beharbada. Aurrekoari tiraka, esango nioke hasiberri bati ez galtzeko disfrutatzeko literaturak daukan indar hori. Eta galtzen hasten dela sumatzen badu, zakarrontzira botatzeko guztia, hitzaren zentzurik zabalenean".

Uxue Apaolazak hiru liburu plazaratu ditu, baina urteak darama-tza idazten eta ezagunak (eta txalotuak) dira prentsan egin dituen agerraldiak. Gaur egun Noticias Taldeko Ortzadar gehigarrian kolaboratzen du, hamabostero: "Idazteak irakurtzen dudan munduan txertatzen naizenaren ilusioa sortzen dit. Niretzat idaztea irakurtzearen luzapen bat da; gezurren bidez egiek ezkutatzen dituzten ñabardurak eta errealitateak seinala daitezke, ñabardurak aldarrikatu, eta nire obsesioak kutsa-tzeko sedukzio tresnak ematen dizkit, eta baita pentsatzeko ere, hizkuntza, hizkuntza bihurritu eta manipulatzeak pentsamendua, ideiak, mugara eramatea ahalbidetzen dit, eta ez dakit horrela ni munduan txertatzen naizen edo mundua nigan; edonola ere, errealitateak ematen ez dizkidan kon-plizitateen bila abiatzen naiz, eta askeago sentitzen laguntzen dit".

Idazletzari buruzko aholkurik ematen ez da ausartzen, ordea, hernaniarra: "Nik ezin ditut idazle-tzari buruzko aholkuak eman, (gutxi praktikatzen dudan pertsonaia bat delako), bakoitzaren erabakiak iritsi nahi duen lekuaren arabera izango baitira, eta horren arabera izango da esfortzua norantz (eta norenganantz) egin behar duen. Edonola ere, asko irakurtzea ezinbestekoa iruditzen zait niri, eta idazteko denbora izatea, eta denbora sarri dirua da. Ez dakit aberatsa izatea aholka daitekeen; edonola ere, nik horretan ez dut asmatu".