HERNANI. Hain berea duen buruko zapia etxean utzi eta ilea solte dakar Lujanbiok. Kiribil beltzak dantzan datoz, mementuko askatasunak larregi iraungo ez duela susmatuko balute lez. Finalerako txima guztiak ondo amarratuko ditu hernaniar txapeldunak, besterik ez bada, bere buruari dena kontrolpean duela sinestarazteko.

Kirolari bati egiten zaion galdera da, baina, Finalaren atarian, zein gorputzaldi duzu?

Gogotsu nago, zailagoa da neurria hartzea denborari, finalean bakarrik parte hartu behar dudanez. Edonola ere, animoso nago, lan egiteko gogoz eta Txapelketa ahalik eta osoen disfrutatzeko.

Atzerako ispilutik begira?

Hori bainoago, barruan egotea gustuko dut. Bertsozale bezala ere ederra da Txapelketa jarraitzea, entzutea, bere osotasunean disfrutatzea.

Askotan esan duzu lotsatia zarela, bertsolari lotsatia. Kontraesana dirudi. Zelan saihesten duzu lotsa edo beldur eszenikoa?

Gehiago sufrituko nuke jendaurrean beste edozer egiten. Azken finean maskara bat da, pertsonaia bat, postura bat. Rol horretan ondo sentitzen naiz. Normalean, nahiago izaten dut ezkutuan egon, baina bistan egoteko modu desberdinak dira bertsotan egitea edo komunikabideetan agertzea.

Inoiz aipatu izan duzu sikologiara jo behar dela une berezi horietan, trabatzen zarenean... Nola lantzen duzu hori?

Adinarekin arazoak ez dira alda-tzen, baina disimulatzen ikasten duzu. Gaur egun saiatzen zara, behintzat, gelditu ez egiten. Denborarekin erreminta gehiago dituzu estuasunetik ateratzeko.

Gaitza da Txapelketaren tentsioa saihestea?

Ezin da saihestu. Nik pilo bat sufri-tzen dut besteak entzuten, gogortuta, nerbioso ikusten ditudanean. Neu egoten naizen moduan.

Bertsolari Txapelketa konpetizio desberdina da zentzu horretan. Ikusleak baditu bertsolari begikoak, baina ez da pozten besteak kanporatzen direnean.

Hori ederra da. Ikuslea egon daiteke bata edo bestearen alde, baina ez inoren kontra. Eta bertsolarion artean ere berdin, lagunak gara eta ez diogu ezer txarrik desio aldamenekoari. Desio dioguna da ondo egitea, eta gero norberak are hobeto.

Eta buruan uneoro errimak, doinuak eta hitzak darabilen pertsonak, zelan deskonektatu gero?

Deskonektatu baino gehiago esango nuke intentsitate momentu desberdinak direla gureak. Esaterako, orain, Txapelketa garaian, buru-belarri duzu burua horretan. Dena zupatzen, hitz guztiekin geratzen, dena grabatzen ahalegintzen zara... Eta bestetsuetan lasaiago zaude. Baina txip hori, buru barruko begi hori irekita daukazu eta erne zaude, izateko modu bat baita bertsolaritza, egoteko modua.

Noiztik zaude argi gorria jarrita?

Orain ari naiz erreboluzioak har-tzen. Uda amaituta hasi nintzen txirriki-txarraka, eta orain, azaroan, apur bat azeleratu beharko dut...

Euskadi Irratirako egiten duzun kolaborazioak ere lagunduko dizu aktualitatera atxikita egoten.

Erne egoteko denak laguntzen du. Gustura ari naiz irratian, azken finean hitzekin jolastea baita hori ere. Hitzen jolasaren bidez ideiak edo zure iritziak ematea.

'Berrian' ere ibili zinen horretan. Lurralde arriskutsua iritziarena...

Egia esan, bai. Interesgarria da iri-tzia botatzea, kontrolatzen baduzu gaia... Niri interesatzen zait bertsolaritzaren alde ideologikoa ere, eta zentzurik zabalenean esaten dut hau. Hori bai, beti jendearen bistan egote hori nekagarria da, batez ere prentsan zaudenean. Gogorra egiten zait, baina gogortasun horrek zure onena ateratzen laguntzen dizu. Pribilegio bat ere bada zure iritzia non zabaldu edukitzea, baina oso konprometitua era berean.

Ideologia aipatu duzu. Zer esango zenioke bertsolaritzan joera ideologiko konkretu bat ikusten duenari?

Bada topiko bat bertso-mundua alde horrekin lotzen duena. Ez dut esango ez dagoenik, baina bertso-mundua esatea ez da justua, oso mundu anitza baita gurea. Denetarik dago bertsolarien artean eta kolektibo plurala da. Bertsolaritza urrutitik ikusten duenak beharbada pentsa dezake horrelakorik, baina hurbiltzen denak badaki bertsolarien artean ñabardura dexenteetako ideologiak eta ikuspegiak daudela.

Eta bertsolaritzak zer eskaini dizu zuri urte hauetan? Egin, egin zaitu?

Egin nau gauza narbarmen batengatik: bizi guztian hor daramadalako. Eta nire heziketa eta hazitzea berarekin izan delako. Herria uler-tzeko lagundu izan dit, Euskal Herriko errealitate desberdin asko ikusi eta bizi izan ditut, kontraesanak sortu dizkidate, eta horrela denbora guztian mamitzen zoaz zure burua, zure ikuspegia, zure ideologia... Oso modu bereziko nerabezaroa eta gaztaroa izan dugu bertsolariok, kultur munduan eta euskara munduan oso jende aktiboarekin kontaktatu dugulako.

Eta zein izan da zure eboluzioa bertsogintzan? Baduzu mugarri edo etapa jakinik?

Mugarri batzuk badaude, ez direnak oso errealak baina orientatiboki balio dutenak. Txapelketak funtzionatzen du mugarri bezala, bertan erakusten duzun bertsogintza ez baita Txapelketarako eta egun horretarako egindakoa, urteetako eboluzio baten esposizioa baizik. Txapelketa zure kezka estetiko eta edukizkoen eskaparatea da.

Txapelketa mugarri, beraz.

Bai, eta esango nuke nire gaztaroko bertsogintza, hastapenekoa, nahiko leku errazetik egindakoa zela, efektiboa eta umoretsua. Bolada hori pasa ondoren, mugarritzat jar-tzen dut 2001eko Txapelketa, nire buruarekin neukan apustu bat erreibindikatzeko baliagarri izan nuena. Jendeari hori baino gehiago izan nahi nukeela erakutsi nahi nion, eta nahiko nukeela beste gai batzuetaz hitz egin, beste tono bat erabili... Txapelketa horrek hori irudikatzen du, nire buruari eginiko apustu horren azalpen publikoa.

Jardunaren jardunaz, etorri zen aldaketa.

Etengabeko autoborroka da bertsolaritza, kontraesan etenbakoa, inkonformismoa, bilaketa bat... Nire rolean murritz sentitzen nin-tzen, deseroso; beste kezka estetiko eta ideologiko batzuk azaldu nahi nituen jendaurrean, eta horri ekin nion. Nahikoa inpopularra izaten da aldaketa mementu hori, jendeak badaukalako zure irudi bat edo estilo bat barneratua, eta zu hori apurtu nahian bazabiltza, jendearen espektatibak ez dituzu betetzen.

Ikuslea ere aldatu da hogei urtetan, bertsolaritzarekin batera.

Bai. Eta ezin dut ulertu nire aldaketa prozesua belaunaldi berri baten barruan kokatuta ez bada. Eta testuinguru berri horrek ekarri du estetika berri bat bertsolaritzara, ideia berriak, mundu erreferentzial berria, umore diferentea, neska eta mutilak elkarrekin bertsotan ibiltze hori, bertso-en-tzule berri bat ekarri du... Eta hori, neurri handi batean, bertso-eskolei zor diegu. Bertsolaritzako ira-ultzarik handiena bertso-eskolak agertu ostean etorri da.

2009ko finalak islatu zuen belaunaldi berri horren finkatzea, ezta?

Aurreko Txapelketa inportantea izan zen, eta finalak sinbolikoki oso ondo irudikatu zuen transmisioaren irudia. Batetik, Joxe Agirrek txapela jartzen zion belaunaldi gazteari, eta, tartean, kate-begi lana hainbeste urtetan egin duen Andoni Egaña zegoen. Nolabait esateko, hiru belaunaldi geunden aldi berean oholtza gainean eta erreleboa ematen zitzaion belaunaldi gazteenari. Hor bisualizatu zen bertsolaritzak oso ondo egin duen lan bat: transmisioarena.

Ikusle berriak irabazi ditu bertsolaritzak. Gehiago ere bai, finalerako sarrerak salduta baitaude.

Lan izugarri baten ondorioa da. Gailurraren gailurrean 13.000 lagun batzeak esan nahi du oinarrian askozaz gehiago daudela. Oinarria asko landu da, Euskal Herriko bazter guztietan, herri mailan. Autokritika dexente egiten da Elkartean, harrigarria zenbat proiektu dauden martxan aldi berean, jende pilo bat borondatez lanean... Eta Bertsozale Elkartetik aparte dauden beste bertso-eskolak, autogestionatzen eta autoinbentatzen direnak, horiek ere ezin dira ahaztu.

Eta lurralde berriak esploratu ditu, besteak beste, antzerkia edo musikarekin nahastuz.

Gure gaia hitza da, hitz kantatua eta gainera a capela. Oso malgua da edozein terrenotara eramateko, deskonposatu daiteke, erabili, moldatu, eta gu horretan gara apur bat espezialista. Orduan, normala iruditzen zait bertsolarien partetik esperimentatzeko gogo hori, bestelako arte jardunetan dabilen jendea gure gertuko jendea delako eta bertsolariak badaukalako kezka artistiko bat, bilaketa nahi bat. Horrek ez du esan nahi beti ondo ateratzen denik, askotan bertsoa galtzen ateratzen delako.

Mitifikazio puntu batera heldu da bertsolaritza?

Horrek, izatekotan, telebistarekin dauka zerikusia, baina ez da bertsolariaren estilokoa.

Xabier Amurizak urteak darama-tza euskararen 'zuloak' aztertzen eta agertzen. Zehaztasunean herren omen dago gure hizkuntza. Sumatu duzu gabezia hori bertsoa botatzerakoan?

Argot mailan gabezia batzuk baditu euskarak, baina era berean esploratzeko territorio zabal bat ere badaukagu hor. Eta tarteka bertsolariak hitzak sortu ere egiten ditu. Zentzu horretan ezintasunik ez dut sumatu, ez.

Emakumea bere lekua berreskuratzen ari da bertsolaritzan. Aspaldiko hiletariak edo 'profazadorak' gogoan...

Betidanik kantatu izan du emakumezkoak, bai. Kontua da espazio publikoetan egoten ez zaiela utzi izan. Azken urteotako aldaketa bertso-eskolen ondorioa da, batez ere. Oraindik badira arazotxoak, sozialki dauden zailtasun berdinak edo antzekoak, baina bide asko egin da denbora gutxian.