Iruñea. Absurdoko kontuak edo zoroen herriko kronikak deritzon lanean (Pamiela, 2013), gogoeta filosofikoa aurkituko du irakurleak eta baita hamaika ipuin xelebre ere, Kokoherrin kokatuak. Absurdoaren muinera joanda, Patxi Zabaletak gizakion oinarrizko kezken izaera agerian jarri nahi du.
Zergatik erabaki duzu liburua absurdoaren inguruan ardaztea?
Bi arrazoi daude batez ere. Bata, pentsamoldearekin lotua da, ni Filosofian lizentziatua naiz eta absurdoak, hain zuzen, eragin handia dauka Mendebaldean arrazoitzeko daukagun erarekin. Izatea, etorkizuna, denbora, heriotza eta abar aztertzeko bidetzat hartu dut absurdoa. Bigarrenik, arrazoi literarioa dago: Eroen herria guztiok erabili izan dugun erreferentzia da, norberaren eta pertsonaren arazo nagusien gaineko kezkak azaltzen diren ipuinak egiteko. Literaturaren ikuspegi horretan txantxa edo txisteetan erabiltzen den eroen herria islatu nahi izan dut.
(Des)teoria kaotikoa delakoa aurkezten duzu liburuan eta bertan diozu zaila dela absurdoa hitz zehatzez definitzea.
Absurdoa definitzea da, itsuari koloreak zer diren azaltzearen gisakoa. Gutxi gorabeherako definizioa eman daiteke, konparazioak egin, baina absurdoa bera muga-tzea ezinezkoa dirudi, logikatik at baitago, bilakaerarekin, mugimenduarekin, aldaketarekin zerikusia dauka. Absurdoa nabarmen uzten duten ezaugarriren bat aipatzekotan, kontraesanarekin duen hurbiltasuna izango litzateke. Kontraesana da absurdoaren laburpenaren gisakoa. Liburuan, izenburuak eta kontzeptuak bikoitzak dira, bikoiztasuna kontraesanaren irudia baita. Absurdoa ezin daiteke bat bakarra izan, behar da bat eta bere aurkakoa.
Nolakoak dira liburura ekarri dituzun hamaika ipuinak?
Absurdoko ipuinen antitesia, bihurrien edo pikaroen ipuinak lirateke, egituraz desberdinak dira. Bihurrien kasuan, protagonista aurretik ezaguna da, adibidez Pernando Amezketarra. Absurdoko kontuetan protagonista herria da, anizkoa, taldea; arazoak herriarenak izaten dira eta konponbidea herriak bilatu behar du. Kontuaren egitura ez denez erabat logikoa, irtenbidea ere ez da logikoa. Hala, istorio bakoitzak irakurleari aukera ematen dio gogoeta egiteko, indarraren jabe-tzaz, askatasunaz, maitasunaz, denboraz eta abar. Norberaren arazoak izan litezke, beste batzuen begiekin ikusiak. Ipuin hauekin ez dut algara eragin nahi, irribarrea bai, gainera idazle bezala, ni saiatu naiz pentsatzeko bideak ematen, nork bere ondorioak atera ditzan.
Kokoherrin kokatu dituzu hamaika ipuinak. Arrotzen herria, besteena omen da Kokoherri, baina hango pasadizoak ez zaizkigu hain arrotz egiten.
Kokoherri da, bereziki, arrotzen geure herria. Kokoak arrotzak dira, besteak, baina beste horien artean bagaude gu, geure baitan badagoelako arroztasuna. Kokoak, Euskal Herrian, atzerritarrak izan dira, bertakoa ez dena, ezezaguna, nik ezagutu dut herrian "kokoa dator" esapidea, erdaraz ere esaten da. Horregatik ipini diot Kokoherri izena. Etnografiak erakusten digu, kanpokoez, besteez egiten diren txisteak, absurdoko kontuak izaten direla, adibidez donostiarrek bilbotarrez egindakoak edo nafarrek gipuzkoarrez.
Nolakoa da Kokoherri?
Besteen herria da Kokoherri, eta aldi berean norberarena da. Ingurukoei begira bizi dira baina arazoaren sortzaileak eta konponbidea bilatzen dutenak haiek dira. Mundu txiki baten irudikapena da, pertsonari berari gertatzen zaionaren antzera: besteak hor daude, laguntza eskatu behar zaie, besteekin batean bizi behar gara, baina azkenean, norberaren barruan egin behar izaten dira hautuak. Gainera, euskal etnografiatik ere hartu ditut garai bateko ikuskera eta pentsamoldeak. Adibidez, kontakizunetako batean agertzen den taia kontzeptua, nik hori ezagutu dut herrian eta inguruan, Goizuetan, Aran-tzan, Leitzan. Material asko hartu dut etnografiatik eta aterabideak ere bai, adibidez diruari buruzkoak. Baina kezkak unibertsalak dira.
Kokoherriko ipuinak denboran kokatzea ezinezkoa da, nahita bilatutako efektua da?
Bai. Folkloreak eta etnologiak bezala, guk begiratzen diogu bukatzen ari den aro bati. Orduko edukiekin, oraina eta etorkizuna aztertzen ditugu. Folklorearekin ere antzera gertatzen da, folklorea da izandako bizimoduak eramatea espresio artistiko batera, horrekin etorkizunari begiratzeko. Esperientzia hartzen dugu talaia gisa.
Esamoldez eta lexikoz aberatsak dira 'Absurdoko kontuak edo zoroen herriko kronikak' liburuko ipuinak. Galbidean den hitz egiteko moduaren lekukotasuna eman nahi izan duzu?
Ni baserri batean jaioa naiz, baserriko bizimodua gu bizi garen belaunaldi honetan bukatu da, orain baserriak beste egitura bat baitu. Bizimodu hartan, bazeuden hizketarako balio zuten hitz eta esamolde anitz, oraingo bizimoduan zaharkituta daudenak. Horren lekukotasuna ematen da ez bakarrik hitzetan, baita gaietan ere, lehen aipatu dut taia adibidez. Zordun naiz etnografiatik jasotzen dudan materialagatik. Horrekin ikuspegi bat sortzen dut, bukatzen ari den herri-bizimodu batetik egina, nahita. Auzolana aipatzen dut ipuin batean, zingira bat garbi-tzeko herri osoa batzen da. Agian ez da gaur egungo gaia, baina balio lezake gogoeta egiteko, gaur egun horrelako auzolanak balio ote lezake ingurumenaz kezka-tzeko, adibidez?
Atal bakoitzak data dauka, zatika idatzitako liburua da?
Zatika eta jauzika, bai. Liburua aspaldiko asmoa izan da, baina gauzatzen denbora asko igaro zait. Tartean, beste ipuin batzuk idatzi ditut, baina albo batera uzten joan behar izan dut, ez direlako absurdoko ipuinak. Horiek beste momentu baterako utzi ditut.
Kokoherrik ez al dizu Euskal Herria gogora ekartzen sarritan?
Literatur lan gehienetan badago kritika soziala eta kritika hori ez da hurbil-hurbiletik egin behar. Urruntze ahalegin bat badago liburu honetan, garaiz eta denboraz aldendu egiten naiz, baina zalan-tza gabe, Euskal Herrian Kokoherrikoak bezalako arazo asko dago, askotan arazo faltsu edo logika gabeak dira eta bilatzen zaizkien soluzioak halakoak dira, tartean sufrimendu handia geratzen den arren. Bizpahiru ipuinetan indarkeria azaltzen da, gero indarkeriaren arazo hori desagertu edo hutsaldu bezala egiten da, hor norbaitek bilatu nahi badu kritika, egon badago. Hunkimendutik egindako argazki bat ere badago atzean.
Euskaltzaina ere bazara; euskara, batez ere erabileran, ez atzera ez aurrera geratu dela dirudi.
Euskararen erabileraren arazoa aintzat hartzekoa da. Kulturak anitzak dira beti eta erabileran egiten dute talka. Kezkagarria da, horren azpian bizimodu ereduek talka egiten dutelako. Hala ere, ez da monolitikoa izan behar. Esaterako, ni harritzen nau, gaztedia bertsolariekin nola elkartzen den mugimendu anitzetan. Aldiz, kantagintzan, ingelesaren uholdea daukagu gainean, ohitura bihur-tzen ari dena, ez bakarrik euskararekin, baita beste hizkuntza ba-tzuekin ere. Nik esango nuke badaudela zailtasunak eta baita aurrerapenak ere, euskara normalizatzea ez da urte gutxitako gorabehera, irakaskuntzan sar-tzea adibidez, denbora luzean egindako zerbait da, egiten ari dena. Idazleok ere saiatu behar dugu gauza berriak egiten, bide berriak zabaltzen.