BILBO. "Txapelketa berriaren helburua eragitea da eta begia jarri nahi dugu bertsolariaren lanean, ez irudian". Esaldi horrekin laburbildu zuen atzo Jokin Castañosek Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren espiritua. Txapelketako koordinatzaileak kartelaren soiltasuna justifikatu zuen atzo, garai latz hauetan "irudi soil eta positiboa" agertu nahi zutela esanez. Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan egin zuten XVI. ahaleginaren agerpena, "inoiz baino elkarteagokoa", Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Muruak berak aitortu zuen legez, mahai zabalean baitzeuden Euskal Herriko bertsozale elkarte guztiak, bostak, hego zein ipar.

Honela, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren edizio berria irailaren 29an hasiko da, Villabonan, eta abenduaren 15ean amaitu, Barakaldoko BECeko eraikin erraldoian. Bertsozale Elkarteak antolatzen duen zortzigarren txapelketa da honakoa, eta guztira hamalau saiok osatuko dute, 43 bertsolari izango direla bertan. "Horie-kin batera, hamalau lagunek osa-tzen dute gai-jartzaile taldea eta 16 izango dira epaile lanetan arituko direnak", jakinarazi zuten atzo antolatzaileek.

Azkenengo finalean, 2009koan, 13.000 zale batu ziren BECen, baina zurrunbilo izugarri horren gainetik beste zerbait nabarmendu nahi izan zuen atzoko prentsaurrekoan Iñaki Muruak: "Badakigu lau urtetik behin jokatzen den Txapelketa Nagusiak oihartzun zabala izaten duela. Hala ere, hori bezain inportantea da zurrunbilo horren azpian dagoena zer den begibistatik ez galtzea, hots, egunez egun bertsoa herriz herri, plazaz plaza, eskolaz eskola erabiltzen dutenen esfortzua, Euskal Herriko bazter guztietan egiten dena. Mugimendu zabala eta dinamikoa da bertsolaritzarena, jende asko dago lan horretan inplikatuta, eta Txapelketa Nagusia etengabeko jarduera horren isla baino ez da".

egañak, uko Berrogeita hiru bertsolarik hartuko dute parte txapelketa honetan: bi Arabatik, 11 Bizkaitik, 21 Gipuzkoatik, lau Nafarroatik eta bost Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoatik. Zaharrena Jon Maia izango litzateke (41 urte ditu urretxuarrak), eta gazteena Maddi Sarasua itsasuarra (18 urte). Parte hartzaile guztien adina kontutan hartuta, bataz bestekoa 32,79koa da. Generoei dagokionez, parte hartzaileetako 13 emakumezkoak dira (43tik), gai-jartzaileen artean 14tik zortzi izanen dira emakumeak, eta epaileen taldean hiru (16tik).

2009eko Txapelketa Nagusiko finalistek eta herrialde bakoitzeko txapelketetan sailkatuek dute Txapelketa Nagusian parte hartzeko eskubidea. Bere aldetik, Andoni Egañak uko egin dio parte-har-tzeari, eta aurrekoan finalean aritu zenez, ez da inor sartu haren ordez. Iñigo Izagirrek ere uko egin dio, eta antolatzaileek jakinarazi zuten Iñaki Zelaiak ordezkatu duela. "Andoni Egañak dena eman du Txapelketan, eta erretiratu den honetan esfortzu guzti hori eskertu nahi diot", esan zuen Muruak atzo, txapeldun handiaren omenez.

Krisialdiak ere hartu zuen tarte bat atzoko prentsaurrekoan. Ber-tsozale Elkarteko lehendakariak gogoratu zuen betiko babesle ba-tzuk galdu dituztela (tartean, Kutxa), baina, ordez, beste batzuen laguntza jaso dutela: "Begi bistakoa den bezala, Kutxaren babesa galdu dugu, haien barne egoera nabarmen aldatu baita, eta lagun-tza horiek hor daude, desertu. Bila ibili arren, ez da hain erraza eta dauzkagun bidelagunak dauzkagu. Pozik gaude lortu dugunarekin, baina oraingoan zerbait gelditzea nahi badugu, borondatezko lanean eta gastuak murriztetik etorri beharko du. Etekinik baldin baletor, horiek izango dira iturriak".

Honela, Bizkaiko Foru Aldundia da finaleko babeslea. Horrekin batera, Getariako Txakolina, Eusko Label Sagardoa, Hazi-Goi Mailako elikagaiak eta Ampo dira 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko babesleak. Besterik ere badago, arduradunek atzo aipatu zuten legez: "Txapelketako saioak hartzen dituzten udalek ere ezinbesteko laguntza eman dute, gehienbat herri bakoitzeko saioak antolatzerako orduan".

interneten Elkarren osagarriak diren bi webgune ditu aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Bata, www.bertsozale.com, 2012ko amaieran berritu zen Bertsozale Elkartearen webgunea, eta bertan Txapelketa Nagusiak azpiatal berezia du. Txapelketari dagokion informazio osoa eskainiko da bertan: parte-hartzaileei buruzko datuak, sailkapenak, albisteak, saioetako laburpenak? Bestea, www.bertsoa.com: Bertsolaritzaren interneteko telebista da, Bertsozale Elkarteak eta Librean kooperatibak elkarlanean egiten duten ataria. Txapelketa Nagusiak bere gunea izango du www.bertsoa. com-en barruan: saio guztietan bildutako hainbat bertsoaldi, zuzeneko emanaldiak, partehartzaileei egindako elkarrizketak eta kulturgintzako eta adituen asterok gogoetak eta iritzi artikuluak egongo dira bertan.