BILBO. Ile kizkur urdindua, bibote zuria, begiak gris-berdexkak eta irribarrea matrail osoan dantzan, Joan Mari Irigoienek liburu berria dakar besapean. Gipuzkoarrak gogor egiten du bertan armagintzaren eta gerraren kontra, aspalditik gustuko duen moldea erabiliz: aurrez aurre jartzen ditu familia bi, kultura eta izate desberdinekoak.
'Arma, tiro, bamm' (Elkar). Tituluak barruan datorrenarekin bat egiten du?
Titulua erabat esplizitua da, bai, eta barruan mamitzen den historiarekin bat egiten du.
Bi familia, bi istorio paralelo irudikatzen dituzu nobela berri honetan. Sarritan egin dituzu an-tzerako paralelismoak. Zertan laguntzen dizu horrek?
Bai. Lehen ere erabili nuen teknika hau, Consummatum est-en, adibidez, ongiaren eta gaizkiaren arteko dinamikan eta dialektikan sartuta. Nobela honetan, berriz, Ekialde eta Mendebaldearen ar-teko gatazka-egoera nuen aztergai, eta horregatik hautatu nituen bi familia: bata hemengoa da, nik asmatutako Euskal Herriko herri batekoa: Bedaibarkoa; bestea, aldiz, arabiar herrialde batekoa da, nik asmatua hau ere: Balad al Xams; herriaren izena: Wadi Abyad.
Nolakoak dira eta zergatik aukeratu dituzu molde horretako familiak?
Hemengo familiak -osatarrek, nolabait esatearren- eskopeta-lantegi bat dute, oinordekoek belaunaldiz belaunaldi jasotzen dutena, harik eta azken osatarrak -Pedro Osak- enpresa aldatzea eta bermoldatzea erabakitzen duen arte, eskopetak ekoizteari utzi eta arma-industriaren uretan mu-giltzen dela, betean murgildu ere. Kontrastean, Balad al Xamsko familia oso beste era batekoa da, islamiarra goitik behera eta Islameko balioetan hezia. Horra hor buruan nuen ideia gauzatua, bi familia horiek bitarteko, Ekialdea eta Mendebaldea aurrez aurre jartzea.
Nondik abiatzen da nobela?
Balad al Xamsko familia honetan gurasoek bi seme biki dituzte: Yazîd eta Hamza. Familia, gainerakoan, hiriburuan bizi da, Ankairun. Egun batean, baina, familiak, bikiak nerabe direla, sorterrira joatea erabakitzen du: Wadi Abyad-era, alegia. Han, urte ba-tzuk lehenago, gerra bat izan zen, eta kontua zera da, bikiak gerra-toki izandakotik erdi-jolasean dabiltzala, mina batek egingo diela eztanda, bikietako bat -Yazîd- lehertuz eta akabatuz. Hortik aurrera, anaia bikia mendekatzea bihurtuko da Hamzaren obsesio eta aurrera segitzeko arrazoi, bere bizitzari zentzua emango diona.
Zu pazifista izanda, nolatan era honetako nobela bat?
Nik alderantziz egingo nuke galdera: ni naizena naizela (pazifista ez ezik, antimilitarista ere banaiz), nola ez idatzi horrelako nobela bat? Oraindik ere hain aktuala dena, bestalde? Begiratu zer ari den gertatzen Sirian. Lehen Libian egin zuten bezala, eta Iraken zer esanik ez. Lehengoan, baina, zer esan zuen Hollandek? Siriarrak zigortuko zituela! Baina nor da bera hori esateko? Begira diezaiola Frantziaren historiari: zer egin zuen, bada, Napoleonek, Europa erdia odulustu baizik? Eta orain, berak zigortu behar ditu siriarrak? Demokraziaren izenean, jakina, eta gezur baten izenean, sharinaren kontuari gero eta antz handiago hartzen baitiot Iraken erabili zuten gezurrarekin, suntsipen masiboko armak zirela-eta. Barkatu sutzen banaiz, baina lotsagarria da.
Bada, bai.
Hara: zenbat hildako eragingo zituen Irakeko gerrak. Milaka zenbatzeari utzi eta berehala hasi beharko dugu milioika. Eta non daude Bush, Blair eta Aznar? Libre! Eta dirutza kobratzen, beren zereginetan! ETA-koek, berriz, hortxe jarraitzen dute, zuloan? nahiz eta tiro egiteari utzi dioten. Berriro esango dut: lotsagarria, benetan! Eta zer iruditzen zaizu Obamarena? Bakearen Nobel sari bat gerrak eta arma-industria bultzatzen: okaztagarria!
Munduan biolentziaren pisua handiegia dela uste duzu? Horrek kezkatzen zaitu?
Munduan, modu batean edo bestean, beti dago presente biolen-tzia. Baina poematxo batean hobeto adieraziko dizut, beharbada: "Hitzaren indarraz min-tzatzen gara/ behin eta berriro,/ baina, zoritxarrez,/ indarraren hitzak ohi du/ azken hitza./ Hortik aurrera,/ betiko historia:/ indartsuenak beste guztiak/ biolento potentzialtzat hartu/ eta irizpide horren arabera/ tankeratzen ditu/ -tankeztatzen, alegia-/ legea eta legediak,/ herritarrok guztiz bete beharrekoak,/ hil edo bizi,/ lehena beti lehenbizi/ eta azkena azken-putz?".
Dirudienez, liburu honetan bada hausnarketarako amurik...
Elkarrekin hausnarketa batzuk egin ditugu orain ere, eta baietz iruditzen zait, nobela honek baduela hausnarketarako nahikoa amurik.
Armagintza, gerrak,... eta erlijioa. Azken hau ere aspalditik interesatzen zaizun gaia.
Alor horretan ere bila eta bila nabilkizu. Oro da misterio, oro mirari. Gure haragia zer esanik ez, maitasuna haragi horren beheraldi eta goraldietan bakarrik baita posible: gorrotoa ere bai, kontrastean. Haragia ahula da, mugek bakartua, eta beste haragi baten baitan bakarrik aurki dezake sendotasuna, bakardadetik ihes. Gizakiak, bere burua heriotzaren ispiluaren aurrean ikusten duenean, are indar handiagoarekin bilatuko du beste gizakien beroa. Lurrak irensten gaitu guztiok, eta Lurra eguzki sistemaren osagarria da? eta, hondarrean, Unibertso mugabeak -hauek Jainko ere deitzen diote, horiek Energia Kosmiko eta haiek Beste Hori- bat egiten gaitu guztiok, eta guztiok egiten dugu Unibertsoaren bihotzarekin bat, taup eta taup. Eta nik, une bakan bakan batzuetan -haizearen edo uraren musikarekin hunkituta, adibidez- sentitu izan dut halako zerbait, atetxo misteriotsu bat irekiko balitzait bezala, bestaldera jotzen duena: ez-leku horretara, non Beste Horrek bizi bainau, nik Beste Hori bizi dudan bezala? Biok ezerezean amilduta, bat eginik. Ez da erraza esplikatzen...
'Arma, tiro, bamm'-en ostean, zerk xaxatzen zaizu hurrengoko paper zuria betetzeko? Poesia? Haurrentzako zerbait?
Une honetan, poema-liburu batekin ari naiz: liburua, doan bidetik, atipiko samarra izango da: ezin serioagoa eta fundamenturik gabekoa, aldi berean?