BILBO. Jantzia eta adeitsua, umore finari tiraka beti, gaztetatik Etxahunen berezko erromantizismoari atxikita, plaza gizona eta eskuzabala, pilota zalea (eta pilotaria), irakasle arduratsua, literaturzale amorratua, gozoa, erretorikan maisu... Hori dena bai, baina euskaltzalea izan zen batez ere Jean Haritschelhar, eta gure hizkuntzaren defentsan agortu zituen bere bizitzako ahaleginik handienak, sakonenak. Atzo, irailaren estreinako egunez, agur esan zion betirako hainbeste maite zuen Euskal Herriari, ipar zein hego, alde bietara begira baitzegoen beti baigorriarra. 90 urte beteak zituela, Biarritzen zendu zen euskaltzaina, gaixotasun larri batek jota.
Jean Haritschelhar Duhalde Baigorrin jaio zen, 1923ko maiatzaren 13an. Lehen ikasketak bertako eskola publikoan egin zituen, eta geroztik harat-honat ibili zen arren, inoiz ez zuen jaioterrirako bidea ahantzi, "bakantzetan" bueltatzen zela aitamengana. Karrikako semea (Karrika gaixtokoa, hain zuzen), Haritschelharrenan jaio zen, bere semeek Ponttoena izenarekin birbataiatu zuten lekua. "Berez, Azkarate zuen izena etxeak, gero Haritschelharrena jarri zioten eta orain Ponttoena", zioen berak itauntzen zioten bakoitzean. Gehexan Pontto izengoitiaz sinatutako edozenbat artikuluk eta kronikek izango zuten errurik.
Baigorri atzean utzi eta Baionan, Mont de Marsanen eta Tolosan ikasi zuen. Letretan doktore zen Ecole Normale Superiore de Saint-Cloud eta Sorbonne-Parisen, ondorengo tesiei esker: Le poéte souletin Pierre Topet Etxahun eta L'oeuvre poétique de Pierre Topoet-Etxahun. Madrilen eta Sevillan ere ikasi zuen, Gustavo Adolfo Becker costumbrista izeneko tesina onduz.
Arlo profesionalean, irakasle lanetan aritu zen 1952tik 1959ra, Agen-eko lizeoan, eta 1962tik 1986ra Bordeleko Unibertsitatean, bertan gaztelania eta euskara eskolak ematen zituela. 1969an, Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedradun izendatu zuten.
1962an aldaketa nabarmena izan zen bere bizitzan, Baionako Euskal Museoko buru izendatu baitzuten; 1988 urtera arte izan zen hango arduradun. Urte horretan ere (1962ko uztailaren 27an) Eus-kaltzaindiak euskaltzain oso hautatu zuen. 1963ko uztailaren 28an, Baigorrin, irakurri zuen sarrera-hitzaldia, Rene Lafon-ek erantzun ziola. Euskararen ardurak eraman zuen Euskaltzaindiara, eta beti aritu zen modu positiboan. Hara 2011n Erlea aldizkarian Iparraldeko egoerari buruz esanikoa: "Ni sartu nintzen berriz ene herrian. Eta geroztik hor sartu dira Jean Louis Davant, Ramuntxo Kanblong eta ez dakit zenbat eta zenbat, eta gauzak aldatu dira. Nik pentsatzen dut, garai batean, holako mespretxu batekin hartzen zelarik euskalduna -garai bateako le basque couraille, mespretxuzko zera hori-, orain bukatua da! Irabazarazi duguna da besteen errespetua! Hor ez da dudarik. Gero, sortu dira instituzioak ere, eta hor da Euskal Kultur Erakundea, Uztaritzekoa". Bazekien belaunaldi jantzi bat zegoela euskararen alde egiteko prest. Eta, tartean, bera.
1971tik 1980ra bitartean Baigorri bere herriaren alkate izan zen. 1988an, Euskal Herriko Unibertsitateak Honoris Causa Doktore izendatu zuen.
1966. urtetik 1988ra bitartean euskaltzainburuorde izan zen eta 1989an izendatu zuten euskaltzainburu, Luis Villasanteren lekuan. 2004ko abendura arte aritu zen zeregin horretan (bere ordez, Andres Urrutia hautatu zuten euskaltzainburu). "Euskaltzaindiak lantzen dituen bi arloak, Iker eta Jagon, haren xede eta helmuga izan dira, ikerketarekin batera beti landu izan baitu euskararen presentzia bermatzea gizartearen arlo anitzetan, nornahirekin eta nonahi, jakitun izanik euskara bera dela euskaldunen nortasuna eta bilgunea", esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak, bere lagunaren jarduna gogoratuz.
Baigorriarra euskaltzain emeritua egin zuten 2006ko uztailaren 20tik; Euskaltzaindiaren baitan Literatura Ikerketa batzordeburua ere bazen, 2005az geroztik. "Pertsonen gainetik erakundea da garran-tzitsua", zioen, Akademiaren pisua eta egonkortasuna azpimarratzen zuela beti: "Euskaltzaindia ez da indibidualki lanean ari, multzo batean baizik".
2010ko martxoaren 23an, Honoris Causa Doktore izendatu zuen UNED-ek (Urrutiko Hezkuntzarako Espainiako Unibertsitateak).
Besteak beste, Ikas, Euskaltzaleen Biltzarra, Societé de Linguistique de Paris eta Euskal Kultur Erakundearen partaide zen. Fran-tziako Hezkuntza Ministerioko Conseil des Universites delako erakundearen batzordekide ere bazen, eta Pizkundea, Iparraldeko Kultur Federazioaren buru ere bai.
mila ertzeko gizona Artikulu ugari idatzi zuen bizitzan zehar, edozenbat aldizkari eta buletinetan: Gure Herria-n, B. Du M.B-n, Revista de Etnografía-n, Euskera-n, Bulkletin hispanique-n, Enbata-n, Herria-n (honen zuzendariorde ere izana zen) eta Estudios de Deusto-n, besteak beste. Pilota aldizkariaren sortzaile eta zuzendari ere izan zen, bai eta Pilotarien Biltzarraren zuzendari ere (Pilota Federazioko kidea ere izan zen, 1968tik 1996 arte). 1943an Frantziako txapeldun izan zen errebotean, baina berak pilotari arruntatzat zuen bere burua.
Bulletin du Musée Basque deri-tzan aldizkaria zuzendu zuen, bertan euskara, euskal kultura, historia eta arkeologia mailako oinarrizko argitalpenak ezagutarazi zituela. Bestetik, Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetakoa ere bazen Jean Haritschelhar. Bertan, lau urtez izan zen irakasle.