Berdantza-bart jakin nuen Jean Haritschelhar- en osasun egoeraren berri. Ustekabean harrapatu ninduen. Izan ere, urtetan aurrera joana genuen arren, haren sasoia eta bizitza dastatzeko etorria ez dira berritakoak izan azkenerarte.
Nik uste dut Haritschelhar jaunaren berri 1967. urtean edo izan nuela lehen aldiz. Garai hartan ez nuen asko uste 20 urte geroago harreman maizak izatea tokatuko zitzaidanik. Ardanza lehendakariak izendatuta, Hizkuntza Politikarako eta Euskararen Aholku Batzordearen idazkari izan nintzen 1985. urteaz geroztik, eta bi erakunde hauetatik barrena izan nituen aipatu harremanak; sarrienak eta estuenak, ordea, Euskaltzaindiari zegokion eremuan.
Luzamendurik gabe, Euskaltzaindiak bere gain zituen ardura eta erronkei egoki erantzun ahal izateko ezinbesteko ziren lanei ekin genien erakunde publikoetako eta Euskaltzaindiaren ordezkariek, artean Luis Villasante euskaltzainburu zelarik. Handik lasterrera, aita Villasanten lekurako Jean Haritschelhar izan zen aukeratua, eta hark hasitako bideari argi eta kartsu heldu zion. Gauzak ez ziren beti errazak izan, hari-mutur asko lotu beharra zegoen, baita hamaika maratila irauli beharra ere, baina zinez esan dezaket, atzera begiratuta, Jean Haritschelhar-en argitasuna eta patxada benetan lagungarri izan genituela esku artean genituen helburuak erdiesteko. Guzti horretan mugarria, ezbairik gabe, Eusko Jaurkaritzak, Nafar Gobernuak eta hiru Foru Aldundiek 1989an Euskaltzaindiarekin Oñatin izenpetutako Hitzarmena. Haritschelhar-ek bazuen, halere, nahi bezala lortu gabeko zerbait: Iparraldeko erakundeen aldetik paretsuko akordioa.
Haritschelhar-ek bizitza dastatzeko zuen etorria aipatu dut gorago. Bizi-tza dastatzen, bere gazi-gozo guztiekin, ondo asmatu zuela uste dut. Harremanetarako gizon ireki eta adeitsua ezagutu genuen. Zeinen ondo zekien leku handitan ibiltzen eta bizitzak dituen gauzarik xumeenaz gozatzen. Nola jakin zuen Fran-tziar estatuko hiritar izaten eta Euskal Herria buru-bihotzetan eramaten, gizarte laikoan hezi eta biziz kristautasunean sustraitzen. Haritschelhar jauna, halaxe deitu dizut beti, agur eta esker on, euskararen eremuan emandako laguntza eta egindako lanarengatik.
* Katedraduna