bilbo
Kobetamendira bertaratutako gazte talde batek beltza rock-aran kolore nagusia dela esan zuen atzo: "argaltzeaz gain, izerdia eta garagardo orbanak kamuflatzen ditu; dena dago pentsatuta, ez da kasualitatea", azaldu zuten mutilek txantxa artean. Musika jaialdietan eskarmentu handia duten horiek bakarrik ateratzen dituzten ondorio enpirikotako bat izango balitz bezala ahoskatu zituzten hitzok. Ez da gutxiagorako. En vivo jaialdian baino lehenago, Kobetasonik edota BBK Live bezalakoetan jorratutako ibilbidea dute Victor, Gorka, Ander eta Soma bilbotarrek. Agerikoa da, baina, En vivo-k ez duela uztailean Kobetamendin ospatzen den jaialdi mitikoaren -ondoz ondoko hiru urtetan 100.000 ikusle baino gehiago batu ondoren mitikotzat har daiteke, ezta?- ukitu cool edo glam-a. Atzokoan, estetika bigarren maila batean utzi eta aldarrikapen garrasiak gogorarazten dituzten kamiseten esperientzia erakutsi zuten arradiaz jaialdietan gerriko beltza lortu duten ikusleek.
"Ez dugu giririk ikusi, jendea nagusiagoa da eta hipster gutxiago dago", iritzi zuen Itziar, Ania, Maialen, Miriam eta Ixonek osatutako taldeak. Gasteizetik etorritako neska gazte hauek -19 eta 20 urte bitartekoak- ez dira hasiberriak musika jaialdiei dagokienean. Kartelak erakarrita baldin badatoz ere, sarritan ikusi dituzte Kaotiko, Berri Txarrak, Los Zigarros edota Potato bezalako taldeak. Gustura datoz hauek berriz ere ikustera, baina, bereziki, The Offspring nazioarteko taldeaz gozatzeko irrikitan daude.
Euskaldunak nagusi direla diote gasteiztarrek. Bilbotarren patriotismo futbolistikoak -Athletic beti gurekin!- zein mendi-janzkera bereizgarriak ez dio kontrakorik. Salbuespenak beti salbuespen. Jaialdiaren batez-besteko adina hogeita hamar urtetan koka daiteke, baina Sopelana eta Gorlizetik datozen mutiko gazteek -nerabezaroa duela gutxi utzi zuen euren artean gandor horixka daraman morroiak- ere gerra emateko gogoa dute. Arraizeko kanpinean lo egingo duen hirukotea Kaotiko eta Lendakaris muertos ikustera igo da Bilboko tontorrera. Hainbat aldiz ikusi dituzte, jaialdiko "bizigiro bikaina" arnasteko gogo-tsu ageri dira, ordea.
Akanpatuta dago Katalunia aldetik etorri den lagunarte txikia ere. Joan, Marc, Marcel eta Marcusek Bartzelonako jaialdirako sarrerak erosi zituzten; hango emanaldia bertan bera gelditu zenean, bi aldiz pentsatu gabe erabaki zuten Bilbora etortzea. Aukera hobezina suertatu zaie: "Dohaineko autobusa jarri digute; beraz, 32 eurorekin garraioa, kanpalekua eta kontzertuak ordaindu ditugu", azaldu zuten. Arenys de Munt udalerriko gazte hauekin batera, zortzi autobus gerturatu dira konde-hiritik. "Jadanik hamabost aldiz ikusi dut Soziedad Alkoholika", aitortu zuen euretako batek. Ez ei da nahikoa. Igandean bueltatuko dira, turismorik egiteko tarterik gabe; baina, gaur, beharbada, alde zaharrera jaitsiko dira pintxo batzuk dastatzera -"harrapatzen dugun mozkorraren esku egongo da", dio Joanek-.
Oraingoan Bilbotik ez omen da jaialdiaren hedapena larregi nabariko. "Txango bakanen bat egingo dugu guk, supermerkatura", zioten Gasteizeko neskek. Izan ere, jaialdia behar bezala igarotzeko ezinbesteko kit-a aluminiozko ontzi apardunek osatzen dutela uste dute musika-zaletuek. Bada giro osasuntsua Kobetamendin -edandako antioxidatzaile kopuru handiak ere zeresana du horretan- eta bada ondo pasatzeko premia duen jende andana ere. Kezkatzeko arrazoirik? Bat bera ere ez, garagardo zipriztinak ez dira eta kamiseta beltzetan nabaritzen!