Letrajaleak beren bakardadean

OPORRETAN gozatu beharreko jarduera atseginenen artean, hau eta hura irakurtzeko asmoa agertzen du jende askok, mikrofonoen aurrean batik bat. Baina asmook egia bilakatuko balira, letrazalez eta letrajalez gainezka ikusiko genituzke hondartzak, terrazak, parkeak: jendeak esaten duenari sinestera, udak irakurketaren festa behar luke.

Baina koska da uda batetik bestera gero eta letrajale gutxiago ikusten dela gure eguneroko bizitzaren plazan. Agian, ordea, udako berotan ere jendeak nahiago ditu etxe barruko bakardadea eta itzala, liburu bat zabaltzea beti baita festa intimua: idazle batek bakardadean idatzi zuena, bakardadean jasotzen du irakurleak. Hori izango da.

"Beharbada irakurle izatea da konturik arraroena" esaldiarekin ixten du Pere Gimferrer poetak idazle arraroei buruzko Los raros liburu estrainioa. (Zehatzago esateko, Gimferrerrek galdera bat eransten dio aipatu esaldi horri -"Borges ote idazle arraroenetan gorena?"-, baina irakurle onenaren ereinotza idazle baten buruan jartze horrek beste auzi batera garamatza: idazle eta irakurle izaerak lotzen dituen eremu askotan topikora. Gaia interes handikoa izanagatik ere, ez da, ordea, nire gaurko jardunaren erbia. Besteren batean, agian).

Irakurle izatea oso da arraroa, hala dio Gimferrerrek eta hala diosku egunero ikusten dugun ia irakurlerik gabeko paisaiak ere. Aldian behin, letrajaleren bat ikusten dugu trenean, terrazaren batean, dentistaren itxarongelan. Eta ikuskizunak harritu egiten gaitu. Agian ez zaigu bururatuko Juan Marséren Un día volveré nobelako emakume batek pentsatu zuena irakurle bat ikusitakoan ("Gaixoa, hori da bakardadea!"), eta kontu segurua da ez garela irakurlearengana hurbilduko emakume hark esan zizkionak errepikatzera: "Barkatu nire atrebentzia, jauna, baina oso aspergarria izan behar du bere burua liburuak irakurtzera derrigortzen duen gizaki baten bizitzak".

Marséren estanpa horretan kontu arraro bakarra ez da irakurle bat ikustea parkean. Hori baino arraroagoa da letrajalea gizonezkoa izatea, eta, aldiz, emakume izatea irakurketaren aspergarritasun existentziala aipatzen duena. Marsék, ordea, ez du ezer esaten eszenako bigarren arrarotasun horrek niri eragiten didan harriduraz.

Nolanahi ere, emakumeak ulertzen ez duena da bakardadea ere bizitza dela. Norbere baitara biltzea, orduak eta orduak irakurtzen eta hausnartzen pasatzea ere bizitza dela.

Bizitza bera da arraroa. Eta bitarteko txit arraro batek laguntzen digu bizitza irakurtzen, bizitzaren misteriora hurbiltzen. Irakurtzen badugu, bizitza oso estrainioa iruditzen zaigulako da. Eguneroko bizitza arruntak, ordea, bizitzaren estrainiotasuna ezkutatzen digu, orbel sarri-sarriak ontto ederrenak ezkutatzen dituen bezala.

Baina baso batean sartzen garenean, lurra irakurtzen hasten gara, horbelak ezkutatzen dituen jaki preziatuen bila. Irakurri aditzak landare baten hosto onak eta txarrak bereiztea esan nahi baitzuen gure baserritarrentzat; alea lekatik bereztea, ganbaran gordetako fruituen osasuna begiratzea. Hitza letren mundura ekarri zuenak liburua fruituz beteriko ganbara baten moduan ikusten zuelako izango da. Bizitzaren misterioa irakurtzen laguntzen ziolako.

Hamabostero urgainen

anjel lertxundi