Jolasa, inauteriak eta mitologia. Hiru gai hauen gaineko dantza-emanaldia da Ixtorio Mixtorio. Dantzari txikiei eta Euskal Herriko dantzari buruzko gogoeta da eta herriek, taldeek eta espektakuluek folklorea berreskuratzeko egiten duten ahaleginari erantzuten dio. "Gazteek eta, batez ere, mutilek dantzatzen dute", dio Claude Iruretagoyenak, proiektuaren zuzendariak. Horregatik, txikienei begira, dantza-taldeek duten gabezia hori bete nahi du lan honek: txikienek, herriko historia ezagutzearekin batera, dantza-taldeetako parte izaten jarraitzea da xedea. Proiektuan Behobiako Eraiki dantza-taldea, Biarritzeko Maritzuli konpainia eta Bidarteko Xinkako daude eta hizkuntzen topaketa kulturala ere badela kontatzen du.
Lanak hiru atal ditu. Lehena haurrei eta jolas tradizionalei buruzkoa da. "Antzinako jolasak ardatz hartuta koreografia egiten da, folklore infantila sortuz bezala". Bigarren zatiak inauteriak jasotzen ditu. Helduek jai hori azaltzeko erabiltzen duten historiaz eta sinbologiaz ahantzi eta haurrak inauteria nola sentitzen duten kontatzen da. "Su artifizial baten parekoa da: kolore, erritmo eta zarata leherketa da". Besteak beste, palu- eta otso-dantza azaltzen dira, eta teknika eta kolorea leher-tzen dira. Hirugarren gaia mitologia da: "Mitologiak istorioak aurkitzeko eta haurrak herriko historiarekin harremanetan jartzeko aukera ematen du". Mariren koban sartzen den haur batek, ametsen munduarekin konektatuz, bertan aurkitzen duena proiekta-tzen du.
Dantza, musika eta poesia Protagonistak 6-16 urte bitarteko haurrak dira, gehienez ere 90: emanaldiaren deskribapenean idazten duten bezala, "haurra baino artista zintzoagorik ez dago eta". Ikuskizuneko dantzaren pausuak lau dira. "Lau pausu xume horiekin, Gipuzkoako eta Zuberoako dantza teknikoak kenduta, Euskal Herriko folklorearen %60-70 landu daiteke: jota, fandangoa, ingurutxo, makila-dantza eta zuhaitz-dantza, besteak beste". Hori baieztatzen du zuzendariak, bere semearekin egin duen ikerketa-lanaren ostean. Beraz, dantzari dagokionez erraza dela dio, ez horrenbeste ikuskizunak eskatzen duenari erreparatuz gero: bai antolatzaileen eta bai gurasoen lana kontuan hartuta. Dantza-espektakulua izaki, dantzariak, jantziak eta musika ageri dira. Aiko musika taldeak eta Aitor Furundarena akordeoilari eta musika konpositoreak ekoitzi dute musika.
Dantza tradizionaletatik abiatuta egin dute lana, bertako kultura ezagutarazteko. Musikaz gain, elkarrizketa dago, batez ere mitologiaren blokean. Hizkuntza eta hitzak ezinbestekoak dira emanaldian, hitzak ere musika direlako eta erritmoa, kolorea eta zentzua ematen diotelako dantzaldiari. Testu horiek poesia dira, "irudi bereziak proiektatzeko oso garrantzitsua", Iruretagoyenaren irudikoz.
Kultur ezagutza eta transmisioa Euskal folkloreari eta tradizioari buruzko ikuskizuna izan arren, kutsu berritzailea baduela onartzen du zuzendariak, zenbait unetan dantza-molde tradizionalarekin hausten delako. Horri esker, alegia, modernotasun aireak izateari esker, ikuskizunak amu gisa balio dezake haur eta gazteentzat. Hala ere, uste du garrantzitsuena tradizioa errekuperatzea dela eta gazteei historia erakustea. Bere ustez, "eurak dira etorkizunerako giltza dutenak eta ondare guztiarekin aurrera egin dezaketenak". Puntu honetan transmisioaren indarra azpimarratu nahi izan du, kultura baita Ixtorio Mixtorio ikuskizunaren ardatza. Uneotan, badituzte proiektuak eskuartean eta duela hamar urtetatik Zuberoako dantzen inguruan lantzen diharduten gaiak laster hartuko du ikuskizun itxura. "Helburua kultura ezagu-tzea da, jakintza eta ezagutza aberastasuna izan daitezen". Esaterako, Zuberoako dan-tzek Ipar Euskal Herritik kanpoko zein eragin izan zuten: "Soldaduska gazteen topaketa izan zen eta hor sortutako dantza egiteko modu berezia Zuberoara ere heldu zen". O-raindik titulua ez dakiten arren, irudiak, jan-tzien proiektuak, musikak eta dantzak badituzte, eta istorioaren funtsa tradizioak ezagutuz ezagutza transmititzea izango da.