Historiaren iparrorratza mudakorra da, ez da sekula gelditzen. Munduaren gaurko iparra ez dago orain lau mila urteko tokian. Zentroa ere ez. Mesopotamiaren, Egiptoren edo Txinaren aro urrezkoetan -edo, Atlantikoaren beste aldean, Maien, Inken edo Azteken inperioenetan- Europa anus mundi zen (munduaren ipurdia), orduko geografia ezagunaren bazter-kantoi muntarik gabeena, eta hango jendea zetaz edo lihoz janzten zen bitartean, ardi-larruekin genbiltzan gu. Pixkana-pixkana, historiaren ibiliak iparrorratzarena aldatu zuen, eta Europa munduaren ipurdi izatetik zilbor izatera pasatu zen. Mendeak eman ditu munduaren gorputz-arima izate horretan, eta Borgesek Buenos Airesgatik zioena neure gaurko harira ekarriz, ipuina begitantzen zaigu Europak hasiera bat izana: ura eta airea bezain eternotzat daukagu.

Baina eternotik gutxi dute giza errealitateek, eta historiaren iparrorratza ez baita inoiz gelditu, historiaren uhara aspaldi ari da urruntzen Europatik, munduaren ardatz berriek desplazatu egin dute Europa. Globalizazioaren garaiotan, kontinente zaharra gero eta gutxiago da gaurko ekonomiaren, kulturaren, edo gizarte-bulkaden ardatza, Europak aspaldi galdu du mundu zibilizatuaren lidergoa. Desplazamendua etengabea izan da iragan mendearen hasieratik hona, eta gaurko Europa alor gutxitan da aitzindari, Europari gero eta nekezagoa egiten ari zaio nor izatea munduan. Iragana geratzen zaio, baina iraganak nostalgia baitu zerga, aspaldi handian Europa nostalgiaren museo erraldoi bat bilakatu da turismoarentzat, mendez mende ardatz izanak Europako landa eta hirietan utzitako arkitektura eta arte sekulakoei esker.

Bada, Europak iragana du erakargarri. Baina ez oraina. Are gutxiago etorkizuna. Geroa gaur izaten hasita dago globalizazioaren hainbat bazterretan; ez, ordea, Europan. Batasuna berandu etorri zitzaion. Eta, paradoxikoki, benetako -sakoneko- batasunik gabe, gutxi baitu benetako batasunetik ekonomian soilik oinarritutako egituraketa europarrak. Egunero ikusten ari garen drama da. Merkelek, Hollandek edo Rajoyk Europa esaten duten aldiro, guk esataria nongoa den entzuten dugu.

Eskubide zibilen bandera geratzen zaio, eskubide zibilen defentsa izan dezake etorkizunean ere nor izaten segitzeko berme. Europak definitu zituen eta garatu eskubideok, Europa izan da berauen berme, eta Iraultza Frantsesaren ondorengo tragedia lazgarrienetan ere, europartasun benetakoaren printzipiook salbatu zuten Europa: europartasun horrek jarri zituen Thomas Mann eta enparauak Hitlerren kontra, Camus-eta etikarik gabeko ezkerra salatzen.

Ezer geratzekotan, erreferentzia moralaren bandera eta eskubide zibilen defentsa geratzen zaizkio Europari. Horretan ere kemena galdu du, ordea: emigranteen eskubideen auzian, errefuxiatuen babesean, lege zibilen defentsan, oraindik lortu gabeko eskubideen bultzadan? Modu bertsuan, ez du bere autoritate morala baliatzen gatazka belikoetan edo nazioarteko harreman zailetan. Zeuk betetzen ez duzuna nola esan betetzeko besteei? Estatu Batuen gero eta morroi esanekoago, Europaren autoritate morala -Europak balia dezakeen altxorrik gorena- karikatura huts bihurtzeko bidean da, Evo Moralesekin gertatutako episodioak ondo ilustratzen duen bezala.