BILBO. Aspaldiko partez, iazko udaldiak Joseba Sarrionandiaren poema berriak ekarri zizkigun, Eako Poesia Egunetan entzun ahal izan zirenak. Aurten, eguzkiaren ordez, beste horrenbeste oparitu digu urtaro zimarkunak. Badirudi Iurretako idazleak deskantsu ederra hartu zuela Moroak gara behelaino artean? liburu mardul, sakon eta kaleidoskopikoa zarratu ondoren, eta erditze luzearen ostean poesiari kolpe diola dirudi, emaitzak tantaka heltzen zaizkigula Euskal Herrira. Tira, inoiz erabat baztertu ez duen bidea berrartu du Sarrik.

Honela, amaraunak astindu eta berak gogoko duen generoan egin du igeri azkenaldian. Horren adibide dira, baita, Zurgai aldizkariak bere azken zenbakian publikatzen dituen zortzi poemak, hiru berri-berriak direla, Joxemari Iturraldek hitzaurrean azpimarratzen duen legez ("beren-beregi une honetarako eginak"). Gainera, Iturraldek berak egin ditu gaztelaniazko bertsioak (Zurgai-k hizkuntza bietan eskaintzen baititu). Antza, idazlea bide berriak esploratzen ari da. Edo horrela iruditu zitzaion Bernardo Atxagari iaz, Eako jardunaldietarako bidali zituen olerkiak irakurri ostean. "Bere egoera aldatu den neurrian, bere poesia ere aldatu dela dirudi", zioen asteasuarrak. Beraz, poesia berria edo berritua? Adituek badute nahikoa bazka hori dena aztertzen.

Joxemari Iturraldek azalpen txiki batekin lagundu dio poema bakoitzari Zurgai-n. Lehenengokoan (Gereziak jateko sasoia iritsi da), Jean Baptiste Clément kupletista dakar gogora Sarrionandiak, Le Temps de cerises abesti ezagunari keinu eginez. Iturraldek azaltzen duen legez, "heldu den denboraz dihardu" poema honetan bizkaitarrak. "Itxaronaldia amaitu da -zehaztu du tolosarrak-, baina ez du merezi izan hainbeste itxaroteak". Dezepzio hori azaltzen du pieza honetan Sarrik. "Gereziak ez dira inondik-inora ikusten. Gere-ziondoak landatu beharko dira, esaten zaigu testuan, esku hartu beharko dugu zuzen eta aktiboki, esaten zaigu. Zain geratzea ez da nahikoa izango". Eta ez, "poeta ez da maitasunaren fruituei buruz ari", ohartarazten du Iturraldek.

Vergara 1838 da Joxemari Iturraldek aztertzen duen bigarren poema. "Iraganera garamatza tituluak berak", dio, baina bestelako eremu batera garamatza Sarrik, "Besarkada famatuaren alde etikoaz" interesatzen delako. Justizia eta injustiziaren arteko marra fina nabarmendu nahi izan du poetak hemen.

Gorozika 1937 poeman irakurleari zuzentzen zaio Sarrionandia, ingurumariak hurrengorako utziz. Iturralderen iritziz, plastizidade handiko pieza omen, irakurleak berak osatu behar duena.

Problemak poeman errepikapenak erabiltzen ditu bizkaitarrak intriga tanta bat erantsiz piezari; hemen ere, arazoaren eta konponbidearen arteko dantza larria berbagai. Ordez, Bederatzi te kikara Saharako basamortuan-en Paul Bowles estatubatuarraren lanen oihartzunak sumatzen ditu Iturraldek: "Poema ludikoa da, indar magnetiko handia duena, kultura desberdinen ahozko literaturaren tradizioan oinarritutakoa".

Pinguinoak poemak patuaren auzia dakar gogora, bertan geure bizitza zein neurritan alda dezakegun planteatzen zaigula, zabal-zabal. Pinguinoak legetxe, Beste batzuk ere labetik oraintsu ateratako pieza errepikakorra da, mantra poetikoa edo. Denboraren joan etenbakoak eta identitate aldaketek hartzen dute pisua olerkian.

Sorta berriko azken poema da Thriller, eta Iturralderen hitzetan, "pelikula baten eszena dirudi". Fik-zioa eta errealitatea nahasten ditu Sarrik bertan, eta zine barruan gertatu beharko litzatekeena "kalean jazotzen da, bizitzan, eguneroko errealitatean". "Hemen denbora haserratu egin da, ez dago txantxetarako, eta ondorioz bigarren mailako film bateko matoi baten an-tzera jokatzen du", dio Iturraldek.