busturia

ilearen zirimola urdinduek aurpegiko ertzak har-tzen dizkiote Kepa Junkerari, edo ahaleginean ari dira. Errekaldeko musikariak ez die kasu handirik egiten ilajearen kapritxoei, eta gurago du bere betiko kontuetaz hitz egin: musika, pertsonen arteko hartu-emanak, musika-tresnak, artea, zubiak, ateak, natura, isiltasuna... Galiziako bazterretan grabatu berri duen diskoa oraindik burmuinean dan-tzan duela, atseden bila bueltatu da bere Busturiko babesera. "Esperientzia izugarria izan da Galizian bizi izan dudana", gogoratzen du trikitilariak, "aspalditik amesten nuen proiektua gauzatzeak poz handia eman dit, eta nola gertatu den ikusita, are gehiago".

Santiagoko A Ponte estudioetan suertatu dira unerik magikoenak. Aldika, berrehun bat musikarirekin elkartu da bertan Junkera, lurralde horrekin duen aspaldiko harremanean sakondu duela. "Os-korriren eskutik deskubritu nuen Galiziako musika, Milladoiro taldea, hain zuzen, eta ordutik harreman hori ez da eten, tarteka kon-tzertuak eman ditudala han, bertako musikariekin egin ditudan kolaborazioak aipatu gabe. Eta orain badakit zergaitik deitzen didaten: lengoaia musikala antzerakoa dugulako", dio Junkerak. "Nik beti izan ditut gustuko Kantauri itsasoari begira dauden herrien musikak, baita Portugalgoak ere; musika anglosaxoia baino gehiago".

Urteen poderioz, jakingurak akuilatuta, soinu berrien ehiztari fina bihurtu da Junkera, eta Galizian badago zer entzun eta zer ikasia. "Konplexu barik jotzen dute, bizitasun izugarriarekin, eta segidan pizten da sua bertako musikariekin; eta hori dena erraz transmititzen dute, musika-tresnaz zein ahotsez. Niri asko interesa-tzen zait hori, bizitasun eta autentikotasun hori, leku gutxitan aurki daitekeena. Horregatik, lan honetan leku handia hartu du inprobisazioak". "Bai, nik banekien zer jo behar genuen -jarraitu du trikitilariak-, hango eta hemengo kanta jakin batzuk aukeratuta nituen diskorako, baina gero grabaketa prozesuan askatasuna izan da nagusi, eta inprobisazio puntu horrek mesede egingo dio diskoari, gauza maitagarriak eta harrigarriak gertatu direlako Santiagoko estudioan".

Gabonetan ahozapi batean ida-tzitako zirriborroek egin dute bidea, eta Galiza errealitate bihurtuko da udagoienerako (konponketak falta dira). Bertara eginiko tartekako bidaiak baliatu ditu Junkerak "elkarrizketa musikal" berri hau bideratzeko.

Diskoan parte hartu dutenen zerrenda izugarria da. Tartean daude Milladoiro, Mercedes Peón, Budiño, Uxía, Pato, Davide Salvador, Leilíako pandereteirak, Luar na Lubre, Seivane, Emilio do Pando edo Pazos de Merexo soinujole beteranoa, bakan batzuk aipatzearren. Beraiei esker dozenaka anekdota eta bizipen bildu ditu Junkerak: "Jende apala eta jatorra aurkitu dut han, eta Errekalde auzoa etorri zait burura sarritan, nire auzoko lagun asko eta asko galiziarrak baitziren. Eta, musikari berari erreparatuta, esango nuke musika ondradua eta zuzena egiten dutela, oinarrizkoa, bai, baina esentziaz betea. Musikarekin eta dantzarekin gozatzen dakien jendea da, leku gutxitan ikusten den bezala".

Musikari gehienek baietz esan dioten arren, kanpoan geratu dira bakanen batzuk, tartean Carlos Núñez. "Nik luzatu nion gonbidapena, baina berak beste gauza ba-tzuk zituen egiteko. Edonola ere, presentziak askozaz interesgarriagoak dira ausentziak baino. Musikari eta kantari izugarriak izan ditut bidelagun, eta zentzu horretan esperientzia ahaztezina izan da". Panderoa, txalaparta eta trikia baino ez zituen eraman Galiziara, hango musika-tresnekin nahastuta saltsa-maltsa kuriosoa atera dela.

Eta nola diren gauzak, uztailaren 7an Euskadiko galiziar elkarteek Zilarrezko Anduriña saria emango diote Errekaldeko musikariari. Eta, bitxia bada ere, oraindik ez dute Galiza diskoaren berri.