Aita-seme erlazio baten testigantza eta bidaiaren gorazarre bat". Horrela laburbildu du Peru Magdalenak Egia Esan bere azken lanaren muina. Errealitatetik hartutako fikzioa, non filosofia, bidaiak, norberaren bizipenak eta abenturak biltzen diren. Aipatu eleberria "aitatasunaren inguruko hausnarketa bat" dela dio egileak. Baina, aldi berean, hori baino askoz gehiago ere badela ziurtatu du. Idazle durangarrak kaleratu berri duen liburu honetan filosofiarekin egingo du topo irakurleak, baita bizitzaren eta artearen inguruko hainbat hausnarketa aurkitu ere. Finean, "abenturarako aldarri bat" dugu Egia Esan.

Kimu izango da abentura horren protagonista, desagertutako aitak aspaldi Mongoliara eginiko bidaia berregingo baitu, bere zuztarretaraino heldu guran. Horrelako bidaia ere egin zuen Peru Magdalenak (Durango, 1980). Hala ere, eleberri hau ez da autobiografikoa, "errealitatetik hartutako fikzioa" baizik. Bere esanetan: "Dena da errealitatetik hartutako fikzio bat, errealitatea bera fikzio bat baita -zehaztu du-; fikzio elkar-adostu bat, gura badugu, baina sorkuntza bat. Hainbat geruzatako errealitateak bakarrean batu eta horrekin ziurrago bizi garela sinisteko sorkuntza bat".

Errealitate mitologikoa Are gehiago, oroi-tzapenak ere norberak sortutakoak direla azpimarratu du Magdalenak. "Guk hautatzen ditugu, moldatu, ezabatu, ametsekin eta bizitakoekin eta imajinazioarekin konbinatu? Gutako bakoitza, Azurmendik esan bezala, errealitate mitologiko batean bizi da", baieztatu du. Idazle durangarraren errealitate mitologiko honetan elementu anitz topa daitezke: aita, semea eta biloba izanda, Egia Esan idazterako orduan informazio nahikoa topatu zuen bere baitan. Gainera, laster aitita ere izango dela aitortu du: "Neurean ere oinarritu naizela esan daiteke, beraz".

Era askotako testuak harilkatzen ditu egileak eleberri honetan: kantak, poemak, lekukotasunak,? hainbat marrazki ere tartekatzen direla hitzen artean: Kimuren aitak bidaian zehar idatzitako koaderno beltzean agertzen direnak, hain zuzen. Gainon-tzeko guztia fikzioa bada ere, mapak errealak direla ziurtatu du idazleak. "Eskuz baldar egindakoak, baina errealak. Beste kontu bat li-tzateke pertsonaien barneko mapa marrazten saiatzea", gaineratu du, irribarretsu, durangar artista eta idazleak.

Aurrera egin nahian Norberaren baitan bizipenak, intuizioak eta hausnarketak etengabe pilatzen dira. Batzuetan, aurrera egin ahal izateko, horiek guztiak atzera utzi behar dira. Eta horixe da Magdalenak hautatu duen bidea bere istorioa kontatzeko. "Azken urteetako ene bizi-tzako zenbait oinarri totemiko islatu, beraien isla utzi eta aurrera jarraitzeko idatzi ditut", azaldu du. Beraz, aho biko labana da bere azken lana. "Julio Cortazarrek esaten zuen bezala, liburu bat aizkora bat izan behar da, norberaren barruko itsaso izoztua hautsiko duena".

Norberaren barruko itsasoa hausteaz gain, irakurlearen itsasoan ere eragina izango duen liburua izatea nahi du idazle bizkaitarrak. Dena den, argi dauka guztien gustukoa izatea ezinezkoa dela. "Norbere baitako intuizio eta arketipo batzuk ukitu behar ditu liburuak. Lehenagotik barrenean geneukan zerbait dakarrela iruditu behar zaigu", nabarmendu du. Guztietan ez da horrela gertatzen, baina horrek ez du arduratzen. "Ondo dago hori. Ez zaigu zertan dena gustatu behar. Askatasunean topatzen dira sinkroniak", arrazoitu du.

Magdalenak helduentzat idatzitako hirugarren eleberria da Egia Esan. Aurretik, Lile narrazio liburua eta Hutsik poema bilduma ditu argitaratuta. Haur literaturan, berriz, Ilania album ilustratua eta Katixa eta Txomintxo eta Perutxo ipuinak. "Guztiak ditut maite, guraso harroen moduan: izan txiki, handi, argal, hankamotz ala txori", aitortu du.

Izan ere, askotan, idazteak berak idatzitakoak baino gehiago ematen diola aitortzen du durangarrak. "Eskua erre aurretik argi-zuzia norbaiti pasatzeko idazten dut. Testigua pasatzen denean, argi horiek finkatuagoa geratzen dira, eskuz libreago sentitzen naiz, eta, orduan, ondorio eta edertasun argitsuagoen bila joateko libreagoa naiz", azpimarratu du keinuen artean.