GASTEIZ. Primadera euritsuak tregua eman dio arratsari eta Gasteizko karriketan leiho berriak marrazten ditu eguzkiak, oso berea duen ausardiaz. Jendeak ez du oraindik neguaren pisua arindu eta makur dabil, farmazietako termometroek markatzen dituzten hamabost graduak berunezkoa bailiran. Tira, deskripzioa ez da agian fidelegia, baina errealitatea da bat eta bestea egia. Idazleek, gehienetan, gurago dute egia. Jakina, beraien oroimenaren eta irudimenaren galbahetik pasa ostean agerian gera-tzen den egia. Lourdes Oñederraren egia intimoak Intemperies (Erein) bere nobela berrian ageri dira.
Aurrekoan legez, lan honetan ere emakume bat da protagonista, Luzia, noraezean dabilena, 'babes bila'. Tonu biktimistak agintzen du nobelan?
Ez, inondik inora. Nire emakumeak, pertsonajeak, oso fuerteak iruditzen zaizkit. Mundura ireki den emakumea da Luzia, zerbaiten bila dabilena, eta lekuz eta bizitzaz aldatzeko prest dagoena. Niri ez dit batere penarik ematen.
Zein da, bada, nobelan sujeritzen edo jorratzen den gai nagusia?
Idazten dudanean ez dut aldez aurretik helburu edo mezu bat ezartzen. Ezta gaia ere. Ateratzen zaidana idazten dut, beste barik. Afasiaren gaia bai, baneukan gogoan, baina libreago jokatzen dut literaturan; esperimentatzea dut gustuko, nahiz eta gero bide zehatz batzuk markatzen ditudan. Beraz, ez dakit ziur zertaz den nobela, agian denboraz.
Tonu biktimistarena diot nobelan Luzia zalantzaz beteta agertzen zaigulako.
Zalantzak bai, baina niri zalantza ez zait ahulezia begitantzen.
Pertsonaiek daramate obraren pisua, Luziak, Victorrek eta Evak. Denak ari dira babes bila.
Bai, kanpora eta barrura begira daude denak. Gizakia babes bila bizi da. Batzuk Jainkoaren bila, beste batzuk barne bakearen bila, bestetzuk gelditasunaren bila, orainean bizitzearen bila... Dena da garamatzan zurrunbilo honetan pakea bilatzea, bakeren bat.
Argia beti kanpotik datorrelakoan?
Bai, agian bai, besteak dira babesa gehienetan. Bero hori behar dugu, maitasuna deitzen diogun hori agian.
"Hori da arrak nahi duena (pultsioa)"; "goseti izatea onartzen zaio"; "euskaldun gizonak gutxi zaintzen dira", kosta egiten zaie emakumeei gizonekin kontu intimoak konpartitzea... Gizonaren irudi negatibo samarra agertzen da nobelan.
Zuk uste duzu? Horrek harritzen nau. Aurreko nobelarekin ere aipatu zidaten hori, baina nik ez nuen inondik ere ikusten. Are gutxiago lan berri honetan. Gizonenganako emakumezkoaren maitasun handia ikusten da Intemperies-en, gozotasuna dago eleberrian. Hori bai, erabateko hurbiltzearen ezina ere badago.
?eta nobela bat merezi duen esaldia: "Gutxiegi maite duten gizonak".
Tira, esaldi horrek alde bi ditu. Gizonek maite dute gutxiegi edo emakumeek nahi edo behar edo espero duten horrentzat da gutxiegi? Hor agian arazoa izan daiteke maite duenarena edo gehiegi eska-tzen edo behar duenarena, ez gizonarena.
Aurrekoa nobela 'femeninoa' zela esan zuen Felipe Juaristik. Hau ere 'femeninoa' al da?
Nobela maskulinoak daudela onar-tzen baldin bada, hau femeninoa da, orduan bai.
Aurrekoa baino baikorragoa bai, ezta?
Aurrekoa apur bat ahaztuta daukat, baina bai, askotan esan zidaten. Nik uste biak optimistak direla alde batetik, pertsonaiak mugitzen direlako, bai Teresa bai Luzia, eta erabakiak hartzen dituztelako. Ausartak dira. Inertzien kontra ari dira.
Inertziak?
Inertziak eramaten gaitu askotan, eta ez dugu ezer egiten inertzietatik ateratzeko, eta hortik datoz gero hainbat gaixo: estresa, takikardia...
Guzti horretaz kontziente izan behar.
Hori da, kontzientzia, ezagutza. Horrek, eta ausardia puntu batek, atera gaitzake inertziatik. Zentzu horretan Luzia ausarta da, nik mirestu egiten dut. Heroina bat da!
Hizkuntzalaria, 50 urte, donostiarra... Galdera ia derrigorrezkoa da. Zenbat dauka nobela honek biografikotik?
Aurreko nobelarekin matraka itzela eman zidaten kontu honekin eta kuriosoa da jendeak zein obsesio duen aspektu biografikoekin. Aurreko nobelan ahalegin handia egin nuen pertsonaia nigandik aldentzeko, ez zedin horrelako susmorik egon, baina gero, idazten duzunean, idazkeraren bilakabideak berak horrenbeste egiten du. Esaterako, zuk pentsatzen duzu pertsonaia bat, nolakoa behar duen izan eta abar, baina gero berez aldatzen da, berez gorpuzten da. Orduan, beldurra galtzen diozu kontu horri. Eta paradoxa badirudi ere, idazlea pertsonaian zenbat eta barrurago sartu, zugandik urrutiago dago. Gauza autobiografikoak badaude, jakina, baina asko eta asko urtu egiten dira lerro artean. Dena lausotzen da, eta bukatzen duzu desberdindu ezinik zer den asmatutakoa, zer kontatu dizutena eta zer zuk zeuk bizi izan duzuna.
Nahasketa.
Oroitzapenak, ametsak eta irudipenak nahastu egiten zaizkizu gustura idazten zaudenean. Trantze moduko bat da. Eta gero egin behar duzu hori dena testuan josi, eta horrek istorioa aldatzen du nahitaez.
Ezagutzen duzun kontuetaz idaztea erabaki duzu.
Kontua da zer egin nahi den idaztean, ezta? Esploratu nahi duzun ala esplorazio baten ondorioa kontatu nahi duzun. Niretzat bigarren hori saiakeratik hurbilago dago.
Nobelan denboraz ari zarela diozu. Bizkortu egin dugu denbora? Garai batean bazirudien motelago zihoala.
Bizkor doa dena, bai, guk ere azkartzen dugulako. Eta biologikoki ere gauzak azkarrago pasatzen zaizkizu nagusitan. Eta zoratuta bizi gara, beti presaka...
...zarataren erdian.
Zarata, hori da bestea. Zarataz inguratuta gaude.
Estresa, zarata,? Haserre eta gaixotasun ugariren hazia.
Haserretzea, azken batean, zarata da, barne-zarata. Horrek guztiak haserretzen gaitu. Zaratarena, hori bai dela hegoaldekoena, horretan oso espainolak gara. Iparraldeko anai-arrebak ez dira horrelakoak.
Zahartzea, gorputzaren bestelakotzea, horrek ere arduratzen du protagonista, Luzia.
Bai, neurri batean. Baina gaur egun neurritik kanpo atera dugu kontu hori. Ondo dago polit jartzea, zaharra izanda ere, baina badago gaixotzen gaituen kontu bat, eta da gaztetasunarekin dagoen obsesioa. Zenbat sufritzen dugun, batez ere emakumeok, kontu horrekin. Eta bitxia da, kontu honetan berdintasuna etorri badatorrelako, baina txarretik, mutil gazteak hasi direlako sufritzen. Dena lasaitze aldera joan beharrean, alderantziz doa. Badago mespretxu bat pertsona zaharrenganako.
Nobelan agertzen den beste esaldi gogoangarrietako bat ere aipatu nahi nuke: "Desioa nolabaiteko amodioa da, ez txarrena, ez kaskarrena".
Eta hala da. Burua eta gorputza bereizte hori hain daukagu sartua... Bat zikina dela eta bestea ez. Sexua daukagu alde batetik exajeratuegia eta bestetik gutxietsiegia. Deskartesek du errua, berari bururatu zi-tzaion burua eta gorputza bereiztea, eta sinistu egin genuen... Adios!
Eta 'pultsioa' aipatzen duzu memento batean. Gizonezkook 'pultsio' handiagoa dugu?
Hor badago desberdintasun bat gizonezko eta emakumezkoen artean, baina beharbada ez da kontatu dugun eta kontatu diguten bezalakoa. Uste dut forma eta tempo desberdinak daudela. Pentsatzen dut hor biologia desberdinek bere garrantzia dutela. Ez da gauza hain sinplea. Baina pultsioa biena da.
Adarrak jartzearena ez al da, bada, 'pultsio' kontua?
Tira, ez dakit. Gainera, nik fideltasunari esklusibitatea deitzen diot. Leialtasuna beste kontu bat da, beste gauza batzuetan ere badagoena.
Zein zaila den, hori dena jakinda, erlazio normal bat mantentzea, ezta?
Erlazioa mantentzea zaila da, baina fideltasuna baldin bada mantentzea zailtzen duena, beharbada galdetu beharko genioke geure buruari nahitaezkoa den hori. Hori da gure kulturaren tabuetako bat. Memento jakin batzuetan, bikote bakoitzak egin behar ditu bere negoziaketak, eta ez dago denen-tzako balio duen formularik, bizi-tza osorako balio duenik... Zurrunegiak gara horretan eta dogmatiko bihurtu gara.
Paisaia humanoak ageri dira nobelan, eta paisaia geografikoak ere bai, Madril eta Donostia batez ere. Donostia zikin eta zaratatsua aipa-tzen duzu. Ez dira laudorio handiak.
(Barreak, ozen). Zikin dago eta! Asko garbitzen da eta asko zikin-tzen da. Donostia asko maite dut eta hori umore apur batekin hartu behar da. Asko maite duguna kritikatzen dugu, badakizu... Hor ez dago kritika sakonik, inondik ere.
Bakardadea omen da libre izateko bide bakanetakoa, baina bakardadeak tristezia punttu bat dakar berarekin. Libertatearen prezioa?
Seguru asko. Bakarrago libre izateko, bai. Eta bakardadeak badu triste punttu hori.
Pertsona zoriontsuek ez daukate historiarik, zioen Simone Beauvoir idazleak.
Bai, hala da. Ez sufrimendua sakonagoa delako, baizik eta gizakiok, sakontzen dugunean? sufrimendua deitzen diogu horri, ziurtasunik eza sortzen delako. Sakontzean sartzen zarelako leku ezezagun batean. Barruko ezezagutza itzela da. Sakontzeak sufrimendu lako bat dakar. Niri ez zait sakontzea tristea begitantzen, baina sakontzen dugunean serio samar jartzen gara. Barrura sartzea isiltzea ere bada, eta isiltasunak... Horregatik gara hain zaratatsuak.
Euskaltzain izendatu zintuztenean zuretzat "aldaketa traumatikoa" izan zela aitortu duzu oraintsu. Horrenbesterako da?
Hori azaldu beharra dago, gaizki-ulertuak egon direlako. Traumatikoa da niretzat hizkuntzalaria naizelako, eta hizkuntzalari batentzat lan arauemailean sartzea kontranatura da, lan normatiboak hizkuntza mugatzen duelako. Hizkuntzalariaren aldetik dena da baleko, dena dago ondo, dena da aztertu eta ikertu beharreko, baina araugile sartzen zarenean hizkun-tza murriztu egin behar duzu. Hiztunarentzat hori gogorra bada, are gogorrago hizkuntzalariarentzat. Neure bokazioaren kontrako zerbait egitea da, eta horregatik da traumatikoa. Baina kontuz, euskara ez dago txorakerietarako eta hizkuntza estandar bat behar dugu. Hori argitu nahi nuen, Euskaltzaindiak erantzukizun handia duelako eta eskatzen duelako.
"Hizkuntza pobre baten hiztun pobreagoa da Luzia"; "Euskarak ere alfergura ematen dio"... Euskaltzain batek idazteko, gogorra dirudi.
Euskarak alfergura ematen dio jende askori, normala denez, euskara egiten ari garelako, eta horrek baditu bere korapiloak. Konplexurik gabe ekin behar diogu zeregin honi, maila batean edo bestean denok garelako euskaldunberri.