Gure patrika balitz krisi ekonomikoak hondatu duen guztia, gaitz erdi. Baina, tamalez, suntsitzen ari da, tsunami bat balitz bezalako bortxaz, balio etikoak, kulturalak edo politikoak ere. Bidean harrapatutako guztia hondatzerainoko indarra erakusten ari da krisia. Lekuko eta biktima gaitu.

Demokraziaren ahuleziak baliatu zituzten krisia ekarri zutenek, demokrazia bera da krisiaren oldarrak azpian harrapatu duena. Sekulakoa da krisia demokraziari egiten ari zaion zuloa, inork ez daki nola jokatu behar den zuloan, zer egin behar den zulotik irteteko. Zulotik irtetea dugu helburu. Bost axola nola. Demokraziaren bizkar jarduteak ekarri zuen krisia, eragile askok pentsatzen du demokraziaren bizkar -demokrazia saihestuz- aiseago aterako ginatekeela zulotik.

Latza da krisiak ekarri duena, oso da latza gertatzen ari dena. Europa osoan. Estatu espainiarrean, areago. Orain berrogei urte, diktaduratik irten berritan, demokrazia bai-tzen amets nagusia, nahiko argia zen gizartearen parte handi batek barneratutako konpromisoa: iraganaren memoriak ez zezala etorkizunak eskatzen (omen) zuena hondatu. Etorkizunak zuen munta: atzera begiratzeak ez gintzala antzutu. Espiritu hori gabe, ez ziren lortuko orduko itunak, nekez mintzatuko ginateke gaur Trantsizio deitzen dugunaz. Ez genekien zer zen demokrazia, baina demokratak izan nahi genuen. Eskarmentuz ikasi dugu uste baino zailagoa dela demokrata izatea. Egoerak -mutur batetik zein bestetik zetorren erreakzioak, askotan odoletan blaituak- ez zuen askorik lagun-tzen. Baina Erregimena hilda zegoela sinestea komeni zitzaigun, eta hartan saiatu ginen. Pixkana-pixkana, ordea, Erregimena guztiz hilda zegoela pentsatzetik demokrazia guztiz finkatua zegoela sinestera pasatu ginen.

A zer nolako deskuidua! Berrogei urte iraundako erregimen diktatorial batetik irten ginenean, demokrazia genuen amets. Baina demokrazia zaila da, demokrata izateko egunero-egunero saiatu beharra dago. Eta, hala ere, lanak. Amesten genuen demokrazia ez da arazorik gabea, orduko itxaropen askok ez du fruiturik ikusi. Aitzitik. Hedabideek egunero abisatzen digute atzeraka goazela, gero eta handiagoa da frustrazioa: krisia aitzakia ezin hobea gertatzen ari da demokraziaren lorpen material, sozial eta espiritual behienak desmuntatzeko.

Demagun festa dotore batera gonbidatu duten neska bat. Pozik joango litzateke bertara, baina, pobrea baita, ez daki zerekin. Bere adiskide min batek, aberatsa bera, diamantedun lepoko eder bat uzten dio. Gure protagonista harexekin joango da festara. Tamalez, ordea, lepokoa lapurtzen diote. Lepokoa itzuli behar duela, buruan ez dauka besterik. Sekulako mailegu bat eskatu, beste lepoko bat berdin-berdina erosi eta lagunari itzultzen dio. Baina egintzak bere bizitzako urterik onenak baldintzatuko ditu, ez baitu zorra kitatu arteko onik izango. Egun batez, topo egiten du gaztetako lagunarekin eta, harrotasun osoz, pasatutako estuasunen berri kontatzen dio. Nola lapurtu zioten lepokoa, zelako lanak hartu zituen zorrak berdindu arte. "Baina maitea -diotso lagunak-, nola ba? Perlak faltsuak ziren, lepokoak ez zuen deus ere balio".

Maupassant-en Bizigarria izeneko ipuinak ondo ilustra dezake demokrazia munduan bizitzen ari den arriskua.