Bilbo

isolamendu kulturalari aurre egiteko asmoz, asko izan ziren 50eko hamarkadaren bukaeran estatu mailan zein Euskal Herrian elkarteetan bildu ziren artistak, jarduera estetiko eta politikoen bidez artearen ideologiaren berrikuntza proposatzeko asmoz. Testuinguru horretan jaio ziren 1965 eta 1966 bitartean Euskal Eskolaren barruan koka daitezkeen artisten taldeak: Hemen Bizkaian, Orain Araban eta Danok Nafarroan. Baina guztietatik esanguratsuena Gipuzkoan sortutako Gaur izan zen; alegia, Jorge Oteiza ardatz nagusi izan zuen sortzaileen kolektiboa.

Ordurako, artista oriotarrak urte gutxi batzuen barruan gertatu behar ziren aldaketen sustraiak aurreikusita zituen 1963an argitaratu zuen Quosque Tandem...! liburuan. Euskal kulturaren tradizioa oinarritzat hartuz, estetika berri baten bilakaerari ekin zion hartan. Liburuan ereindako haziak lan-tzeko asmoz sortu zen 1966an Gaur taldea Donostian. Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias, José Antonio Sistiaga, Néstor Basterretxea eta José Luis Zumetarekin batera, nazioarteko joera eta abangoardiekin harremanetan jarri nahi zuen taldea eratu zuen Oteizak.

Proiektuak talde bezala gutxi iraun zuen arren -1967an desegin zen nahiz eta beranduago erakusketaren bat ere burutu zuten-, lortutako oihartzuna gaur arte iritsi da. Baina ez orduan erdietsi zituzten lorpenengatik bakarrik, baizik eta talde kolektibo hartan parte hartu zuten norbanako bakoitzak erakutsiko zuen handitasunagatik.

Hori dela eta, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Amable Arias artistari eskainitako erakusketaren testuingurua aprobetxatuz, Gaur taldearen eraginaz mintzatuko dira egunotan antolatu dituzten mahai-inguruetan. Aurreko ostegunean Néstor Basterretxea eta Jose Antonio Sistiaga aritu ziren María José Aranzasti arte historialariarekin batera. Datorren ostegunean, hilak 14, berriz, Ramón Zuriarrain margolaria, Mari Carmen Alonso, arte historialaria eta erakusketen komisario independentea, eta Fernando Golvano, Amable Arias erakusketaren komisarioa, arituko dira.

haziak "50 edo 60ko hamarkadara arte, euskal artea margolaritza tradizionalarekin lotuta zegoen, arrantza eta baserri gaiak era figuratiboan baino ez ziren lantzen", azaltzen du Alonsok. Euskal gizartea ez omen zegoen nazioarteko beste Estatu batzuetan arras zabalduta zeuden abangoardiak esku zabalik hartzeko prest. "Garai hartan gai tradizionalak ez ziren onartzen ikuspuntu abstraktu batetik proposatuta", azpimarra-tzen du arte historialariak.

Oteizak euskal artearen itxitasuna aztertu zuen Quousque Tandem...! obran, abangoardietako pinturak euskal margolaritza tradizionalarekin zuen harremana hausturakoa zela ondorioztatuz. Hala ere, Arantzazuko Santutegiaren eraikuntzaren eztabaida izan zen euskal artearen berriztatzea sustatu zuen gertakaririk garran-tzitsuena. Aurkaritza indartsua izan zuen arren, 1969an bukatu zen.

Antzeko konklusioetara heldu ziren artistak bildu ziren Gaur taldean. "1960an egindako erakusketa batean jadanik hausturako jarrera erakutsi zuten margolari eta eskultoreak ziren", dio Alonsok. Hainbat helbururekin sortu zen taldea. Ikuspuntu plastikotik aztertuz gero, abstrakzioarekin lotuta zegoen abangoardia unibertsaletara zabaldu nahi zuten euskal artea. Baina Alonsoren esanetan, "artea berritzeaz gain, gizartea ere berritu nahi zuten, hezkuntza kolektibo bat abian jar-tzeko hainbat ekimen aurrera eramanez eta, baita, joera zentralisten kontra eginez, osagai nazionalista nabarmentzeko". Izan ere, garaiko ekimen guztietan bezala -Frankismoari aurka egiteko sortutakoak euretako asko-, esangura politiko handia antzeman zitekeen Gaur taldearen baitan.

manifestua Artistek ez zuten babes larregirik lortu. Euren sostengu nagusia arte garaikidea plazaratzeko Barandiaran galeria izan zen (Dionisio Barandiaranen mezenasgoarekin eta Sistiagaren laguntzarekin). Bertan gauzatu zuten haien lehen erakusketa 1966ko apirilaren 28an. Taldearen izaera esperimentala hasieratik nabarmendu zen. Alonsoren aburuz, "abangoardiako eta hausturako artea egiteak gutxi aztertutako bideak hartzea eta esperimentazioari ekiteko ausardia ekarri zuen halabeharrez".

Dena den, Gaur taldearen manifestuak ez zuen inongo aukera estilistikorik aldarrikatzen. Gerra Zibilaren aurreko euskal artearen susperraldia pinturak nagusitu baldin bazuen, Gaur taldearen sorrerarekin batera eskultura gailentzen hasi zen, nazioarteko panoraman antzematen ziren joerekin bat eginez. Gainera, pinturarekin alderatuz gero, tradizio-pisu handiegirik ez zuen eskulturan erraztasun gehiagorekin batu zituzten abangoardien ezaugarri abstraktuak eta euskal nortasunaren funtsak. Gerora, Gaur taldeko artistetako batzuek zinema arloa esploratuko zuten; Sistiaga, Balerdi eta Basterretxearen kasu.

Manifestuak, bestetik, euskal artista guztiak atxikitzeko deialdia egiten zuen. Alabaina, taldea oso itxia izan zen eta ez zuten beste artistarik onartu, nahiz eta euren ikuspuntuarekin bat etorri. Ordurako, Chillida eta Oteiza oso ezagunak ziren eta oriotarrak ezarri zituen manifestuaren oinarriak, baina ez zuen inoiz taldearen buruzagitza bere gain hartu. Nahiz eta adin ezberdintasun handiak izan -Oteiza (1908) eta Zumetaren (1939) artean 31 urteko aldea zegoen-, harreman horizontala zuten haien artean. Hori bai, bildu zirenean jadanik "bakoitzak bere ibilbidearen zati bat egina zuen eta euren sormen-prozesuak ezberdinak ziren", argitzen du Aranzastik.

itzala Azkenerako artisten indibidualismoa nabarmendu zen. Chillida eta Oteizaren arteko desadostasunek ere ez omen zuten larregi lagundu eta kolektiboa desagertu egin zen. "Taldekideen banakotasuna taldea bera baino indartsuagoa bilakatu zen. Errepresioa oso gogorra zen historiaren une konkretu batean sortzeagatik taldea oso iragankorra izan zen", adierazten du Aranzastik. Hala ere, Alonsoren esanetan, une hartan bazekiten "garrantzitsua zen zerbait egiten ari zirela eta, gerora begira, euskal artearen historian lekua mereziko zutela".

1969ra arte jarraitu zuten haien jarduerarekin (nahiz eta taldea hiru urte lehenago desegin zen). Urte horretan gauzatu zituzten azken erakusketak Gipuzkoako hainbat herritan eta inguruko hirietan. Geroztik, bakoitzak bere bide oparoa jarraitu zuen, etorkizunera begira euskal arte garaikidearen oinarriak ernaldu zituztela jakinik.