Dimisioa emateko asmoa agertu zuenetik, bazter askotan irakurri eta entzun dugu Ratzingerren bizitzak eta nortasunak erruz ematen dutela nobela on bat baino gehiago idazteko, film gihartsu bat baino gehiago errodatzeko (honezkero, bat baino gehiago ariko da horretan). Kontakizunak osatzen neke pixka bat hartu duen edozeinek daki Aita Santu dimititu berriaren nortasuna eta historia noraino diren malgu/zurrunean aberats istorio goratsu bat bilbatzeko.

Lehenik eta behin, hor daukagu irudimenaren eskura Vatikanoko eta Ratzingerren inguruko konplot eta konspirazioen mauka: Eliza barruko botere-lehia isil bezain gupidagabeak material ezin hobea iradokitzen du botereari buruzko argumentu sendo bat garatzeko, adibidez, Roa Bastosen Yo, el Supremo (Ni, guztiz gorena) nobelaren bidetik. Peripeziaren zaleak, aldiz, ez dauka ezer asmatzen hasi beharrik Don Brown-en The Da Vinci Code (Da Vinciren kodea) eta korda bereko nobelen haria hobetzeko. Eskura dago alegoriaren aukera ere, André Gideren Les Caves du Vatican (Vatikanoko sotoak) nobelak planteatzen duen fikzioa geurera ekarri, eta Vatikanoko sotoen metaforarekin egungo botere ilun bezain efikazen sotoak irudikatzeko.

Hor dago, kontakizun baten zain, damuaren auzia ere, Vatikano II.ari dotrina-hezurdura eman ondoren, planto egin eta atzerako bidea hartu zuen pertsonaiaren bidetik. Elizaren etorkizunerako ibilbide ideologikoa zehaztu ondoren, gure pertsonaia izutu egingo da berak formulatutakoaren ondorioekin -pentsamenduaren sekularizazioarekin, ororen gainetik-. Orriak aurrera, karga arindu "nahiaren eta ezinaren arteko borroka-toki ekaitz betean" dabilen gizon guztiz botere-tsu bezain torturatu bati buruzko drama bihurtuko da liburua: damua, egindako kaltearen ordaina, atzerako bidaia, gehien egurtzen zuten sektoreak -erreakzionarioenak- irabazi nahia, boterea bezain bakardade absolutua? Ez, horiek ere ez dira osagarri kaskarrak istorio eder baterako.

Baina aukera guztien artean, gutun gisako aitorpen luze baten formulak erakartzen nau gehien. Margherite Yourcenar-en Mémoires d'Hadrien (Hadrianoren oroitzapenak) liburu gogoangarriko Hadriano enperadoreak bere oinordekoari, Marko Aureliori, zuzendu zion gutun luzea datorkit gogora. Berebiziko arrakasta izango luke Ratzingerren halako gutun luze batek, bere bizitzari buruzko aitorpena eginez Aita Santu berriari. Bertan, Ratzinger gehiago eta sakonago mintzatuko litzateke bere existentziako arrakalez, zalantzez eta porrotez, fedearekin blindatutako segurtasun ideologikoaz baino. Eta, sakon-sakonean, fedearen eta bere giza kondizioaren arteko talka bat aitortu nahi duen baten dilema kontatuko luke nobelak. Argi egiten saiatuko litzateke bere barrua hustu nahi duen gizonaren eta isiltzeko obligazioa duen fededunaren arteko lehian.

Badakit, ez naiz hain inozoa, Ratzingerrek ez duela horrelakorik egingo bere erretiroan. Beste batek saiatuko beharko, literaturarekin ikertu eta gainditzeko testigantza eta aitorpen zuzenek emango ez digutena.