Gernika-lumo. Agur esatearen unea beti da tragikoagoa atzera bueltarik ez duen erabakiaren hastapena baldin bada. Are tragikoagoa tartean dagoena gurasoei adio esan behar dien haurra baldin bada. Santur-tziko portuak ondotxo ezagutzen du zer den zoritxarreko une horren eszenatokia izatea. 1937ko maiatzaren 21ean 4.000 haur euskaldun itsasoratu zituzten Habana ontzian, Erresuma Batuko Southampton helmuga izanik. Xedea haur horiek espainiar Estatuan hasi berri zen Gerra Zibiletik salbu mantentzea zen; asmoa, aldiz, haurrak berriz ere etxera itzultzea guda errepublikarrek irabaztean. 1939an iragarpen itxaropentsuekin akabatu zen eta Francoren diktadurapera bueltatu zen haurren gehiengoa, behintzat gurasoen babesera berriz ere. Baina orduantxe hartu zuen agur esateak inoizkorik eta kutsurik tragikoena, Erresuma Batuan zehar barreiatuta zeuden 250 haur euskaldun ez baitziren aberrira bueltatu, uharte arrotzaren semeak izatera igaroz.
Ume horiek, egun, laurogei eta laurogeita hamar urte bitartean dituzte, oroitzapen asko pilatzeko moduko bizi luzea. Euretako hamalauren bizipenak biltzen ditu ostiralean Zineuskadiren esku Gernika-Lumon estreinatu zuten To say goodbye (Agur esatea) animaziozko dokumentalaren euskarazko bertsioak. Izaskun Arandia produktore eta gidoilari tolosarraren ideia originala izan zen eta, berau gauzatzeko, gai historikoetan eskarmentu handiko Matt Richards zuzendari britaniarraren laguntza izan zuen.
Ikasketak Erresuma Batuan burutu zituen Arandiak, eta horrek bide eman zion gertakizun historiko honen inguruko jakingura pizteari. "Lau urte neramatzan honi buruzko informazioa biltzen fikziozko gidoi bat egiteko", kontatzen du tolosarrak. Internet bidezko miaketa egiten ari zela, Alicia Pozo Southamptoneko irakasleak egindako lanarekin egin zuen topo: Habana ontzia hartu eta Euskal Herrira itzuli ez zirenen testigantzen hainbat eta hainbat orduko grabazioak zituen.
Proiektuak beste norabide bat hartu zuen orduan eta lekukotasun horiek oinarri hartuta hasi zen garatzen. Unibertsitatearen baimena lortu zuten eta grabaketak aukeratzeari ekin zioten; "ingelesez zeudenak aukeratu genituen, hasieratik nazioarteko egitasmoa izatea nahi genuelako", dio Arandiak. Era berean, Richardsek animaziozko dokumentala egitea proposatu eta Arandiak segituan onartu zuen, bi arrazoi dela bide: batetik, ez zitzaien bidezkoa iruditzen adineko lekukoek filmaketa ordu luzeak egin behar izatea (horregatik erabili zituzten bospasei urte aurretik Pozok egindako grabazioak off ahots moduan) eta, bestetik, gazteak erakartzeko moduko "helduentzako animazio errealista" egin nahi zuten. Horretarako, animazioaz gain, garaiko artxiboko irudiak erabili zituzten; esaterako, Euskadiko Filmategiaren bidez lortu zituzten Santurtziko ebakuazioaren irudiak. Arandiaren esanetan, gakoa ikusleari zera gogoraraztean zetzan: "Animazioa oso polita den arren, kontatutakoa errealitatea izan zen".
Testigantzen artean hunkigarrienak iruditu zitzaizkienak hautatu eta hamalau bildu zituzten azkenean. Ondoren, gidoiari dagokionez ez zuten lan nekezik izan. "Konturatu ginen oroitzapen antzekoak zituztela: familiari agur esateko momentua, itsasontzian egindako bidaia, Southamptoneko kanpamentuan zeudela Bilbo erori zela kontatu zietenean...", adierazten du produktore tolosarrak. Une horiek kronologikoki kontatzea logikoa iruditu zitzaien.
'habana' ontzian zeharbidea Dokumentalaren estreinaldia Gernika-Lumon egitea ez da halabeharrez hartutako erabakia izan. Izaskun Arandiak argi izan zuen hasiera batetik: "Dena hasi zen Gernikan". Dokumentala bera ere 1937ko apirilaren 26an jazo zen Gernikako bonbardaketa kontatuz hasten da. Gertakizunak izan zuen oihartzuna nahikoa izan zen ebakuazio masiboa antolatzen hasteko. Handik gutxira, maiatzaren 21ean, Habana ontzia itsasoratu zen, zazpi eta hamalau urte bitarteko 4.000 haur erbestera eramanaz.
Hura izan omen zen gurasoek hartu zuten erabakirik zailena, eta Arandiaren esanetan, "nabariak ziren aitek eta amek zituzten ikuspuntu ezberdinak; lehenak pragmatikoagoak ziren bitartean, bigarrenak emozionalagoak ziren". Edonola ere, etorkizuna aurretik zutela esanez seme-alabak bidaltzea erabaki zuten askok. "Galdetzen nienean ea abandonu sentipena izan ote zuten baietz esaten zidaten; baina denborarekin, bere familia sortu zuten heinean, bere gurasoen azalean jarri eta haien erabakia ulertzea lortu dute", azaltzen du Arandiak.
Habana itsasontziak 800 bat pertsonentzako edukiera zuen; beraz, umeek guztiz metatuta egin zuten amesgaitzoko zeharbidea. Deserriaren berri izan zuenean, Francok La Cervera ontzia bidali zuen haurren itzulera eragiteko. Hori dela eta, Habanak buelta eman behar izan zuen, baina zorionez, kapitainak mayday deia egin eta Erresuma Batuko bi itsasontzi joan ziren haurrak erreskatatzera. "Oso esperientzia estuak bizi izan zituzten eta izugarrizko abentura izan zen haientzat", argitzen du tolosarrak.
euskal herria gogoan Erresuma Batuko gobernuak haurrak lagun-tzeko prestutasunik erakutsi ez zuen arren, britainiarrek euren ahalegina egin eta hainbat bolondres aritu zen lanean buru-belarri umeen ongizatea bermatzeko asmoz. Eastleighko kanpamendua izan zen lehen geltokia. Hortik, hilabete batzuetara, haur gehienak Euskal Herrira itzultzeko aukera izan zuten, gurasoak erreklamatuta. 250 umek, berriz, ez zuten senideen deirik jaso. "Kasu ezberdinak daude horien artean", kontatzen du Arandiak; guraso batzuk gudan hil zituzten, beste batzuk erbestera alde egin zuten eta beste zenbai-tzuk, Euskal Herriko egoera kaxkarra dela medio, haurrak Erresuma Batuan hobeto egongo zirela pentsatu zuten.
Uharte osoan zehar sakabanatuta hazi ziren ume euskaldun horiek. Denborarekin, pixkanaka, kon-taktuan jarri ziren familiarekin eta, harrezkero, gehientxuenek harremana izan dute Euskal Herriarekin. "Harro sentitzen dira euskaldunak izateaz eta beti jarraitu dute tradizioekin", dio tolosarrak. Arandiaren obsesioetako bat izan zen, preseski, dokumentalean parte hartu zuten lekukoak zuzenean ezagutzea. Oraindik ere haiekin harremanetan dagoela adierazten du. Agur esatea iazko Zinemaldiko Zinemira sailean aurkezteko aukera izan zuten. Hantxe bildu ziren ekoizpenean parte hartu zuten haurretako zazpi eta emanaldi pribatu batean ikusi zuten dokumentala. Oso hunkigarria izan zela gogora-tzen du produktoreak, haientzat eta baita beretzat ere.
"Kontatzen duguna orain dela 75 urte pasa zen, baina gaur egun ere gertatzen da munduan zehar dauden hainbat gatazketan", dio Arandiak. Izan ere, gerra egoera batean galtzen irtetzen direnak haurrak direla transmititu nahi izan dute dokumentalaren bidez.