Durango. Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiak orain zure txanda da esan zionetik, Jose Luis Lizundia (Iruñea, 1938) Eus-kaltzaindia egituratzen eta modernizatzen aritu da 1969az geroztik, buru belarri. Zortzi urte dira jubilatu eta euskaltzain oso izendatu zutela eta apirilaren bukaeran emeritua izatera igaroko da.

Euskaltzaindiko 'bizirauleetako' bat zarela diozu...

Hala da, bai. 1966an izendatu ziren

zenbait euskaltzain urgazle: o-raintsu hil den Xabier Lete, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Xabier Kintana eta ni. Ondoren, 1969an, orduko euskaltzainburu zen Jean Haritschelharrek orain zure txanda da esan zidan eta idazkariorde lanetan hasi nintzen lanean -gerokoa baita idazkariorde-kudeatzaile deritzon figura-. Jose Antonio Arana Martija gaixotu zenean, bere kargua -diruzainarena- hartzeko eskatu zidaten (2004. urtean), eta zortzi urtetan egon naiz zuzendaritzan ardura horrekin.

Badira zortzi urte, beraz, idazkariorde-kudeatzaile kargutik jubilatu zinenetik.

Jubilatu naiz, bai, baina ez naiz erretiratu oraindik (irribarre egiten du). Astiro-astiro, nire erretirada antolatzen ari naiz eta une honetan Euskaltzaindian dudan zeregin bakarra exonomastikaren arautze eta normalizazioan oinarritzen da, Onomastika batzordearen baitan.

Jubilazioak euskaltzain oso izendatua izatea ekarri du.

Euskaltzaindiko exekutibo edo langile bat ezin baita euskaltzain oso izendatua izan -boza daukate baina ez botoa-, eta neurri egokia dela uste dut. Egun, 24 euskaltzain oso gara, eta apirilaren bukaeran euskaltzain emeritua izatera pasako naiz.

Dena den, Euskaltzaindiari hertsiki lotua jarraituko duzu...

Bai, 1968tik 2004ra bitarteko Akademiaren historia biltzeko proiektua dela eta, Jasmina Gorroño Historian lizentziatua nire lankide dudala. Dagoeneko material ugari bildu eta sailkatu dugu, eta aurten 1989tik 2004ra arteko denboraldiari ekingo diogu.

Akademiaren modernizazioan zeresan handia izan duzu.

Lehenengo eta behin, parte hartu nuen Euskaltzaindiak ofizialtasuna lor zezan, 1966ko dekretura arte egoera alegalean baitzegoen. Aita Villasante euskaltzain buru izendatu zutenean, 1970ean, honek enkargatu ninduen zaharkiturik eta geldoturik zegoen Euskaltzaindia birrantolatzea eta bizkortzea. Niri egokitu zitzaidan korporazio egitura ematea, eta horrela eratu ziren egungo hiru eremuak: zuzendaritza, batzordeak eta ordezkari-tzak. Iker eta Jagon sail tradizionalak mantendu dira eta 79az geroztik barne-jardunaldien antolakuntzarekin batera, organigrama finko bat eratzea lortu genuen.

Zeintzuk dira Euskaltzaindiaren etorkizuneko erronka nagusiak?

Uste dut ekipo sendo bat duela bere egitasmoak aurrera ateratzeko, nonahi diren murrizketei ere aurre egin behar badie ere. Hizkuntzaren normalizazioan, atal garrantzitsu bat da normatibizazioa, eta hori Akademiari dagokio; beraz, horretan jarraitu behar du. Dena den, beti ari da berriztatzen, eta martxoan izango den 17. barne-jardunaldietan gaurkotze horri ekingo zaio baita.

Normalizazio horretan mugarri den Euskararen Legean ere eragile nagusietako bat izan zara.

Ni oso parlamentarista naiz -eta herri honetan beharbada minorian nago-, ofizialtasunak eskatzen duelako herritarren nahiak eta helburuak boletin ofizialean agertzea. Hori gertatu ezean ez da erreformarik egingo. Herritarren borondatea egongo da, baina ez normalizazioa. Lluis Ninyolles soziolinguista valentziarrak dioen legez, hizkuntza baten normalizazioa maila guztietan bermatu behar da hezkuntzan, hedabideetan nahiz administrazioan. Gogora datorkit Laura Mintegi EH Bilduren buruarekin berriki izandako eztabaida...

Zeren gainean?

Iazko abenduaren 3an, hots, Euskararen Egunean, hitzaldi bat eskaini nuen Gasteizko Legebiltzarrean, eta horretan gogoratu nuen Euskararen Legearen eratze prozesuan batzuk -HB- ez zirela busti. Mintegi hasi zitzaidan Nafarroaz-eta berba egiten eta nik azaldu nion: nafarrek gure laurdena hartuko lukete; eta Iparraldekoek, gure hamarrena. Esan nahi baita ezin dugula itxoin zazpiek lege bat adostu arte. Gainera, beste hizkuntza batzuek ez dute hori egin, gaelikoa, suomiera edo katalana kasu. Esaterako, Ipar Katalunian, Aragoin edota Balear Uharteetan katalanez egiten da, baina legeria ezberdinak dituzte. Txalogarria da Balearretako kasua, non katalanaren normalizazioa bermatuta dagoen. Adibide bat jar-tzearren, euren seinalizazioan katalanak lehentasuna du. Valentzian, aldiz, kontrakoa gertatzen da. Zergatik? Bada, Valentziako nahiz Nafarroako indar politikoen korrelazioa ez delako katalanaren eta euskararen aldekoa, hurrenez hurren. Parlamentuan egon behar da horretarako, hor egiten baitira legeak, Francoren denboran izan ezik, noski...

Zure artikulu bati jarraiki, euskarak ez du behar 'ez dopping-ik, ez eutanasiarik'.

Euskaren Legeak argi esaten du planifikazio egokia garatu behar dela zonalde bakoitzeko egoera soziolinguistikoaren arabera. Alegia, ez da berdin D eredu bat Lea-Artibain edo Ezkerraldean. Horregatik diot ezin duzula dopatu hizkuntza, heriotzako arriskuan jar dezakezulako. Era berean, ezin zaio eutanasia aplikatu, batzuk -Madrilgo neozentralismoa, edo gazteleraz, nacionalismo castellano barne- nahiko luketen moduan. Irakurrita daukat Finlandiako suomieraren normalizazioaz, eta Estatu propioa izan arren, 70-80 urte behar izan zituzten. Hortaz, guk ere pazientzia historiko bat behar dugu euskararen normalizazioa errotu dadin.

Euskararen Legearen ildotik, EiTB-ren sorrera ere, orain dela 30 urte, aipatzekoa da.

EiTB-ren legea onartu zen garaian parlamentarioa nintzen eta bere sorreran partu hartu nuen. Gauza bat azpimarratu nahi dut: euskararen normalizazioa EiTB-ren helburu nagusietako bat da, legez. Azken 11 urte hauetan Administrazio Kontseiluko kide izan naiz, baina hemendik ere erretiratzea tokatzen zaidala uste dut. Edonola ere, asmoa daukat Kontseiluan izandako denboraldiaren memoria bat egitea.

Eta ziur izango duzula beste egitasmoren bat esku artean!

Ez naiz soilik mugatzen hizkuntzalaritzara. 68ko belaunaldi famatua deritzona... guk ere izan genuen 68 eta inguru bat! Arantzazuko Ba-tzarra eta euskararen batasuna, ikastolen loraldia... Ez dakit adinak eta buruak emango didan baina nire asmoa litzateke 70 eta 80ko hamarkadetako kulturgintzan murgiltzea, eta horretan euskalgintza baita politikagintza ere barne har-tzen ditut, hori guztia hizkuntz politika baita. Izan ere, Euskal Herrian sektarioegiak izan gara. Gizarte integrista batetik gatoz, ez daukagu tradizio demokratiko bat. Baina gogoratu dezagun: Elizak behar ditu dogmak, ez ordea politikak.